Hemen zaude: Hasiera Blogak Aralar
Dokumentu Akzioak

Aralar

Korrikaren mezua

Korrika bukatu da. Iritsi zen Gasteiza eta han irakurri zuten Euskal Herri osoan zehar herriz herri ibili den lekukoaren barruan zegoen mezua. Pirritx eta Porrotx pailazoena zen, gurasoei zuzenduta zegoen eta honela zioen gutxi gora behera: euskaraz dakizuenok egizue euskaraz zuen artean, haurrek zer ikusi hura ikasi egiten baitute, eta zuen artean erdaraz egiten baduzue, haurrek etorkizunean horrela egiteko arrisku handia baitago.

Korrika pasa den herri gehienetan jende asko ibili da korrika, euskararen alde. Orion ere jende asko zen bai korrika bai albotik txaloka, denak euskararen alde. Elkarteak ere asko izan ziren kilometro bat edo erdi bat erosi eta euskararen aldeko atxikimendua erakutsi zutenak, dirua ere emanez. Korrika egin, txalotu eta dirua eman. Dena ondo. Orain bakarrik falta da euskarak benetan behar-beharrezkoa duen bakarra egitea: erabiltzea, hitz egitea. Izan ere, euskara, xaboia ez bezala, zenbat eta gehiago erabili orduan eta handiagoa egiten da.

Ongi etorri euskarara zioen aurtengo edizioaren lelo nagusiak, euskaldun berrientzako esker onez, haiei nolabaiteko omena eginez. Orion euskara ikasten ari dira herrira etorri berriak diren berrogeitik gora oriotar berri. Haietako batzuk korrika etorri ziren Txankatik herrira, eskuetan lekukoa hartu eta elkarri pasaz, euskararen berreskurapeneko korrikaldiarekin bat eginez. Herriko paretetan, meskitakoen txartelak ikusi genituen: meskita ere korrikaren alde. Ematen du haizea alde dugula. Orain hori gure alde erabili beste erremediorik ez dugu eta txanpa jo. Etorri berri horiek inoiz euskaraz zertxobait egingo badute, edo gutxienez ulertzera iritsiko badira, izango da bertakook haiei motibazioa ematen badiegu, haiengan nolabaiteko euskararen beharra sentiarazten badiegu. Eta horretarako beste modurik ez dago, maitasunez eta samur, baina ahal duten neurrian haiei euskaraz eginez, eta batez ere, Pirritxek eta Porrotxek gurasooi esan ziguten bezala, gure artean euskaraz eginez, guraso eta ez gurasoek. Bestela jai dago.

 

Aralar 2009/04/08

Festak

Aurrekoan gauza txikiek batzuetan hartu ohi duten garrantzi handiaz idatzi nuen. Festa ere garrantzi handiko kontua da herri baten martxan. Iaz, 2008an, herrian izan dugun zenbait festaren aipamena egin nahi dut ale honetan.

Gauza txikien kasuan bezala ekitaldi positiboak aipatzen segitzeko, festen kasuan ere zer iruditu zitzaidan ona huraxe ekarriko dut gogora, nahiz eta gai honetan ere denetik izan dugun herrian, oso onetik oso txarrera, betiere nire ikuspegitik aztertuta. Nik festari, festa izateko, eta gainera festa ona izan dela esateko, bi ezaugarri eskatzen dizkiot: parte hartzailea eta sortzailea izatea. Herri bateko festak, festa izango bada, aukera eman behar die herritarrei parte hartzeko, eta bakoitzak bere alorrean zerbait sortu eta besteei erakusteko. Eta, zorionez, bi ezaugarri horiek ederki bete dituzten festak iza genituen iaz Orion. Gogoratzen hasita, sanikolasak datozkit burura, eta Goiko Kaleko festak, edo abenduaren 27an, urtea amaitzeko, eguerdian izan zen aurtengo kirolzale festa eta gauean izan zen Herribil izenekoa. Estropada-egun batzuetan plazan izandako Orion Jai horietako batzuk ere ondo egon dira, eta gazteek irailaren bukaeran antolatutako festa ere eredugarria izan zen, alderdi askotatik begiratuta. Eredu txarrak beste baterako utzita, horiekin geratuko naiz, urte hasierari zapore ona emateko.

