EAJ-PNV
Eskerrikasko!!
Martxoaren 9a, Gorteetarako hauteskunde eguna. Inor epel uzten ez duen eguna; urduritasuna, kezkak, samina, etorkizuna, itxaropena,... Datozen lau urteetarako gure Herriaren eraikuntzarako eta etorkizunaren biderako egun erabakiorra dugu, hitza eta botoa izango duten karguen izendapenarekin erabakiak hartzen diren guneetan.
Esker onez, Orioko EAJk ESKERRIK ASKO haundi bat eman nahi die bihotz- bihotzetik botoa eman digutenei. Lerro hauen bidez ere, hainbat oriotarrek eman diguten laguntza eta babesa eskertu nahiko genuke, baita gure jarraitzaile eta alderdikideei. Gure alkate eta zinegotzien laguntza ez genuke ahaztu nahi, beraiekin bat egiten dugu herria zentzu positiboan eraikitzeko esfortzuan
Orioko EAJko Uribatzarra
Beloki eta Leanizbarrutia
Beloki: Euskadin, PSOE eta PP gauza bera dira, bai ekintzetan baita eginkuzunen ez betetzean ere. Leanizbarrutia: EAJ Senatuan galdetzen ez balego, argi izan euskaldunak ez garela existitzen.
Gipuzkoako EAJren zerrendaburua, José Ramón Beloki, bai PPren bai PSOEren ez betetzeaz aritu da, batez ere heuren lana Estatuak Euskadin dituen ahalmenak kudeatzea bada. "PSOE eta PP berdina egin ez dute egingo, gertatzen dena da gobernuan daudenean ez dutela ezer egiten" adierazi du. Belokiren aburuz dagokiguna lortzeko dugun bidea "Madrilen euskal talde sendoa izatea da, aukeretaz baliatzen dakiena egin behar dutena egin dezaten behartuko dituena".
EAJren hautagaiak bi gai azpimarratu ditu "PP agintean egon zein PSOE agintean egon, baditugu espainiako gobernuaren ez betetzearen bi adibide argi gertu: Hondarribiako aireportua eta Pasaiako badiaren birgaitzea".
Belokik indarra jarri du PPk eta PSOEk bi gai hauetan duten jarrera salatzen, "ez baitituzte transferitu nahi baina aldi berean ez dute ezer egiten Gipuzkoarentzat ezinbestekoak diren bi azpiegitura hauek garatzeko". Aireportuari men eginez, argi hitz egin nahi izan du Belokik, "etorkizuneko alternatibarik aurreikusi gabe, hiltzen uzten dute". Pasaiako portuaren inguruan "Gipuzkoaren garapen ekonomikoa indartzen lagunduko duen eta Trintxerpe eta Pasaialdea birgaituko duen kanpoko portua garatzeko ezta pausu txikiena ere ez dute ematen".
"Zapatero eta Magdalena Álvarez gure botoen beharra dutenean besterik ez dira gogoratzen" salatu du Belokik. Honen adibide gisa Jaizkibia ekarri du gogora, "gogoz bestera sartu dira egitasmo horretan".
Jeltzaleen zerrendaburuak lau urtez kongresuan lan egin ondoren eskarmentua hartu duela uste du. "Egunerokotasunean nire begiekin ikusi dut, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, arabatarrak eta naparrak estatuaren administrazioan garena, hutsaren hurrengoa" azpimarratu du. "Gure botoen beharra badute, zerbait lortzeko aukera izango dugu. Horrelakoetan, gure botoekin batera euskaldunon beharrak, trenak direla, aireportuak direla, I+G+b dela, mahai gainean jartzen ditugu". Belokiren hitzetan tamalgarriena zera da, "EAJren legebiltzarkideren batek hemen bizi garenontzat horren garrantzitsuak diren gaiak aurkezten dituenean ez dago euskal sozialistarik kongresuan, are gutxiago PPren euskal kiderik, agian biak elkarrekin ibiliko dira "salon de los pasos perdidos" delakoan.
