Hemen zaude: Hasiera Blogak Aralar-EB Artxiboa 2007 Azaroa

Artxiboa Azaroa 2007

Eskubide osoa daukagu euskaraz bizitzeko

Azaroaren 27ko udaletxeko plenoan PSOEko zinegotziak UEMAren estatutuak aldatzearen kontrako botoa ematea zuritzeko esan zuen UEMAk herri elebakarra sortzeko helburua duela, hizkuntza bakarrekoa alegia, eta, horrela, Euskal Herriko biztanle erdiak baztertuta uzten direla.

Han, bestelako kontuak ere asko ziren, eta inork ez zuen gai horretan besterik ezer esan. Nik uste dut horrelakoetan ez dugula isilik geratu behar, eta horrelako hitzek erantzuna behar dutela.

 

Euskaldunak, nagusi garenok, ia ehuneko ehunean elebidunak gara, gutxienez bi hizkuntza dakizkigu, eta askok gehiago ere bai. Baina euskaldunok saiatzen garenean euskaraz bizitzeko gutxieneko egitura sozialak sortzen, eta horixe besterik ez du nahi UEMAk, eta harekin batera euskaldun askok, beti dago erdaldun elebakarren bat, erderaz bakarrik dakiena, euskaraz ikasteko batere asmorik ez daukana, guk euskaraz bizi ahal izateko ahalegin horiek salatzera etorriko dena, eta, ahal duen neurrian, oztopatzera.

 

Ba, horiei oso garbi esan behar diegu, oso argi: Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubide osoa daukagu, alor eta funtzio guztietan, eta, horretarako, euskaraz biziko den lurralde bat behar dugu. Euskarari eusteko eskubidea bakarrik ez, esango nuke euskaldunok euskarari eusteko betebeharra ere sentitu beharko genukeela gure baitan.

 

Baina, kontuz, ez diezagutela adarrik jo, ez dezatela gezurrik esan, guk, nik behintzat, ez dugu elebakar izan nahi, ez gara eta ez dugu nahi, euskaldunok gutxienez hiru hizkuntza behar ditugu munduan erraz eta ondo bizitzeko, eta horretan ari gara. Baina guk, euskaldunok, behar-beharrezkoa dugu lurralde bat non jendea euskaraz bizi den, natural-natural, turkiarrak turkieraz bezala edo espainolak gaztelaniaz bezala. Horrelaxe. Eta horretan saiatu behar genuke.

 

Iñaki Iturain
Aralar 2007/11/28

Gora gu ta gutarrak

“Gora gu ta gutarrak” kantu baten hitzak dira, bertsolari bizkaitar bikainez osatutako talde batek atera berri duen diskoari izena emateko aukeratu duten kantuaren izenburua. Orion ez dakit jende askok erosi ote duen diskoa, ezta kantu hori entzun ote duen ere. Disko ederra da, erosi.

Baina, hala ere, jarraitzaile asko ditu gure artean “gora gu ta gutarrak” kantu horrek. Horrelaxe sumatu ditut herriko gazteak, oro har, KARKARAren azken zenbakietan irakurri dizkiedan iritzi artikulu eta abarretan: “gora gu ta gutarrak”. Horrelaxe agertu dira, hementxe, blog honen ondo-ondoan, EAJkoak: “gu aproposak, gogotsuak eta esperientziadunak gara, emateko asko daukagunak, seguru gaude”, “gora gu ta gutarrak”. Bejondeizuela!

Ez zait harrigarriegia egin, hala ere, horrelaxe ohituta gauzkate gainontzeko politikoek ere, Herri Handiko goi politikan dabiltzanen aldetik oso nabarmena da hori, baina herri txikiko politikatxoan gabiltzanon artean ere horixe da joera nagusia: txarra bilatu behar dugunean besteei begiratu, eta onaren bila hasitakoan ispiluari.

Emaitza ere horrelakoxea izan ohi da, itsusia, zatarra, izan ere edozein ez da artista, eta hori ondo egitekotan artista behar da, Bizkaiko Bertsolari Bikainak bezala. Ez bazara artista, ez da komeni “gora gu ta gutarrak” sarri kantatzen ibiltzea, bestela, desafinatu eta gogaitu egingo dugu entzulea, gure kasuan aspertu egingo genuke irakurlea.