Iñaki Iturain

Aralar 2009/01/18

Ekintza txikien garrantzia

Politika lanean gai handiak, potoloak, erabiltzen ditugu askotan: azpiegiturak, eraikinak, etxebizitzak… Blogeko sarrera honetan gai handi horietatik urrundu eta txikietan jarri nahi dut arreta. Bi gai aipatu nahi ditut, batez ere; biak txikiak dira itxura batean, eta biak handiak, izan lezaketen eraginean, baldin biotan islatzen den pentsaera hedatuko balitz.

Batetik, Goiko Kaleko festen antolatzaileek iaz bigarren eskuko liburuen azoka jarri zuten, liburu asko eta era askotakoak, debalde, eskuragarri nahi zuenarentzat. Bi aukera eskaini zituzten horrela, hartzeko eta emateko, jende askok egokiera izan baitzuen zakarrontzira bota gabe etxetik atera nahi zituen liburuak ondo bideratzeko, liburuari bigarren aukera emateko.

Bestetik, herritar bati bururatuta, Udalak egunero erosten dituen egunkariak orain, lehen ez bezala, kultur etxeko liburutegian egoten dira arratsaldean, herritarren eskura. Egunkariek ere bigarren aukera dute, eta herritarrek udaletxeko funtzionario eta politikariek bezalakoxea.

Bi ekintza txiki, biak balio handikoak, biek distribuzioan asmatzen dute, banaketan, zabalkundean. Eta ni nago horixe dela gure munduak gaur egun duen arazo nagusia: distribuzio txarra, banaketa negargarria. Eta horretan asmatuz gero, hori ondo egingo balitz, konponduta leudeke munduko arazo mingarri asko, besteak beste, nagusia: gosea. Horixe bera azpimarratu ziguten, beste gauza askoren artean, udazkenean gure artean izan genituen Hego Amerikako zenbait herritako ordezkariek, iazko urtean zehar Oriok izan zuen ekitaldirik ederrenetako batean.

Iñaki Iturain

Aralar 2009/01/16

Heriotza

Itsas txoriek ez dute arazorik izaten lehorrera etortzeko, itsasoan barrena oso urruti egonda ere. Senak ekartzen ditu. Baina zerbaitengatik txori horietako batzuk sena galdu eta noraezean hasten dira. Lehorrera itzuli nahi, baina okerreko bidea hartu eta, larritasunak eraginda, azkartu egiten dute hegaldia, okerreko bidetik, eta hegazkada bakoitzean urrutiago daude helburutik, zenbat eta urrunago lehorreko kabitik orduan eta hurbilago itsasoan betiko itotzetik.

Bernardo Atxagak aspaldi erabilitako metafora ekarri dit gogora azken hilketak. Atxagak ere zentzurik gabeko hilketa hauek salatzeko erabili zuen. Lehengoan Fermin Muguruzak ETBn esanda dakit Mikel Laboarekin batera kantatu zutela biek Ernest Lluch-en hiketaren kontra antolatutako jaialdian. Gaur bertan, ostirala, honelako galderak egiten ditu Anjel Lertxundik Berrian: “Zertarako, ez baldin bada soil-soilik beste hildako bat eransteko orain arteko zerrendari? Zein jainko uste du dela nork inori ordua iritsi zaiola erabakitzen duenak? Zerk minbizitzen du sen naturala, metastasia gure gorputz sozial osora barreiatzeraino?”. Benitok aspaldi iragarri zuen: “zer egingo degu? Alkar hil” eta oraindik horri erantzuten segitzen du, kontzertuz kontzertu, ahotsa urratu arte: “hori ez, hori ez…”.

“Azpeitian ahalegin handia egin dugu politika aurrerakoiak abia zitezen adostasunak lortzeko, baina ETAk zapuztu egin du ezkerrekoak eta abertzaleak sentitzen garenon elkarlana”; horixe adierazi du Azpeitiko udaletxeko Aralarreko zinegotziak, udal gobernua uzteko hartu duen erabakia azaltzean, “herrigintzarako lanean ez dugu onartuko inondik inora esku-hartze militarrik.”

Abiadura Handiko Trenaren kontra diharduten hainbat talde ekologistak garbi adierazi dute haien borrokak ez duela onartzen hilketarik, helburuak ez duela zilegi egiten inola ere heriotza dakarren ekintzarik eta, gainera, jendea urruntzeko besterik ez duela balio.

Atzo, ostegun eguerdian, lan ordua zela, ehunka oriotar elkartu ziren plazan isiltasunaren bidez hilketa gaitzesteko.

Zein bestek esan behar dizue aski dela? Noiz konturatuko zarete Itaka urruntzen ari dela ekintza horietako bakoitzean, sena galduta, okerreko bidetik, urruntzen ari garela askatasunetik eta independentziatik?

Heriozko jokabide honetan sena Paris baino askozaz ere urrunago dagoela ematen du, txoria bezala, gu bezala.

Iñaki Iturain

 

Aralar 2008/12/05

Lau indigena amerikar Orion

Aspaldiko hilabeteotan Orion izan den ekitaldi interesgarrienetakoa, Jon Sarasuak bideratuta, Hego Amerikako lau herri indigenatako ordezkari banak udaletxean eman ziguten hitzaldi hunkigarri eta gauza askotan argigarria izan zen. Europako herri indigena honetan, Euskal Herrian, eman ziguten hitzaldi haren entzuleetako batzuek uste dut ederki konektatu zutela amerikarrek ekarri zizkiguten kezka eta mezuekin.

Sarasuak idatzi guztiz interesgarri bat du idatzia, Hego Amerikako nazio horietako batzuetan egin zuen egonaldi batetik bueltan zetorrela (eginaldi hitza hobeto letorke egonaldia baino hemen), paperean jarri zituenekin osatua eta Larrun aldizkariak argitaratua. Beste gauza interesgarri askoren artean, hauxe dio Sarasuak herri indigena horietako komunitate txikietan duten antolaketa politikoaz:

“Autoritate komunitarioak. Oraindik indarrean daude, hirietan ez, baina komunitateetan ez dute inoiz beren lekua galdu, konkistatik hona jaitsita baldin badago ere. Autoritatea, haien hitzetan, ez da boterea, txandaka bete beharreko erantzukizun sozial bat baizik. Familia bakoitzeko gizonari, edo ondorengoari, txandan tokatzen zaio ardura hori hartzea. Horretarako, baldintza batzuk behar dira: ekoizpenean emankorra izatea (hori baita herriaren lehen oinarria), jokaera moral egokia eta komunitatearen errespetua izatea. Horrek bultzatzen ditu kulturalki jokaera horiek garatzera; eta autoritatearen ardura errotazio moduan bizitzea, zerbitzu soziala izateaz gain, ikasketa da guztientzat.

Komunitateko autoritateari dagokio bizitza ona ziurtatzea, produkzioaren koordinaziotik hasita justiziaraino. Justizia zigortzailearen ordez justizia konpontzaile eta hezitzailea dute helburu, jokaera desegokiak komunitatean bertan kudeatuz.”

Europarrok joan ohi gara haiengana erakustera, gurutzea eta ezpatarekin garai batean, modu zibilizatuagoan orain. Baina gure herri txiki honen antolaketa politiko partidista honen barruan, udal politikan ahaleginean diharduen honek, nik alegia, ez dakit ba amerikar haiek ez ote duten politikaren antolaketaz gehiago guri erakusteko, alderantziz baino.

Iñaki Iturain

Aralar 2008/11/21

Beste saiakera bat

Arrazoi du KARKARAko zuzendariak: aspaldian isilik gaude web honetan aldiro-aldiro zerbait idazteko konpromisoa hartu genuenok

Arrazoi zuen baita ere, nire ustez, hori zerk ekarri duen azaltzeko eman zuen arrazoian: anonimotasunaren inpunitatean ezkutatuta, edozeinek bota zitzakeen eta batzuek bota zituzten gordinkeria baldar eta mingarriak. Barren handia behar da, hori hor dagoela, hor sartzeko. Dena galtzekoa dagoenean inor ez da arriskatzen. Ideien truke libre eta eraikitzailea ona da web honetan sartzen direnentzat, eta truke hori ematen bada, merezi du arriskatzea eta lan hori hartzea. Baina erantzuna pertsonaren kontrako irainak baldin badira, hitzen bidez emandako argudioak alde batera utzita, honek ez du atarramenturik. KARKARAko zuzendariak arriskatu gaitezen konbitea egin digunez, beste saiakera bat egingo dugu. Laster arte.

