Hemen zaude: Hasiera Blogak Aralar-EB Artxiboa 2008 March 04 Karkara.com web gune honen gainean hitz batzuk
Dokumentu Akzioak

Aralar-EB

Karkara.com web gune honen gainean hitz batzuk

Aspaldi ez dut ezer idatzi blog honetan. Gogogabetuta ibili naiz; dena zeharo alde batera uzteko tentazioa eta gogoa ere izan ditut. Sartu nuen azken idatzia politika-gai batzuei buruz nire iritzia modu zakarrean eskatzen zidan bati eman nion erantzuna izan zen; esan nion nik ez niola erantzungo zakar eta anonimatuan ezkutatuta idazten zidan bati.

Horixe izan da blogetik atzenduta eduki nauen arrazoietako bat: anonimoek beren buruari ematen dioten eskubidea, nahi dutena nahi duten bezala esateko, irainak eta guzti; eta horren aurrean web gune honen ardura dutenek erakusten zuten jarrera. Hori, jarrera hori, aldatu egin da, neurri batean, eta, gutxienez, anonimo iraingarrien kontrako aldarria egin dute. Edozer ez da zilegi, gauza batzuek min handia egiten dute, eta ez dakarte ezer onik, eta herri honen ibilian arrasto oso txarra utziko lukete. Batzuk dagoeneko hasiak dira izen-abizenekin sinatzen eta zoriondu egin nahi ditut. Nik Mikel Aranzabal eta Iñaki Gurrutxaga ikusi ditut. Zorionak biei!

Baina izan dut beste arrazoi bat ere web gune honetatik urruntzeko: blogari batzuek aukeratzen dituzten gaiek gehienetan ez dute zerikusirik Oriorekin, ez dute inolako gertutasunik; berdin-berdin atera litezke, Orion, Bilbon edo Baionan. Egiten duten bakarra da artikulu bat nonbaitetik kopiatu eta hemen itsatsi, guretzako inolako balio erantsirik eman gabe. Zer irabazten dugu horrekin blog hauen irakurleok? Azkenean, nazkatu egingo gara. Eta kontu honetan ere web gunearen arduradunek badute erantzukizuna. Blogen sarreran esana dago zein den helburua, hitzez hitz: “Herritar batek, talde batek, elkarte batek... edozeinek du zeresana herriko kontuez. Eta horretarako aukera eman nahi dizue Karkarak.”

Hori bada helburua, hori lortzeko bitartekoak ere jarri beharko dira, ba! Alegia, hori egiten ez duenari hori esan egin beharko zaio, ba! Ni horretan ari naiz orain.

Zertara dator karkara.com-eko blog batean alderdi politiko batek Madrileko parlamenturako hauteskundeetako bere hautagaien propaganda egitea? Niri tamalgarria iruditzen zait, eta zabarra; seguru asko, beren interesetarako kaltegarria, gainera. Horrek ez luke tokirik izan behar horrelako blog batean.

Bertsoak plazaratzen dituen bloga ere ez zait gustatzen. Maitasunez eta samur esan nahi diet hori egileei, bertsozaletasunetik; baina Leitzan, Markinan eta Orion berdin-berdin balio dezakeenak ez dio aparteko ekarpenik egiten Oriori eta alde horretatik ez da positiboa. Nik uste dut herrian bertsozaletasuna suspertzeko, zerbait bertakoagoa egin beharko litzatekeela. Adibidez, Orioko eta Aiako bertsolarien bertsoak jarri, aukera zabala dago. Eta hori baino are biziagoa litzateke oraingo gaiei orain jarritako bertsoak plazaratzea. Ez txarrera hartu, mesedez.

Proposamena nirea denez, nik abiatuko dut bide hori, ea gauza garen aurrera egiteko, nik uste dut hori interesgarriagoa dela. Bertso batzuk jarri dizkiot gure prentsari. Horra:

Berria egunkaria

omen da partziala,
Jaurlaritzak esan du
ez dela zabala,
berak esan dezala
zein den inpartziala
edo bestela hobe bat
atera dezala.

Orion ere gaia
lantzen ari gara
ta nire iritzia
esango dut, hara:
bada aldizkari bat
izena KARKARA
aspaldi irten zena
herriko plazara.

Eajotak sortu du
beste bat Orion
eta denok dakigu
ze usain darion
herriari dirutan
zenbat kosta zaion
ta parte hartzeari
ze gutxi eman dion.

Iñaki Iturain

Jabier Zabaleta 2008/03/04

Ados

Paristik datorren... — 2008/03/04 15:45
Aupa Iñaki, Guztiz ados hire iruzkinarekin.

Iñaki Ituraineri galdera

Imanol Pagola — 2008/03/04 16:50
Ados honekin, batetik kopiatu ta bestean pegatu egitea ez da dotorea. Baina bertsoena gustora irakurtzen det nik, zu bertsozalea izango zera baina ni ere bai. Ta kalterik ez dio inori egiten, bestela esan ze kalte egiten dizun zuri. Azkeneko galdera egingo nizuke ba Iñaki: idatzi dituzunak zer dira, zuen alderdiaren iritziak edo Iñaki Iturainenak?