Guk arterik ez daukagunez, hobe dugu “gora gu ta gutarrak” ospakizun berezietarako bakarrik utzi eta tarteka “mea culpa” izeneko kantua abestea. Guk, Aralar-Ezker Batuko zerrendakideok, baditugu arrazoiak “mea culpa” kantuan aritzeko, eta besteek “zuen kulpa” kantatzen digutenean onartzeko ere bai.

Baina, hara, besteentzat ere ez litzateke ariketa txarra, nik uste dut osasungarria eta guzti izango litzaiekeela. EAJkoak ausartu dira eta halako batean agertu egin zaizkigu KARKARAk eman digun herritarrenganako leiho honetan. Asko poztu naiz, “gora gu ta gutarrak” kantua ez zaie ondoegi atera, arte pixka bat falta izan zaie, baina jardunaren poderioz beti ikasten da zerbait. Beraz, segi, ez etsi. Gure alkatea ere erne ibili da, ehun egun pasa, eta ra! batere itxoin gabe, ehun eta batgarrenean egunkarietan “gora gu ta gutarrak” kantuaren bertsio bat kantatu digu: “poparen”, gero, ezkerrera begiratu eta “eman egurra” abestu digu, txanpan murgildutako traineruko patroiak bezala.

Ondo dago, guk erraz jarri genion egurra emateko ariketa. Merezi genuen eta kito! Baina, alkate jauna, “gora gu eta gutarrak” ondo kantatzeko, lehen esan dut, arte pixka bat behar da, edozein ez da Bertsolari Bizkaitar Bikaina, eta horretara iristeko, komeni da beste kantu batzuekin entsaiatzea aurretik. Hor dago “mea culpa” kantu ezin dotoreagoa, adibidez. Uste dut alkate jaunari ere, bere inguruari ondo erreparatu ondoren, ederki aterako litzaiokeela kantu hori eztarritik. EAJren kasuan, berriz, ez daukat zalantza izpirik, ondo egingo lukete. Animo!

Iñaki Iturain

Aralar 2007/11/21

Zinegotziaren aldaketa

Orioko Aralar-Ezker Batua udal taldean zenbait aldaketa gertatu dira, eta ohar honen bidez horien gaineko azalpena eman nahi zaizue herritarroi.

2003ko hauteskundeetan batera aurkeztutako bi alderdik erabateko gehiengoa izan zuten udaletxean, ez zuten batere oposiziorik izan, eta Udalak, oro har, oso jarrera itxia eta desegokia izan zuen herriko talde eta herritar askorekin; ondorioz, Udalaren eta herriaren artean eten handia sortu zen.

Aurtengo hauteskundeen aurretik herritar asko zegoen aldaketa eske. Batzuek, egoera aldatzeko asmotan, talde bat sortzeko ahalegina egin genuen. Hauteskundeetarako oso denbora gutxi falta zela hasi ginen horretan eta, nahiz eta lan politikoan laguntzeko prest geundenon taldetxo bat osatu genuen, ez zegoen nahikoa jende udaletxe barruan jarduteko prest zegoena. Zerrenda buru bi kanpotar jarri behar izan genituen; hala ere, boto zaparrada handi samarra izan genuen, batzuek espero baino gehiago. Egoera berriari erantzuteko, gauzak ez ditugu behar bezain ondo egin. Horregatik, batzuen izenean behintzat, barkamena eskatu nahi diot herriari, eta batez ere botoa eman zigutenei. Aspaldiko urteetako politikaren fama txarrak horrelako ondorioak ditu.

Oier Sarobe zinegotziak utzi egin behar izan du bere zinegotzi ardura, bere lan profesionalak urruti samarrera eraman duelako. Zerrendan zeudenek nahiago izan dute Oier ordezkatzeko ardura Iñaki Garcia Aranbarriri uztea, batetik, lan eta ardura hori hartzeko eskarmentuko pertsona egokia delakoan, eta, bestetik, besteek ez dutelako denborarik zeregin horietarako.

Orain, gure txikitasunetik, hartutako ardurari erantzuteko prest gaude, eta horretan ahaleginduko gara udaletxean gauden bi zinegotziak eta gurekin eskuz esku lanean dihardutenak. Taldea zabalik dago, gainera, inon afiliatu beharrik gabe, udal lanetan aritu nahi lukeen edonorentzat; baita ideiak eman eta proposamenak egin nahi dituztenentzat ere.