Iñaki Iturain

Aralar 2008/11/20

Orion, pixka bat no es mutxo

Larunbat eguerdia da, uztailak 5, Orioko hondartzan nago errioaren bestaldera begira. Festagune erraldoi bat ikusten dut, jende asko hartzeko prest dagoena, zain. Itxita eta hutsik dago. Ikuskizunak “oesteko” pelikuletako herri fantasma hutsak ekartzen dizkit gogora. Eguraldia ona da, lanbrotsu dago, baina epel eta ateri. Eta esan berri didate ekitaldia bertan behera utzi dutela, gaur eta bihar han ez dela festarik izango. Eguraldiagatik omen da, baina ez du ematen eguraldiagatik izan daitekeenik. Arrazoi bila hasita, pentsatzen dut atzoko egunak ez zuela arrakastarik izan, festa-gunea erdi hutsik egon zela eta horrek eraman dituela antolatzaileak erabakia hartzera. Jakin ez dakit.

Nolanahi ere, kasua xelebrea iruditzen zait. Errioari porlanarekin kendutako eremu izugarri handi hori, arrantza-portu izateko egina omen zena, egin zenetik ezertarako ere balio izan ez duen lekua, nola bataiatuko eta horrela: txalupa, autobusa eta tren txu-txua jendea eramateko, debalde, sarrera ere doan. Milioi askoko gastua. Dena prest milaka jende hartzeko. Eta, lehenengo egunean, ehunka batzuk besterik ez. Bigarrenean, itxita. Barruan, Coca Cola, DV, Teledonosti, Lagun Aro eta Euskaltelen bandera erraldoiak mezua nori iragarri ezinik. Coca Colak eta perrito calienteak zain, nork edango eta jango. Eta isiltasun hartan, bezperako zarataren oihartzuna: bozgorailuetatik, ia denbora guztian espainolez ari zen esatariaren jardun zaratatsuarekin tartekatuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikakoen “pixka bat es mucho” kanta. Esatariak, esan beharreko guztia erderaz esan ondoren, pare bat hitz, ingelesez eta euskeraz: “we are in EusCalifornian gaude”.

Antolatzaileek esana ziguten aldez aurretik zenbat elkartuko ginen festan: 15.000 lagun; festaren aurkezpenak erderaz eta euskeraz izango zirela ere bai. Batean kale, bestean ere bai. Porrot. Mezua iragarri bai: “pixka bat es mucho”, baina ez dute ikasi. Horri kasurik egin gabe, pixkanaka joan gabe, askotik hasi nahi izan dute festa, muchotik. Ez dakite tontorrera korrika eta presaka doanak amiltzeko arrisku handia duela. Handinahia, horixe gertatu da, handikeria. Oriora EusCalifornia ekarri nahi izan dute; horretarako, neurria, estiloa eta hizkuntza batere egokitu gabe, Orion esaldi hori alderantziz esan beharko litzatekeela jabetu gabe, OriOn “pixka bat no es mucho”. Gaiak gogoeta eskatzen du.

Iñaki Iturain

Aralar 2008/07/07

Karkara.com web gune honen gainean hitz batzuk

Aspaldi ez dut ezer idatzi blog honetan. Gogogabetuta ibili naiz; dena zeharo alde batera uzteko tentazioa eta gogoa ere izan ditut. Sartu nuen azken idatzia politika-gai batzuei buruz nire iritzia modu zakarrean eskatzen zidan bati eman nion erantzuna izan zen; esan nion nik ez niola erantzungo zakar eta anonimatuan ezkutatuta idazten zidan bati.

