Hemen zaude: Hasiera Albisteak Txomin Iribarrek jarraituko du Babes Lekuko presidente
Dokumentu Akzioak

Txomin Iribarrek jarraituko du Babes Lekuko presidente

2010/01/21

Estatutuak aldatuta, elkarteko kide izateko baldintzak zabaldu zituzten

Atzo, urtarrilaren 20an, asteazkenarekin, Zaharren Babes Lekukoen urteko ohiko batzarra eta ez-ohiko batzarra egin zituzten, 17:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Txomin Iribar eta zuzendaritzako gainontzekoez gain, Jon Redondo alkatea eta Noemi Ostolaza Udaleko gizarte politika batzordeko burua ere izan ziren batzarrean, eta kultur etxea Babes Lekuko kideez lepo bete zen.

Lehenengo, presidenteak ongi etorria eman zien bertaratutakoei eta, une honetan, 799 sozio direla esan zuen. Agurraren ondoren, 2009ko urtarrilean egindako ohiko batzarreko akta onartu zuten aho batez.

Jarraian, 2009ko ekintza ekonomikoen balantzearen berri eman zuen Rogelio Perez diruzainak. Guztira, diru laguntzetatik, sozioen kuotetatik, urtean eginiko ekintzetatik eta abarretatik, 79.961 euroko diru sarrera izan zuten eta, aldiz, gastuak 79. 610 eurokoak izan ziren. Beraz, urteko irabazia 351 eurokoa da. Gero, kutxako kontuen errepasoa egin zuten eta, denera, 15.641,48 euro dituzte aurreztua. Aho batez onartu ziren kontuak ere.

Kontuak garbi, alkateak hartu zuen hitza. Iaz agindutakoa bete duela esan zuen, Zaharren Babes Lekuko sarreraren parean arranpa jarrita baitago dagoeneko eta kultur etxe atzeko igogailua ere martxan dago. Kalean jartzekoak ziren komun publikoetako bat ere, Abaromendikoa, laster irekiko dela esan zuen, azken ukituak eman ondoren. Gainera, jakinarazi zien, kirol ariketak egiteko makinak jarriko dituztela laster zaharrentzat, Dikeko parkean eta, gero, kiroldegi ondoan.

Ondoren, Txomin Iribar presidenteak hartu zuen hitza, elkarteko presidente berria hautatu behar zelako. Inork kargua hartu nahi ez zuela-eta, kexu agertu zen. Gustura egin dut lan nik, baina oso nekatuta nago eta norbaitek erreleboa hartzeko garaia da, adierazi zuen. Jendeak txalo artean hartu zituen Txominen agur hitzak, jarraitzeko erregutu zioten askok eta, azkenean, onartu zuen beste bi urtez jarraitzeko ardura. Baldintzak jarri zituen, ordea, izan ere, jendeak dituen kexak eta ardurak zuzenean berari azaltzeko eskatu zuen eta antolatzen diren ekintzetan ere laguntzeko jende gehiagok azaldu behar duela. Jendeak baietz esan zuen eta, orain, Txominek zuzendaritza batzorderako hiru kide hautatu beharko ditu, batzuek bukatu baitute beren zikloa.

Ohiko batzarra bukatuta, ez-ohikoari ekin zioten. Bertan, 1988an onartutako estatutuetan aldaketa bat egitea proposatu zen, baita aho batez onartu ere. Hemendik aurrera, aurre-jubilatutakoek ere Zaharren Babes Lekuko kide izateko aukera izango dute, baita senarra edo emaztea jubilatuta dutenek eta ezintasunagatik edo alargun izateagatik pentsioa jasotzen dutenek beren bikotekidearekin batera. Zaharren Babes Lekuan kabituko ote ziren galdetu zuen batek, baina ez zitzaion garrantzirik eman eta aho batez onartu zen estatutuen aldaketa.

Bukatzeko, galderen txandan, Zaharren Babes Lekuko sarreran, barruan, panel edo horma bat egiteko eskatu zioten alkateari, atea irekitzean haize gehiegi sartzen baita mahaietara. Alkateak gaia bulego teknikoarekin aztertuko zuela erantzun zuen, baina ez zuela arazo handiegirik ikusten ez egiteko.

Bilera bukatuta, irteeran, bertaratutako kide bakoitzari txartel bana eman zitzaion, urtarrilaren 23an, larunbatean, Zaharren Babes Lekuan egingo den hamaiketakorako gonbidapen gisa.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea