Hemen zaude: Hasiera Blogak Aralar-EB Artxiboa 2008 Azaroa 21 Lau indigena amerikar Orion
Dokumentu Akzioak

Aralar-EB

Lau indigena amerikar Orion

Aspaldiko hilabeteotan Orion izan den ekitaldi interesgarrienetakoa, Jon Sarasuak bideratuta, Hego Amerikako lau herri indigenatako ordezkari banak udaletxean eman ziguten hitzaldi hunkigarri eta gauza askotan argigarria izan zen. Europako herri indigena honetan, Euskal Herrian, eman ziguten hitzaldi haren entzuleetako batzuek uste dut ederki konektatu zutela amerikarrek ekarri zizkiguten kezka eta mezuekin.

Sarasuak idatzi guztiz interesgarri bat du idatzia, Hego Amerikako nazio horietako batzuetan egin zuen egonaldi batetik bueltan zetorrela (eginaldi hitza hobeto letorke egonaldia baino hemen), paperean jarri zituenekin osatua eta Larrun aldizkariak argitaratua. Beste gauza interesgarri askoren artean, hauxe dio Sarasuak herri indigena horietako komunitate txikietan duten antolaketa politikoaz:

“Autoritate komunitarioak. Oraindik indarrean daude, hirietan ez, baina komunitateetan ez dute inoiz beren lekua galdu, konkistatik hona jaitsita baldin badago ere. Autoritatea, haien hitzetan, ez da boterea, txandaka bete beharreko erantzukizun sozial bat baizik. Familia bakoitzeko gizonari, edo ondorengoari, txandan tokatzen zaio ardura hori hartzea. Horretarako, baldintza batzuk behar dira: ekoizpenean emankorra izatea (hori baita herriaren lehen oinarria), jokaera moral egokia eta komunitatearen errespetua izatea. Horrek bultzatzen ditu kulturalki jokaera horiek garatzera; eta autoritatearen ardura errotazio moduan bizitzea, zerbitzu soziala izateaz gain, ikasketa da guztientzat.

Komunitateko autoritateari dagokio bizitza ona ziurtatzea, produkzioaren koordinaziotik hasita justiziaraino. Justizia zigortzailearen ordez justizia konpontzaile eta hezitzailea dute helburu, jokaera desegokiak komunitatean bertan kudeatuz.”

Europarrok joan ohi gara haiengana erakustera, gurutzea eta ezpatarekin garai batean, modu zibilizatuagoan orain. Baina gure herri txiki honen antolaketa politiko partidista honen barruan, udal politikan ahaleginean diharduen honek, nik alegia, ez dakit ba amerikar haiek ez ote duten politikaren antolaketaz gehiago guri erakusteko, alderantziz baino.

Iñaki Iturain

Aralar 2008/11/21

Prestaturik horretarako?

John Smith — 2008/11/21 16:12
Bai, antolaketa egokia iruditzen zait indigenena. Teorian ere oso itxura ona ematen du. Baina prestaturik al gaude horrela jarduteko?


1 - Autoritatea erantzunkizuntzat hartzen dute boteretzat baino. Gure herritarrak erantzunkizunak hartzeko prest daude? Orain dela gutxi ikusi ahal izan dugu, zinegotziak karguak uzten, listetan zeuden pertsonak erantzunkizun horiei uko egiten... Hauek horrela badabiltza, nola pentsa herritarrak ere animatuko direnik partehartzera.


2 - Adierazten dituzun baldintzak beteko dituen norbait aurkituko al genuke? ("jokaera moral egokia eta komunitatearen errespetua izatea"). Egungo tirabirak ikusita, denak aurreko alderdiari mokoka, ez dut uste Orio osoan guztien oneritzia jasoko lukeen pertsona bakar bat aurkitzeko gai izango ginenik.


Nere xedea hau da, berdin dela zein den boterea banatzeko era. Dauden jokabide oldarkorrekin, ez dugu ez aurrera eta ez atzera egingo. Batzuek nahi dutena egiten dutela. Besteek dena gaizki dagoela diotela. Horrela betiko bide beretik joango gara, batzuentzat gaizto direnak besteentzat aingeru; eta alderantziz berdin.


Aukera bakarra siglen gainetik, pikeen gainetik, herriaren onura bilatzea da, eta ikuspuntu ezberdinak daudenean, errespetatu eta onartuz. Gustatuko litzaidake hau ikustea, baina ez dut inongo zinegotziren jokabideetan hau posible egingo lukeen ezer ikusten.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

Orioko Aralar-EB udal taldearen bloga.

Azken erantzunak
Prestaturik horretarako? John Smith, 2008/11/21
iñakiri gaztia, 2008/07/09
Orion Jai Joan ez zen bat, 2008/07/07
erantzunak ezabatu KARKARA, 2008/03/04
Etiketa lainoa
hedabideak karkara