Horixe izan da blogetik atzenduta eduki nauen arrazoietako bat: anonimoek beren buruari ematen dioten eskubidea, nahi dutena nahi duten bezala esateko, irainak eta guzti; eta horren aurrean web gune honen ardura dutenek erakusten zuten jarrera. Hori, jarrera hori, aldatu egin da, neurri batean, eta, gutxienez, anonimo iraingarrien kontrako aldarria egin dute. Edozer ez da zilegi, gauza batzuek min handia egiten dute, eta ez dakarte ezer onik, eta herri honen ibilian arrasto oso txarra utziko lukete. Batzuk dagoeneko hasiak dira izen-abizenekin sinatzen eta zoriondu egin nahi ditut. Nik Mikel Aranzabal eta Iñaki Gurrutxaga ikusi ditut. Zorionak biei!

Baina izan dut beste arrazoi bat ere web gune honetatik urruntzeko: blogari batzuek aukeratzen dituzten gaiek gehienetan ez dute zerikusirik Oriorekin, ez dute inolako gertutasunik; berdin-berdin atera litezke, Orion, Bilbon edo Baionan. Egiten duten bakarra da artikulu bat nonbaitetik kopiatu eta hemen itsatsi, guretzako inolako balio erantsirik eman gabe. Zer irabazten dugu horrekin blog hauen irakurleok? Azkenean, nazkatu egingo gara. Eta kontu honetan ere web gunearen arduradunek badute erantzukizuna. Blogen sarreran esana dago zein den helburua, hitzez hitz: “Herritar batek, talde batek, elkarte batek... edozeinek du zeresana herriko kontuez. Eta horretarako aukera eman nahi dizue Karkarak.”

Hori bada helburua, hori lortzeko bitartekoak ere jarri beharko dira, ba! Alegia, hori egiten ez duenari hori esan egin beharko zaio, ba! Ni horretan ari naiz orain.

Zertara dator karkara.com-eko blog batean alderdi politiko batek Madrileko parlamenturako hauteskundeetako bere hautagaien propaganda egitea? Niri tamalgarria iruditzen zait, eta zabarra; seguru asko, beren interesetarako kaltegarria, gainera. Horrek ez luke tokirik izan behar horrelako blog batean.

Bertsoak plazaratzen dituen bloga ere ez zait gustatzen. Maitasunez eta samur esan nahi diet hori egileei, bertsozaletasunetik; baina Leitzan, Markinan eta Orion berdin-berdin balio dezakeenak ez dio aparteko ekarpenik egiten Oriori eta alde horretatik ez da positiboa. Nik uste dut herrian bertsozaletasuna suspertzeko, zerbait bertakoagoa egin beharko litzatekeela. Adibidez, Orioko eta Aiako bertsolarien bertsoak jarri, aukera zabala dago. Eta hori baino are biziagoa litzateke oraingo gaiei orain jarritako bertsoak plazaratzea. Ez txarrera hartu, mesedez.

Proposamena nirea denez, nik abiatuko dut bide hori, ea gauza garen aurrera egiteko, nik uste dut hori interesgarriagoa dela. Bertso batzuk jarri dizkiot gure prentsari. Horra:

Berria egunkaria

omen da partziala,
Jaurlaritzak esan du
ez dela zabala,
berak esan dezala
zein den inpartziala
edo bestela hobe bat
atera dezala.

Orion ere gaia
lantzen ari gara
ta nire iritzia
esango dut, hara:
bada aldizkari bat
izena KARKARA
aspaldi irten zena
herriko plazara.

Eajotak sortu du
beste bat Orion
eta denok dakigu
ze usain darion
herriari dirutan
zenbat kosta zaion
ta parte hartzeari
ze gutxi eman dion.

Iñaki Iturain

Jabier Zabaleta 2008/03/04

Markel Olano Diputatu Nagusiaren bisita Oriora

“Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak bisita egin du Oriora, alkatearekin eta zenbait zinegotzirekin bilkura egin du udaletxean, han herriaren egoera eta Udalaren egitasmoak azaldu dizkiote”. Horixe zen albistea, abenduaren 27an Hitzak zekarrena. Informazioa argazki batek osatzen zuen, albistearekin batera zetorrenak: zinegotziak lau ziren, EAJko laurak (alkatea barne).

Albistea abenduaren 27an plazaratu zuen Hitzak, eta ez 28an. Hala izan balitz, 28an kaleratuta, ez nuen inola ere sinistuko, “inuxentekeria earra sartu nahi ziguk Hitzak” esango nuen; KARKARAk Jose Luis Korta berriro Oriora datorrela esanez zabaldu zuenari bezalakoxe sinesgarritasuna emango nion nik Hitzakoari. Baina 27an plazaratu zen albistea, eta egia zen.