Gure taldeak dituen mugen jakitun gara, bere txikitasunaz. Baina badakigu, baita ere, azken hauteskundeetan udalean sartu ziren ezkerreko partiduak sartzeak aniztasuna eta aberastasuna ekarri diola udaletxeko joko politikoari, ideia desberdinen arteko eztabaidari, herritarrak aintzat hartzeari, udalaren irekitasunari eta herriaren parte hartzeari. Ez da gutxi, hasteko. Hortik aurrerakoa, neurri batean bakarrik dago gure esku; neurri horren barruan saiatuko gara erantzuten.

Iñaki Iturain

Aralar 2007/11/17

Animo, EA, EAJ eta PSOE!

KARKARA.com-ek blog bana eskaini digu udaletxean dihardugun udal talde politiko guztioi. Oraingoz ANVkoek eta guk heldu diogu erronkari, hiru falta dira abiatzeko. Web gunea zabaldu aurretik, KARKARA kideei galdetu nien ea zertan ziren besteak, eta esan zidaten ANVk, PSOEk eta guk onartu genuela proposamena.

PSOEren kasuan, ez dakit zer egin nintzen gehiago, harritu edo poztu. Harritu, bloga egiteko baldintza bat jarri zigulako KARKARAk: euskara hutsean idaztea, eta oraindik gogoan dut azken hauteskundeen aurretik kultur etxean izan zen mahainguru hartan gero zinegotzi atera zenak bota zituen hitzak: denok ulertzen geniola erdaraz eta guk han euskara hutsean egitea diskriminazio hutsa zela. Badirudi geroztik gogoeta egin duela eta onartu duela oriotarrok eskubidea dugula euskaraz bizitzeko. Horrela bada, eskertzekoa da, eta asko poztuko nintzateke bide honi ekiten ausartuko balitz. EA eta EAJ, berriz, artean erantzun gabe omen zeuden. Ez dakit zer erabaki ote duten, baina biak nahi genituzke alboan, nekez topatuko dute bitarteko hoberik herritarrenganako gertutasuna, hitz hutsetik haratago, egia bihurtzeko. Animo! Iñaki Iturain
Aralar 2007/11/09

Eskerrik asko Karkara!

KARKARA badabil, eta aurreraka, 1989an sortu zenetik beti egin du aurrera, baina momentu jakin batzuetan emandako aurrera pausoak handiak izan dira oso: auto-edizioa egitea, Aiara zabaltzea, bi astean behin plazaratzea, aldizkaria sarean jartzea… Orain garrantzi handiko beste aurrerapauso bat eman dute: karkara.com web gunea sortu eta herritarrei eskaintzea.

Ez da broma egin nahi dutena, Orio eta Aiari buruzko informazioa ia egunero jarri nahi dute sarean, nahi duten guztien eskuragarri. Bejondeizuela, benetan, ez zarete makalak! Nik parte hartu nuen orain 18 urteko hasiera hartan eta oso harro nago aurrerapauso handi honetan ere parte banaizelako.

Hori KARKARAko lagunentzako mezua zen, eskerrak emateko eta adorea opatzeko. Orain, zuentzako mezua da, blog hauetan barrena murgilduko zareten herritarrontzat. Ez da eginkizun erraza KARKARAtik gure udal taldeari eskatu digutena: ahal dela sarri-sarri, nahi dugunaz, nahi dugun bezala eta nahi dugun beste jarduteko, idatziz, herritar guztien aurrean.

Ez da erraza, ez, baina onartu egin dugu erronka, merezi duelakoan. Horretan saiatuko gara. Baldintza bakarra jarri digute: euskaraz idaztea, ez dago beste mugarik. Mugak, jartzekotan, guk geuk jarri behar genizkioke gure buruari, eta nire iritziz jarri beharreko muga horiek bi hitzetan azaldu litezke: elkarrekiko errespetua. Hortik aurrera libre. Nik uste dut baldintza hori bermatzeko neurri egokia dela idatzi guztiak sinatuta plazaratzea. Hori funtsezko datua izaten da, jakitea nork idatzi duen. Nik behintzat horrela egingo dut idazten dudan bakoitzean.

Eta hasteko, nahikoa. Oso laster arte.

Iñaki Iturain

Asier Sarasua 2007/11/07

Orioko Aralar-EB udal taldearen bloga.

Azken erantzunak
iñakiri gaztia, 2008/07/09
Orion Jai Joan ez zen bat, 2008/07/07
erantzunak ezabatu KARKARA, 2008/03/04
Gazteen burugogorkeria? Ijito bat, 2008/03/04
Etiketa lainoa
hedabideak karkara