EAJren hautagaiak bere hitzaldiari bukaera emateko "PSOEren eta PPren euskal legebiltzarkideak alderdien interesak euskaldunon interesen gainean jartzen dituzte" baieztatu du. Estrategia honen aurrean "euskaldunon interesak, baita gipuzkoarronak ere, defendatuko duen euskal taldea behar dugu. Hori da EAJk egin duena, etorkizunean ere egingo duena, bai Kongresuan baita Senatuan ere." agindu du Belokik. "Lan horretan ibili gara azken lau urteotan, eta zuen aurrean egindakoak zuritu ondoren, lan horretan jarraitzeko, botoa eskatzen dizuegu. Oraingoz guri eragiten dizkiguten erabakiak hartzen diren lekuetan egotea da gure nahia, bestela inork ez gaitu defendatuko, are gutxiago entzungo".
Mitinean EAJren Senaturako hautagaia, Lore Leanizbarrutiak, eta Eider Mendoza eusko legebiltzarkideak ere hartu dute parte. "EAJren nahia demokrazian sakontzea da" adierazi du Leanizbarrutiak. Egunkaria itxi zuteneko bosgarren urteurrena gogorra ekarri du "PSOE eta PPren demokraziako epaileek Martin Ugalde, Hondarribiako semea, auziperatu zuten doilorkerien aurka mobilizatu behar gara, bere delitu bakarra euskara hutsean egunkari bat argitaratzea izan zen". Espainiako estatuak demokraziaren beldur dela nabarmendu du hautagai jeltzaleak.
Horregatik guztiagatik , Senaturako hautagaiak "gure gauzak erabakitzen diten tokietan egon behar gara EAJko gizon emakumeak" . EAJ Senatuan galdetzen ez balego argi izan euskaldunak ez garela existitzen".
Joseba Egibarren hitzak
EGIBAR: “EUSKALDUNON BOTOAK ZAPATERORI HERRI HAU EZ DUELA GEHIAGO ENGAINATUKO ESATEKO BALIO BEHAR DU”
EAJ-PNVko GBBko presidenteak euskaldunak bozkatzera deitu ditu, "ezin garelako etxean geratu, ezer pasatuko ez balitz bezala". Zentzu honetan "hauteskunde hauetan, Zapaterori -botoen bidez- herri hau ez duela gehiago engainatuko esan behar diogu" ñabartu du. Are gehiago, "PPk eta PSOEk Euskadin olatu demokratiko bat sortuko den beldur dira" adierazi du; "olatu hau sortzen denean gertatuko den gainezkaldi demokratikoa horren handia izango da ezen Estatuak gure kontra Konstituzio espainolaren 8. artikuluan aurreikusten den indarra besterik ez du erabiltzerik izango" ziurtatu du.
Bergaran eta Zarautzen egin diren hauteskunde ekitaldietan, burukide jeltzaleak ezker abertzaleari ere zuzendu da, bake prozesua deitutako porrot egin eta gero, bere jendeari abstentziorako deia egin izana aurpegiratu dio. "Nahiko desengainatua sentitzen den euren jendeari abstentzioa proposatzea, beraien ardura estali eta saihestea besterik ez da" ohartarazi du. "Badakigu lege bidegabe batek, alderdien legeak, eragozten diela hauteskundeetan parte hartzea, baina horrek ez du kentzen euren botoaren balioa galtzeko" gaineratu du.
Bizi diren linbotik atera daitezen eskatu ondoren, Egibarrek ezker abertzalea sormen gehiago izatera gonbidatu du, argudio berriak bilatzera "EAJk NABaik eta PSOEk prestatutako iruzur politikoarena ez baitu inork sinisten".
Erabatekoa izan da Egibar, "nahiz eta ezker abertzaleak oso txikiak ikusi, EAJk herri hau itotzen duen gatazka konpontzeko pausuak eman ditu" esan duenean. "Areago, EAJk bere estrategia politikoa helburu honen lorpenean engaiatu du " amaitu du.
Jose Ramon Beloki
Kongresurako EAJko Gipuzkoako Zerrendaburua
Legazpin jaio bazen ere duela 60 urte, Donostian bizi da bere emazte eta bi alabekin. 1992 urtean Euzko Alderdi Jeltzalearen kide egin zen. Filosofia eta Enpresa Zientzia ikasketak bereak ditu. Euskara, Gaztelaniaz zein frantsesaz gain, ingelesez aritzeko ere gai da.
Kazetaritzan lan egina -prentsan, irratian eta telebistan- Eusko Jaurlaritzako prentsa arduraduna izan zen.
Bere jarduera politikoa Gipuzkoako erakundeekin estuki lotuta dago. Legealdi bitan (1991- 1999) Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren Kabinete buru izan zen. Ondoren Ekonomia eta Turismo Diputatu (1999-2003) izendatu zuten, eta 2003an, Lurralde Antolaketa Diputatu, orduko legealdi hura bukatu ez bazuen ere.
Madrila joana zen 2004an, Kongresurako EAJ-PNVren ordezkari hautatu baitzuten gipuzkoarrek.. Eta bertan, besteak beste, EAJ euskal taldearen bozeramaile ordezkotza bete du; Industria, Merkatalgo eta Turismo batzordean presidente orde eta bozeramaile; azpiegitura gaietan bozeramaile; RTVEko bozeramaile...
Zaletasunen artean, idaztea du maite; www.gipuzko.com web orrian astero-astero idazten du Madrilen gertatu denaren berri emateko,“Madrildik datorren” txokotik.
Martxoko hauteskundeak
Iñaki Anasagastik hauteskunde hauen inguruan dituen eragozpenen inguruko artikuluaren laburpena
Jakina da Iñaki Anasagastiren iritzi artikuloek duten oihartzuna. Egin duen azkenetako baten laburpena ekarri nahi izan dugu blog honetara.
“OSCE erakundearen ( Hauteskundeetako kalitate demokratikoa aztertu eta gatazkak ekiditen dituen Kooperaziorako Europar erakundea) kide batzuekin bildu ginen eta datozen Hauteskunde Orokorren inguruan izan genitzaken eragozpenen inguruan galdetu ziguten.
Hiru ditugula erantzun diegu.
Lehenengoa: Sistema parlamentarioa dugu eta sistemaren propaganda guztia bien arteko duelua bezala aurkezten digute: Zapatero Rajoyren kontra, PP-PSOEren aurka. Baina hauteskunde hauetan 350 diputatu eta 259 senatari aukeratzen dira, guzti hauetatik presidente bat aukeratuko da. Presidente hau Talde Mistoko lagun bat izan daitekeelarik.
Hedabide publikoak bi partidu hauen arteko eztabaidak soilik antolatzen dituzte, beste alderdi guztiak ezertarako balio ez dutela aditzera emanez. Bi talde hauetariko batek gehiengo absolutua lortuko ez balu, orduan gogoratuko dira nazionalista, marjinal edo periferikotzat ezagutuak diren taldeak.
Bigarrena: Eztabaiden lerrokatzea. Bai alderdi sozialistak eta baita alderdi popularrak edozein gaiaren inguruan hitz egin dezakete eztabaidetan, beraien programan dituzten atal guztiak azaldu ditzakete. Baina guk ETAren inguruan soilik hitz egin dezakegu, gaia oso inportantea da, baina gure programaren osotasuna ezin genezake defendatu eta Madrilen Euskadirentzat egiten dugun lanaren osotasunaz baloratzea eskatzen dugu.
Hirugarrena: Posta bidezko botoa. Badakigu zentsu hau ez dagoela eguneratua eta sistema honen bidez boto asko alderdi handietara joaten direla.
Gure hiru kexuak apuntatu zituzten eta oso interesgarriak zirela esan ziguten. Ez dakigu hauekin zer egingo duten, bertan gelditzen dira behintzat.
