Hemen zaude: Hasiera Blogak Gure txokoa Artxiboa 2008 April

Artxiboa April 2008

Etorri berriz e!

Blog honen egileei egindako elkarrizketa dakar azken Karkarak. Jarraian duzuen bertsoa bota zion kazetariari Antoniok, bapatean, elkarrizketa horretan. Entzun nahi baduzue, klikatu hemen.
Bixente.

Bertso bat kantatzeko
pentsatu dit hauxe
ez gatxaudek egarri
ta eztare gose
honea azaltzen dek
makina bat klase
nahi dezuenen zuek
etorri berriz e!

Antonio Zumeta Txanka

Txanka & Xarpas

 

Patxi Uranga 2008/04/25

Naparroari

Xalbadorrek jarriak

Goizean jeiki ohetik eta non nagon eginik galde;
diot: <<Aurrean Baztan daukazu, gibelean Erroalde;
ezkerrerat Eugi herria; eskuin alderat Luzaide;
zure guziak Naparroaren hegalen azpian daude.>>

Ene amatxi zendu maitea Auritzberri'ko izanik,
napartarraren odol kartsua zainetan senditzen dut nik;
eta artzaintzan Sorogain mendi zoragarritzat iganik,
norbaitek <<Atzar hadi!>> diola entzuten dut urrundanik.

Ene sortzeko agerietan ni naiz baxenabartarra,
titulu horrek lehen hitzean galtzen du bere indarra;
ni beheretar zendako deitu; nerez banaiz orotarra?
Goi ta beherik ez da enetzat Naparro bat da bakarra.

Bere zainetan sendi duena hastapeneko odola;
eman dioten izen mendreaz nekez ditaike kontsola;
ezin onartuz bizi naiz beti murrizturikan dagola;
bere itzala Baiona'raino hedatzen zuen arbola.

Bainan enetzat; o Naparroa, ez da ezin igarria
izena nola gorde duzun zuk eta guk hartu berria:
enbor sendoan sartu baitzuten aizkora beldurgarria,
zure laurki bat bertzerik ez da ni bizi naizen herria.

Betitikako arrain haundien lege okaztagarriak
gaitu napartar anai arrebak bi taldean ezarriak;
hitzez ta harriz ezin hautsiak dira gure lokarriak,
bainan ele huts dira tratuak; itxura hutz zedarriak.

Bi aldetarik nagusi bana jarriz geroz Naparroan;
ez dakit gure etorkizuna zoin ateri buruz doan;
ez eta ere gaur zer hainetan zauden zu euskaldungoan;
bat gineneko egun ederrak ditut bakarrik gogoan.

O Naparroa; banatorkizu otoizko fagore galdez:
urrikal zaite ukatu nahi zaitusten seme alabez;
bertze koroka batek estaltzen bagaitu ere hegalez;
Baxenabarrak Ama zaitu; guk nai izan ala ez.

 

Txanka eta Xarpax 2008/04/15

Irripar eragile

Emil Larrek jarriak

Azkenik; irripar egiten eta egin arazten ahal daki
Xalbadorrek? Bai; hori ere badauka; berak aitortzen duen
baino gehiago. Irakur: Ene errekontrua; Lukas adixkidearen
ohoretan egin bazkari afariak, hiritarra eta baserritarra...
Eta Gure Herriko ihiztarieri:

Aurten ere usoak gaizki heldu omen;
gaizki heldu omen
gauza bera entzuten dugu han eta hemen;
nik otoitz horri erran behar diot omen;
horiek entzun eta baitut segurtamen;
uso saltza haundirik ez dugula janen.

Baina zer gaude hemen Xalbadorren idatzietan irri
gehiegi aurkitu bearrez? Berak errango luke noski; bere
buruarekin irriz dagoena xoroa dela. Alkartu bear du
gizonak lagunekin; irri egiteko. Guk opatzen diogu Xalbadorri
maiz eta luzaz alkartzea Mattin eta beste guztiekin;
ixtripu ta besteak garaiturik.

Zuk aldiz, irakurle; utzi nere solasak eta hasi hemengo
bertsoetan: irakurriz baino hobe kantatuz; baldin badakizu doinua.
Nolanai ez kantatu doiñu txarrean edo egokia ez denean; egileak
berak erraten digun bezala; Hemen daukazu iturria edan!

Txanka eta Xarpax 2008/04/09
Strummer-Karkara ONA

Entzun MIROTZAK abestia.

Karkara 244 PDFn irakurri nahi baduzu klikatu hemen.

Gainontzekoak irakurtzeko, berriz,
klikatu hemen.
Azken erantzunak
bertsoen ingurukoak adiskide bat, 2008/02/05
eskerrik asko aurrekoari Amaia, 2008/02/01
tube you, 2008/01/31
agur jaunak, txoria txori you tube, 2008/01/31