Zaharren Babes Lekuak ohiko eta ez-ohiko batzarrera deitu ditu bazkideak
Urtarrilaren 20an izango dira biak, kultur etxean, 17:00etan hasita
Urtarrilaren 20an, asteazkenarekin, ohiko eta ez-ohiko batzarrak egingo ditu Orioko Zaharren Babes Lekuak, bata bestearen atzetik, kultur etxean.
17:00etan hasiko da lehena, ohikoa. Iazko urtarrilaren 14an egindako Batzar Nagusiaren Akta irakurri, ekitaldi ekonomikoa nola itxi den azaldu, 2009ko balantzea egin eta aurtengo informazio orokorra zabaldu ondoren, presidente berria hautatzeari ekingo zaio.
Presidente-gai izan nahi duenak ondorengo baldintzak bete beharko ditu:
- Zaharren Babes Lekuko bazkide izan behar du.
- 2010eko urtarrilaren 13a baino lehenago egungo Zuzendaritza Batzordeari jakinarazi beharko dio, iragarki taulan jarriko den orrian izena emanez.
- Hiru bazkide aukeratu beharko ditu, Zuzendaritza Batzordea osatzeko.
Ohiko batzarra bukatuta hasiko da ez-ohikoa, gai bakarrarekin: Estatutu berriei dagokien zuzendaritzaren proposamena aztertuko da. Bazkideren batek estatutu hori irakurri nahi badu zuzendaritzara jo beharko du.