Gizarte heldu batek hauteskundeetara aurkezten diren taldeek zergatik eta zertarako irabazi nahi duten jakiteko eskubidea du. Etorkizunerako diskurtso positibo baten eskubidea dugu. Gure botoak zertarako balioko duen eta zer egingo den gure botoekin jakiteko eskubidea dugu.
Irabazi, zertarako? Irabazi eragina izateko. Irabazi elkarbizitzarako edo eguneroko norgehiagokarako apustua egiteko. Arazoei aurre egin eta irtenbideak bilatzeko irabazi, edo arazoak aurkitzeko irabazi.”
ERABAKI
Erabaki nahi dugu Erabaki egingo dugu
Erabakiak hartzeko garaia iritsi zaigu.
- Bake eszenatokia eraikitzera eramango gaituzten ekimenak bultzatzeko konpromisoa hartua dugunok.
- Elkarbizitza eta politika arazoei heltzeko, demokratikoak diren elkarrizketa eta akordioaren bideak erabiltzeko konpromisoa hartua dugunok.
- Euskal hiritargoaren gehiengoak erabakitzen duena errespetatu eta errespetarazteko konpromisoa hartua dugunok.
Politikoki eta euskal gizarteari begira urte garrantzitsu batean sartuak gaude.
Lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean azaldutako ibilbide orria ezagutzen dugu. Egungo oztopoak eta etorkizunean azalduko direnak bistan daude. Beraz, martxan jartzeko garaia iritsi da.
Azaldu berria da komunikabideetan ERABAKI plataforma, euskal hiritar ezagunez osaturiko plataforma. Gutun honen bidez, ERABAKI manifestuak jasotzen dituen oinarri eta helburuekin bat egiten dugula adierazi nahi dizugu.
Datorren otsailaren 10ean eguerdiko 12etan izango da aurkezpen publikoaren ekitaldia, Donostiako Kursaalean. Bertara hurbiltzeko gonbidapena luzatzeaz gain, erabaki.nireblog.com orrian zure eta zure ingurukoen adostasuna azaldu dezakezu, horrela erabakiko bazenu.
Kongresurako eta Senaturako EAJren hautagaien aurkezpena
Aurkezpen ekitaldian Iñigo Urkulluk ondorengo hitzak erabili zituen
Hauteskunde orokorretarako gure hautagaiak eta kanpaina aurkeztu nahi dizkizuegu. Nire ustez, erabat aurreikusgarriak dira aurtengo hauteskundeak eta kanpaina-aurrea. Nahiz eta alderdiren batek, azken orduko urduritasunak jota, neurri populistak eta demagogikoak hartu dituen, etikoki onargarria denaren mugaraino iritsita (inkestekin eta inkestentzat bakarrik gobernatzearen ondorioz), aste hauetan ikusten ari garenak ez gaitu ustekabean harrapatu.
Aurtengo kanpaina-aurrea aurreikusgarria dela esan dut. Hala baita. Guztiok genekien zer egoerara iritsiko ginen. Legea nahi bezala erabili dute. Azkenean, ustez lege horren hartzailea denak bere nahierara baliatu du. ETAk ere badu zerikusirik, berak erabakitzen baitu ezker erradikalak noiz eta nola aurkeztuko dituen hautagaiak. Batzuetan behintzat, eta hori benetan da gaitzesgarria, interes komunak izaten dira legez kanporatzen duenaren eta legez kanporatuaren artean. Eta are baztergarriagoa da hori guztia beti, beti, hauteskunde kanpainan gertatzea.
Ezin da gizarte honen nahiekin jolasean ibili. Nire ustean, hau guztia; ilegalizazioek, hainbat epailek eta magistratuk bizitza politikoan muturra sartzeak edota Europako herrialdeetako enpresa publikoek euskal enpresen kontrako operazio ekonomiko posibleek —kontrapartida moduan, Espainiako Gobernuaren babesa izanik, akaso— garaitzen gero eta zailagoa den amildegia sortu baino ez dute egiten.
