"Ustekabean harrapatu gaitu gure ontzia –Berriz Gure Naia– ez desegiteko deiak"-Asier Uranga
Lanak gelditzeko eskatuz, presazko mozioa sartu du gaur Udalean Orioko Eusko Alkartasunak
Orioko herritar talde batek Berriz Gure Naia ontzia ez desegiteko deiak ustekabean harrapatu ditu itsasontziko armadorea eta familia. Hala adierazi digu armadorearen seme Asier Urangak. Urangaren hitzetan, ontzia desegiteko azken epea hurbil dute eta hainbeste denboran geldirik egon den ontzia bizirik mantentzeko ekintzak azken orduan etorri dira: ez dugu berria aztertzeko denborarik izan eta ez gaude, momentuz, behintzat, iritzirik emateko moduan.
Bestalde, Orioko Eusko Alkartasunak presazko mozioa sartu du gaur goizean bertan Orioko Udalean, besteak beste lanak berehala gelditzeko eskatuz. EAko presidente Juan Gorostegik bertan adierazten duenez, Berriz Gure Naia ez bada berreskuratzen, gure izaera, arrantzaleek urteetan egindako ahalegina eta ehun urtetako gure armadoreen historia pixkanaka-pixkanaka galtzen ikusiko ditugu, oroitzapen edota lerro batzuetara mugatu arte. Mozioa osorik irakurtzeko klikatu hemen.
Telebista bidez
Herenegun zabaldu zen Berriz Gure Naiaren patua herrian, euskal telebistaren albistegiaren bitartez. Berria berriz lerrootara ekarriz, Orioko egurrezko azken arrantza-ontzia da Berriz Gure Naia eta azken urtean zain egon ondoren, Arostegi tailerraren aurrean dago, desegiteko zain. Hori ikusirik, herritar talde bat, ontziari beste erabilera bat emateko lanean ari da, museo edota turismora edo aisialdira bideratutako ontzi bihurtzeko eskatuz. Orduz geroztik hainbat kultur elkartek, prentsak… agertu dute berriarekiko beren interesa.