No coment

Xakar — 2008/03/04 17:51
Orain ere baloiak kanpora botatzen. Zer den zakarra erabakitzen,zer zilegi,zer iraingarri... motel garzon ematek. Ah, ta herri honen ibilian arrastoak ez ezik zauriak jada eginak daude ta zu ere horren parte zea kargu publikoa zarenez, Aralar taldeko kidea zarenez. Hoian ez etorri eskuak garbitzen ta zurikeritan,abetzale zintzoena egiten. Zuek PNVkoen gisa ere penintsulara joan nahi dezuelako negozioa egitera ta herri honen eskubideak espainiako kongresuan defendatzera...je,je. Arazo bakarra da, zuek kriston ruina ingo dezuela,hau da nahi ta ezin. Ah, ta ongi dago blogak hobetzeko besteei ekarpenak egitea, baina txo hilabete da piku idatzi gabe egon zara, blog bat bertan uzteko arrazoi nahikoa. Hala, ez al zenuten denek konpromisoa hartu behar sikiera 2 astero edo bloga elikatzeko?

Iturain n. 1

Teo — 2008/03/04 18:02
Herriko bertsozaletasuna suspertzeko zerbait bertakoagoa egin beharko litzatekeela diozu Iturain jauna. Zu Errikotxian zabiltza ezta? Eta zergatikan ez duzute hartzen blog bat? Ez dizute ezetzik esango Karkarakoek. Baina errezena hori da, beti besteengatik aritzea. Hori uste det egiten dezula zuk gauza gehienetan. Azkeneko iritzia, ze onura egiten dio zuk idazten dituzun Oroimenaren kutxa izeneko horiek Karkarari? Ze istoriatik izango dute piskat, bitxikeritik ere zeozer zenbaitek baina ez bat eta ez beste. Neri etzaizkit gustatu gehienak eta ez det Karkaran idatzi neurriak hartzeko eskatuz. Errespetatu, orria pasa ta segi irakurtzen egiten det nik.

Nork berak ikusi dezala

Ni ez nago ados — 2008/03/04 18:10
Errespetuz idatzi ezkero ez dago zertan izenpetu. Noski, beti egongo da hortaz baliatuko denik, baina arriskuak merezi duelakoan nago. Zeren zihur bestela gune honetako parte hartzea eta bizitazuna asko gutxituko zela. Zergaitik mugak jarri, zergaitik kontrolak jarri, zergaitik zentsura jarri... Urak arrotuko dira normala den legez, baina itzuliko dira baita ere bere lekura. Egotekotan mugarririk, horrek errespetuarenak izan beharko luke.

ituraini

joxemari — 2008/03/04 22:58
uste dut iturain jauna bide egokitik doala. badaude bloga bi illabetetan ez aktualizatzia baño injustizi aundiyok herri ontan

ERREPRESIOA?

ze pasatzea herri hontan? — 2008/03/05 00:04
...Gaur ez ohiko plenoan, orion, gazte talde bati pankarta igotzen ez diote utzi udaletxera. Gazteek kaso egin eta pankarta beyan utzi dute, bukatzerakoan, bera jatsi eta plenoaren amaierako erabakiarekin ados ez egonda, pankartaren bila jaitsi eta igo nahi izan dute, udaltzainek ordea ez diete utzi, baina gazteak hala ere igotzea lortu dute. Hau dela eta (udaltzainei agresioa), beltzak etorri dira oriora, honez gain, sekreta batzuen txibatazoa eta gero arkaitz taberna barruan gazteak eta bste zenbait jende atera ezinik eduki dituzte. Azkenik, gazteak identifikatu eta ertzainak joan dira, orain ikusi egin behar zer datorren...zerbait baldin badator. HONI NOLA DEITUKO ZENIOTEKE?? HAU ZER DA???

Gazteen burugogorkeria?

Ijito bat — 2008/03/05 00:20
Zure bertsioa irakurrita (eta argi dago norantz tiratzen duen) horixe esango nuke. Pankarta igotzerik ez dagoela esan, eta igual da, guk igo egingo dugu. Hori al da behar dan bezela jokatzea? Benga, orain hamar mezu ni iraintzen, arauak potrotatik pasatzen eta biktimarena egiten.

erantzunak ezabatu

KARKARA — 2008/03/05 00:20
Eztabaida honetako mezu batzuk ezabatu egin ditugu, iraingarriak zirelako. Mesedez, bidaltzeko botoiari eman aurretik, irakurri ezazue berriro zuen mezua eta jarri zeuek filtroa, guretzat ez da gustagarri-eta inoren mezuak ezabatzen ibili beharra. Eta gogoratu: norbait izenez aipatu behar baduzue, kritikatzeko, zuek ere izenpetu egin behar duzue; bestela, ezabatu egingo dugu zuen mezua. Kritika egitea libre da; anonimatotik jendea iraintzea, ez. Barkamena eskatzen diegu mezu-kate honetan irainduak izan direnei, mezu iraingarriak lehenago ez ezabatu izanagatik. Karkara

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Orioko Aralar-EB udal taldearen bloga.

Azken erantzunak
erantzunak ezabatu KARKARA, 2008/03/04
Gazteen burugogorkeria? Ijito bat, 2008/03/04
ERREPRESIOA? ze pasatzea herri hontan?, 2008/03/04
ituraini joxemari, 2008/03/04
Nork berak ikusi dezala Ni ez nago ados, 2008/03/04
Etiketa lainoa
hedabideak karkara