Estatuko PP-PSOE eztabaida alde batera utzita, hemen, Euskadin, eztabaidagaia beste bat izango da. Alde batetik Madrilera euskal herritarren interesak defendatzera joango diren alderdiak daude, eta bestetik beren interesak, proposamenak, proiektuak (gureak bezain zilegiak) defendatzeko diputatu gehiago lortu nahi dituzten alderdiak, horien helburuak, askotan, euskal herritarren interesen kontrakoak izango badira ere. Hemen, Euskadin, bipolarizazio bat egongo da, baina ez Estatukoa bezalakoa. PPren eta PSOEren proposamenek, azken lau urteetan, Euskadiri EZETZ esan besterik ez dute egin. Ezezkoa eman diote Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politiko Berriaren proposamenari, ezezkoa emateke dituzten transferentziei, ezezkoa kontzertu ekonomikoaren blindajeari. Ezezko sistematikoa. Edozeri. Beste alde batetik, Euzko Alderdi Jeltzalearen proposamenak eta konpromisoa ditugu.
Ez genuke gezurrik esango Madrilen Euskadirako aurkeztutako proposamen baiezkoren eta aurrerakoien % 95 Euzko Alderdi Jeltzalearen Euskal Taldeak aurkeztu dituela esango bagenu. Euzko Alderdi Jeltzaleak beti pentsatu du ezinbestekoa dela euskal interesak defendatzeko foro guztietan egotea. Beste batzuek, orain hala egin nahi badute ere, bi hamarkada baino gehiago daramate kontrakoa esaten. Beraiek jakingo dute zergatik.
Kanpaina honetarako aukeratu dugun leloa honako hau da: Euskadin bizi naiz ni. Zu non bizi zara? Lelo horrekin, bizitza kalitatearekin eta ongizatearekin lotutako proposamenak defendatuko ditugu Madrilen. Nire ustez, Euskadik jarduteko eskumena izan behar du herritarren interesak jokoan dauden esparru guztietan, eta are gehiago zalantza politikoa eta ekonomikoa bizi ditugun garaiotan. Eta hori, Madrilen, Euzko Alderdi Jeltzaleak bakarrik egin dezake.
Egongo dira beste diputatu batzuk ere, baina, beti bezala, euskal herritarren ongizaterako auzi garrantzitsuren bati heltzean, eta beren alderdien, PPren edota PSOEren interesen kontra egitean, gehienetan zalapartaka egingo dute hanka Kongresutik edota Senatutik, eta, bestela berriz, kontrako botoa emango dute.
Euskadik munduko herrialde garatuenetakoa izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da Madrilen euskal alderdi sendoa izatea. Eta hori da gure helburua.
Agur Jaunak
The Kelly Familyk bere kontzertu batean kantatutako "Agur Jaunak" abestiaren bertsioa
The Kelly Family pop/folk/rock estiloko banda bat da. 30 urte baino gehiagoko eskarmentua du musika munduan eta milioika diska saldu ditu Europan. Kelly Family 12 anai-arreba dira Estatu Batuetan, Irlandan, Espainian eta Alemanian jaioak. Ikus beraien kontzertu batean nola kantatzen duten Agur Jaunak! (gora Euskadi eta guzti)
Ibarretxeren adierazpenak
Ibarretxek adierazi du udalak oso egokiak direla gertutasunean, bakean eta adiskidetzean aurrera egiteko.
Ibarretxek gehitu du elkarrekin bizitzea eta adiskidetzea ez dela iraganaren inguruko amnesia izatea, iraganaren gaineko irakurketa kritikoa egitea ez bada. Hala, ziurtatu du udalen, alkateen eta zinegotzien oinarrizko helburuetako bat honako hau dela: «Gure herrietako gizaki guztiei hainbeste desio dugun gizarte horretan parte hartzen uztea, Euskal Herriak gehiegi sufritu baitu».