Honela ere etor zitekeen albistea: “gipuzkoar guztion Diputatu Nagusia omen den Markel Olanok bilkura egin du oriotar guztien alkate beharko lukeenarekin eta haren partiduko hiru zinegotziekin, oriotar guztiena den udaletxean”; titulu eta guzti: “Olano, hola no”.

Debate polita legoke berriro ere albistea emateko bi modu horietatik zein litzatekeen desegokiena. Baina kazetaritza-ariketak alde batera utzi eta politikari helduta, uste dut jokaera hori ez dela modurik egokiena Diputatu Nagusi batentzat eta alkate batentzat urte politikoa bukatzeko.

Markelek eskubide osoa du Jonekin eta EAJko gainontzekoekin nahi duenean nahi duen tokian elkartzeko eta nahi duenaz hitz egiteko. Batzokia toki egokia izan liteke horretarako, oso batzoki ona daukate gainera zeregin horietarako.

Baina Gipuzkoako Diputatu Nagusiak bisita egin Oriora, herriko alkatearekin bilkura egin udaletxean, bertan Udalaren egitasmoez hitz egin eta bilera horretara alkatearen partiduko zinegotziak eta argazkia egiteko kazetaria beste inor ez konbidatzea…, eta gainontzeko zinegotziak kazetariaren bidez jakitea bisita horren berri… Ningunear esaten zaio erdaraz, inorestea euskaraz. Giza balioen zerrendan zenbatgarren tokian dago korporazio kideak inorestea?

Hori, gutxien-gutxienez, ez da ezkontzen inondik ere alkateak elkarrizketetan-eta aipatzen dituen giza balioekin eta gertutasunarekin, ezta aniztasunarekin eta giro ona landu nahi izatearekin ere.

Orioko Udalak 11 zinegotzi ditu, haietako zazpi baztertuak izan ziren, nahita, bilera horretatik, eta bide batez baztertuak izan ziren baita ere, modu sinbolikoan, zazpi horiek ordezkatzen dituzten herritar guztiak, oriotar gehienak.

Hanka sartzeak denok egiten ditugu. Aurrena, ni neu naiz, horretan. Hastear dugun 2008a hobea izango ahal da guztiontzat! Baita giza balioak eta gertutasuna landu eta indartu nahi dituztenentzat ere! Urtea kantari bukatuko dugu: “zenbat gera, lau, bat, hiru, bost, zazpi? Edo hamaika?

Urte berri on, guztioi! lauroi, zazpiei, hamaikoi eta denei!

Iñaki Iturain

Aralar 2007/12/31

Debate interesgarria azken KARKARAn

Azkenaldi honetan oso debate interesgarria ari da gertatzen oriotarron artean, interesgarria bezain aberasgarria. Gaia informazioaren ingurukoa da: askatasuna, manipulazioa, zentsura, kalitatea…, eta oso gauza politak irakurri ditut. Horren erakusgarri izan da KARKARAren azken aleko iritzi atala. Hori oso pozgarria da. Eta seguru asko, neurri batean, KARKARAren urtetako lanaren eraginez etorria.

Azken KARKARA horretan entzun dudan polifonian oso ahots ezberdinak zeuden, eta emaitza aberatsa zen.

Horrexegatik nago, hain zuzen, KARKARAren alde, eta Orioko Plazaren kontra: batean jende askok idazten duelako, bestean bakarrak; batean ideien arteko talka gertatzen delako, bestean ideia denak ildo batekoak direlako; bata egiteko jende asko jartzen delako pentsatzen eta gero idazten, bestean, berriz, talde bakarra.

Azken KARKARAn, Jokin Salsamendik ere, maisuki, ironia modu gozagarrian erabiliz, KARKARAren alde egiten du, baina batez ere pentsatzeko eta idazteko askatasun pertsonalaren alde. Jon Redondok ere artikulu interesgarria idatzi du, kritika erraza egitearen kontra jo du, adieraziz informazio kontrastaturik izan gabe batzuek egiten dituzten kritikek ez dakartela gauza onik. Patxi Urangak KARKARAko kazetarien lana aztertu eta defenditzen du. Saiatzen da iritzia eta informazioa bereizten, esanez iritzia sinatuta joan ohi dela, eta sinatutakoetan esandakoak sinatu duenaren erantzukizunpean doazela.

