Artxiboa 2008
- Uztaila (1)
- Martxoa (1)
Orion, pixka bat no es mutxo
Larunbat eguerdia da, uztailak 5, Orioko hondartzan nago errioaren bestaldera begira. Festagune erraldoi bat ikusten dut, jende asko hartzeko prest dagoena, zain. Itxita eta hutsik dago. Ikuskizunak “oesteko” pelikuletako herri fantasma hutsak ekartzen dizkit gogora. Eguraldia ona da, lanbrotsu dago, baina epel eta ateri. Eta esan berri didate ekitaldia bertan behera utzi dutela, gaur eta bihar han ez dela festarik izango. Eguraldiagatik omen da, baina ez du ematen eguraldiagatik izan daitekeenik. Arrazoi bila hasita, pentsatzen dut atzoko egunak ez zuela arrakastarik izan, festa-gunea erdi hutsik egon zela eta horrek eraman dituela antolatzaileak erabakia hartzera. Jakin ez dakit.
Nolanahi ere, kasua xelebrea iruditzen zait. Errioari porlanarekin kendutako eremu izugarri handi hori, arrantza-portu izateko egina omen zena, egin zenetik ezertarako ere balio izan ez duen lekua, nola bataiatuko eta horrela: txalupa, autobusa eta tren txu-txua jendea eramateko, debalde, sarrera ere doan. Milioi askoko gastua. Dena prest milaka jende hartzeko. Eta, lehenengo egunean, ehunka batzuk besterik ez. Bigarrenean, itxita. Barruan, Coca Cola, DV, Teledonosti, Lagun Aro eta Euskaltelen bandera erraldoiak mezua nori iragarri ezinik. Coca Colak eta perrito calienteak zain, nork edango eta jango. Eta isiltasun hartan, bezperako zarataren oihartzuna: bozgorailuetatik, ia denbora guztian espainolez ari zen esatariaren jardun zaratatsuarekin tartekatuta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikakoen “pixka bat es mucho” kanta. Esatariak, esan beharreko guztia erderaz esan ondoren, pare bat hitz, ingelesez eta euskeraz: “we are in EusCalifornian gaude”.
Antolatzaileek esana ziguten aldez aurretik zenbat elkartuko ginen festan: 15.000 lagun; festaren aurkezpenak erderaz eta euskeraz izango zirela ere bai. Batean kale, bestean ere bai. Porrot. Mezua iragarri bai: “pixka bat es mucho”, baina ez dute ikasi. Horri kasurik egin gabe, pixkanaka joan gabe, askotik hasi nahi izan dute festa, muchotik. Ez dakite tontorrera korrika eta presaka doanak amiltzeko arrisku handia duela. Handinahia, horixe gertatu da, handikeria. Oriora EusCalifornia ekarri nahi izan dute; horretarako, neurria, estiloa eta hizkuntza batere egokitu gabe, Orion esaldi hori alderantziz esan beharko litzatekeela jabetu gabe, OriOn “pixka bat no es mucho”. Gaiak gogoeta eskatzen du.
Iñaki Iturain
Karkara.com web gune honen gainean hitz batzuk
Aspaldi ez dut ezer idatzi blog honetan. Gogogabetuta ibili naiz; dena zeharo alde batera uzteko tentazioa eta gogoa ere izan ditut. Sartu nuen azken idatzia politika-gai batzuei buruz nire iritzia modu zakarrean eskatzen zidan bati eman nion erantzuna izan zen; esan nion nik ez niola erantzungo zakar eta anonimatuan ezkutatuta idazten zidan bati.
Horixe izan da blogetik atzenduta eduki nauen arrazoietako bat: anonimoek beren buruari ematen dioten eskubidea, nahi dutena nahi duten bezala esateko, irainak eta guzti; eta horren aurrean web gune honen ardura dutenek erakusten zuten jarrera. Hori, jarrera hori, aldatu egin da, neurri batean, eta, gutxienez, anonimo iraingarrien kontrako aldarria egin dute. Edozer ez da zilegi, gauza batzuek min handia egiten dute, eta ez dakarte ezer onik, eta herri honen ibilian arrasto oso txarra utziko lukete. Batzuk dagoeneko hasiak dira izen-abizenekin sinatzen eta zoriondu egin nahi ditut. Nik Mikel Aranzabal eta Iñaki Gurrutxaga ikusi ditut. Zorionak biei!
Baina izan dut beste arrazoi bat ere web gune honetatik urruntzeko: blogari batzuek aukeratzen dituzten gaiek gehienetan ez dute zerikusirik Oriorekin, ez dute inolako gertutasunik; berdin-berdin atera litezke, Orion, Bilbon edo Baionan. Egiten duten bakarra da artikulu bat nonbaitetik kopiatu eta hemen itsatsi, guretzako inolako balio erantsirik eman gabe. Zer irabazten dugu horrekin blog hauen irakurleok? Azkenean, nazkatu egingo gara. Eta kontu honetan ere web gunearen arduradunek badute erantzukizuna. Blogen sarreran esana dago zein den helburua, hitzez hitz: “Herritar batek, talde batek, elkarte batek... edozeinek du zeresana herriko kontuez. Eta horretarako aukera eman nahi dizue Karkarak.”
Hori bada helburua, hori lortzeko bitartekoak ere jarri beharko dira, ba! Alegia, hori egiten ez duenari hori esan egin beharko zaio, ba! Ni horretan ari naiz orain.
Zertara dator karkara.com-eko blog batean alderdi politiko batek Madrileko parlamenturako hauteskundeetako bere hautagaien propaganda egitea? Niri tamalgarria iruditzen zait, eta zabarra; seguru asko, beren interesetarako kaltegarria, gainera. Horrek ez luke tokirik izan behar horrelako blog batean.
Bertsoak plazaratzen dituen bloga ere ez zait gustatzen. Maitasunez eta samur esan nahi diet hori egileei, bertsozaletasunetik; baina Leitzan, Markinan eta Orion berdin-berdin balio dezakeenak ez dio aparteko ekarpenik egiten Oriori eta alde horretatik ez da positiboa. Nik uste dut herrian bertsozaletasuna suspertzeko, zerbait bertakoagoa egin beharko litzatekeela. Adibidez, Orioko eta Aiako bertsolarien bertsoak jarri, aukera zabala dago. Eta hori baino are biziagoa litzateke oraingo gaiei orain jarritako bertsoak plazaratzea. Ez txarrera hartu, mesedez.
Proposamena nirea denez, nik abiatuko dut bide hori, ea gauza garen aurrera egiteko, nik uste dut hori interesgarriagoa dela. Bertso batzuk jarri dizkiot gure prentsari. Horra:
Berria egunkariaomen da partziala,
Jaurlaritzak esan du
ez dela zabala,
berak esan dezala
zein den inpartziala
edo bestela hobe bat
atera dezala.
Orion ere gaia
lantzen ari gara
ta nire iritzia
esango dut, hara:
bada aldizkari bat
izena KARKARA
aspaldi irten zena
herriko plazara.
Eajotak sortu du
beste bat Orion
eta denok dakigu
ze usain darion
herriari dirutan
zenbat kosta zaion
ta parte hartzeari
ze gutxi eman dion.
Iñaki Iturain