Eudelen 2008-2012 epealdiko plan gidariaren inguruan gehiago jakiteko www.eudel.net
Larunbateko manifestazioa
EAJren Lehendakariaren hitzak eta bertan irakurri zen komunikatua
Larunbatean, Bilbon, “Gure erakundeen alde” lelopean burutu zen manifestazio erraldoia hasi baino lehen, EAJren Euzkadi Buru Batzarraren lehendakariak adierazi duenez, “gaurkoa oso egun adierazgarria da. Izan ere, belaunaldi batek gogor borrokatu behar izan zuen bere erakundeak eduki ahal izateko. Gaur, belaunaldi horrek, erakunde horiek nola zapuzten dituzten ikusi behar izan du”.
Urkulluren ustez, “gaur egun berezia da baita belaunaldi berrientzat. Belaunaldi berriek betidanik ezagutu izan dituzte erakundeak eta jakin egin behar dute zenbat kostatu egin zen erakunde horiek berreskuratzea. Aldarrikapen hau jakin behar dute dela politika, demokrazia eta zuzenbide estatu bat. Hori sistematzat hartzen dugula baina, beti ere, elkarrizketa eta giza eskubideei errespetua izanik” gaineratu du.
Larunbatean Bilbora bertaratu ziren milaka pertsonei ondorengo komunikatua irakurri zitzaien.
Eskerrik asko!
Gaur hemen, Bilbon, egin dugun manifestazioaren helburua ez da epaileak presionatzea edota beren inpartzialtasunari kalte egitea. Ez dugu mesede judizialik nahi, ezta gure erakundeak eta ordezkariak legearen gainetik jartzea ere.
Baina nola geldituko gara isilik, Estatuko botere baten ordezkariek euskal gizartearen borondate demokratikoaren kontra demokrazia ezarri zenez geroztik hartu duten erabakirik larrienaren aurrean?
Joan den astelehenean ezagutu genuen Auzitegi Gorenaren epaia. Desobedientzia delitua leporatzen die Juan Maria Atutxari, Gorka Knörri eta Kontxi Bilbaori. Eta hori larria da. Larria da, berekin dakarren umilazio pertsonalarengatik, larria da epaiari darion mendeku-kutsuarengatik, larria da erabaki guztiz korporatibista delako, arbitrariotasunez eta neurri desberdinak aplikatuta epaitzen duelako, aste batzuk lehenago bankari bat erantzukizunik gabe aske utzi baitzuten, larria da eskuin muturreko sindikatu baten akusazioa duelako oinarri... Baina, batez ere, euskal instituzioetan esku hartzen duelako, kalte egiten eta deslegitimatzen. Bereziki Eusko Legebiltzarrari egiten diolako eraso, Euskal Autonomia Erkidegoko organo legegileari, bere independentzia, autoantolakuntza eta legitimitatea saboteatzen. Esku-hartze horrek, botere banaketa ez ezik, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aski ongi desberdindutako muinari berari egiten dio kalte.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiko ordezkarien kontrako epaiak zuzenean egiten dio eraso Legebiltzarraren autonomiari, bere burua antolatzeko duen ahalmenari, Autonomia Estatutuari. Elkarbizitzako itun politikoaren espirituaren kontrakoa da.
Eta are larriagoa dena: Auzitegi Gorenaren epai hau ez da ez kasualitatezkoa. Ez da gertakari bakan bat. Jakin badakigu ekimen arbitrario baten lehen pausoa dela. Epaileak pixkanaka-pixkanaka ari zaizkio forma ematen. Atzo bertan, manifestazioaren bezperan, ezagutarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko areto batek erabakia: ezetsi egin zuen Batasunarekin hitz egin izanagatik abiarazitako kausa penala artxibatzeko lehendakariak aurkeztutako suplikazio-idazkia.
Ez da kasualitatea Justizia Auzitegi Nagusiak lehendakariaren kontrako erabaki hori manifestazio honen bezperan ezagutarazi izana. Ondo dakigu helburua zein den. Baina oker dabiltza. Izan ere, herri honek, baretasuna oinarri hartuta, printzipio erabat demokratikoak aldarrikatuta, erantzuna emango dio. Herri honek jakin badaki zentzugabekeria honi erantzuna ematen, justiziaren politizazio eta erabilera onartezin honi aurre egiten