Gauza batean ez nago konforme Redondorekin: kritika egin behar da; hori sanoa da, eta beharrezkoa, eta politika gaietan ere bai, jakina. Horri ez zaio beldurrik izan behar, politika guztiona da, eta guztioi dagokigu. Problema sortzen da ezizen batekin sinatzen dutenen artikuluekin. Paperezko KARKARAn arazoa ez da horren handia, aldizkariaren arduradunek badakite-eta ezizenaren atzean dagoena nor den. Baina interneteko KARKARAn anonimatua erabatekoa da, eta, hor bai, hor arazoa handia izan liteke, batzuk anonimatuaren inpunitate horretatik zuzenean min ematera doazelako, doako irainak jaurtiz, eta azken egunetan elkarri mehatxu egitera iritsi dira. Dagoeneko problema izan da KARKARAkoentzat ere; hauek iritsi dira mezu anonimo horietako bat saretik kentzera. Norbaitek esan lezake zentsura egin dutela. Ondo egin al dute? Askatasuna norainokoa da? Dena libre al da?… Debate polita dago.

Azken KARKARA honetan ere izan dira gauza batzuk ezizenean ezkutatuta atera direnak. Nire harridurarako, bertsoak joan dira horrela. Eta, hara, nik badakit, seguru, bertso horiek irakurrita, batzuk minduta sentitu direla. Munduko beste toki batzuetan antzeko gauzak idazteagatik hiltzera iristen dira (gogoratu Shalman Rushdieren kontrako mehatxuak). Nik, nire eskuetan balego, toki gutxi utziko nioke ezizenez sinatutakoari, esan nahi duenak erakuts dezala aurpegia, batez ere, gaiagatik edo tonuagatik, idatziak min eman dezakeela aurreikusten denean. Eta ezizenaren kontu honi ñabardura bat erantsiko nioke: talde baten izena ez da, noski, anonimatua, baina nik uste dut talde baten izenean ezin dela idatzi bat erabili pertsona bat egurtzeko, haren lana kakazteko, hari zuzen-zuzenean min emateko. Eta hori ere gertatu da.

Seguru asko, ondo letorkiguke denoi asmatuko bagenu bereizten bekatua eta bekataria, hartaka bekatua bakarrik kritikatuko genuke. Seguru asko, ondo letorkiguke Redondok eskatzen duen enpatia-ariketa egitea ere, bestearen tokian jartzen saiatuta hitzak leunago aterako litzaizkigukeelako, ertz mingarriak kamustuta. Tentsio handia dago gure artean, batez ere politika inguruko kontuetan. Denok ere berotzeko joera daukagu. Neuk ere badut horren eskarmentua, eta herritar batekin izan dudan jende aurreko eztabaidan neurriz gain ibili nintzen, bere hitzek min egin zidaten eta nireen bidez ere horretan saiatu nintzen. Emaitza ez zen ona izan, mina ez da ona. Zorionez, herritar hori niregana etorri zait, hitz egitera, eta horixe egin genuen, hitz egin, elkarri begira eta elkarri entzunez, eta, bukaeran, elkarri bostekoa emanez bukatu genuen. Gabon giroan gaudelako izango da, beharbada, gabonetako miraria.

Euskal Herrian ere zerbait beharko da, min asko eta handia dago bazterretan. Ea horrelako mirari gehiago gertatzen zaigun denoi! Horixe opa dizuet.

Iñaki Iturain

Aralar 2007/12/24

Orioko Aralar taldearen bloga.

Azken erantzunak
Prestaturik horretarako? John Smith, 2008/11/21
iñakiri gaztia, 2008/07/09
Orion Jai Joan ez zen bat, 2008/07/07
erantzunak ezabatu KARKARA, 2008/03/04
Azken sarrerak
Festak 2009/01/18
Heriotza 2008/12/05
Etiketa lainoa
hedabideak karkara