Hemen zaude: Hasiera Albisteak Txapelik gabe itzuli dira herriko musikariak
Dokumentu Akzioak

Txapelik gabe itzuli dira herriko musikariak

2011/12/01

Ander Beldarrainek, Giranicek, Eli Huegunek eta Olatz Lizaso eta Intza Unanuek finalak jokatu zituzten azaroaren 26 eta 27an

Asteburuan hiru txapelketetako finaletan izan ziren Orioko hainbat musikari. Giranice taldea izan zen goiztiarrena, larunbatean, azaroaren 26an, jokatu zuten Bilbo Hiria lehiaketako finala. Ander Beldarrain Zaldibarren izan zen 21. Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketan, Eider Iraola panderoarekin lagun zuela, azaroaren 27an, igandean. Olatz Lizaso eta Intza Unanue ere igandean lehiatu ziren Gipuzkoako kantu txapelketako finalean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Julen Alonsok pianoarekin beren kantuari doinua jartzen alboan zutelarik. Eli Huegunek txapelketa berean hartu zuen parte baina bakarlari bezala.

Giranice hirugarren izan zen finalean eta finala ikusten izan ziren herritarrak ez ziren gustura geratu epaiarekin. The free fall band Bartzelonako taldeak irabazi zuen lehiaketa, baina oriotarrak gustura daude egindakoarekin, halako lehiaketa batean ez baita erraza finalera iristea.

Ander Beldarrain txapeldunorde izan zen Zaldibarren eta oso gustura zen lortutako emaitzarekin. Urtetik urtera gora egiten ari da trikitilaria eta panderoa jotzen lagun izan zuen Eider Iraolak hirugarren urtez jarraian pandero-jole onenaren saria irabazi zuen.

Eli Huegun bakarlari bezala aritu zen Gipuzkoako kantu txapelketan eta ez zuen aipamen berezirik jaso. Halakorik jaso zuten Olatz Lizaso eta Intza Unanuek ordea. Bigarren izan ziren bikoteka, Julen Alonsok pianoan lagunduta. Txapelketako finala jokatu aurretik faboritoa zen bikotea izan zuten aurretik, nahiz eta diferentzia nabarmenik ez izan kantatzerako garaian.

Giranicen kontzertuaren bideoa eta Olatz Lizaso eta Intza Unanuek kantatu zuten unekoa aurkitu ditugu sarean eta hemen jartzen ditugu zuek ikusi ahal izateko:

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

Txapelik gabe itzuli dira herriko musikariak

Intza Unanue, Olatz Lizaso eta Julen Alonso, zutik, saria jaso eta gero.