Hartu hitza
Jaso dominoa, bota kartak
Dominoan hasi ginen aurrena. Etxe atarian jarri, zerbeza kaxen gainean eseri eta utzi denbora pasatzen. Zertarako urduri jarri? Rona eta konpainia pixka bat, ez dugu besterik behar. Ez al duzu lanik egiten? Zer jan behar duzu bihar? Ez hasi goizean goizetik galderekin. Bizi, berriketan egin, bizirik dauden monumentuez gozatu, gezur batzuk kontatu…
Bi egun besterik ez genituen iraun kale-kantoian ezer egin gabe. Herdoila beso azpian; egon ezina. Dominoa utzi eta karta jokoan probatu genuen. Baita laster aspertu ere. Musak ez du loteriak bezala ilusiorik banatzen. Etxe atarian jarraitzen dugu paroan, etorkizunaz kezkatuta, elkarri kartak botatzen hasi garenean. Ea zein dira zure galderak, zein dira bizitzako zure preokupazioak?
Zer dio maitasunaz? Urrezko txota eta bi zaldi atera dira. Saltoka-saltoka zabiltzala, alegia. Urrezko txotarenak ez du azalpenik behar, nabarmen gelditu zara. Laguntasuna? Biko ezpata. Ziztadaren bat jaso zenezake, lagun bakarrak emanak biak. Kopazko kartek hitz egiten dute diruaz, zer dio patrikaren osasunaz? Lauko kopa, lauarekin hasita ezustekoren bat jaso duzu. 400 euroko masailekoa deklarazioan. Pasa den astean kontatu zenidan. Osasuna? Bastoia atera da, buruko mina danba eta danba. Hara zure etorkizuna. Dena asmatu didazu.
Hara, badut beste galdera bat? Aurten bai? Estropadei buruz ari naiz. Mahai gainera lau karta. Erregea, zaldia, bosta eta seia. Hogeita hamaika. Aurten bai, aurten bai!!! Reala igoko al da? Ez naiz atrebitzen karta botatzera. Zergatik ez dugu musean jokatzen… Lauko urrea. Urrezko lau puntu eta golaberagea. Baina hori egunkarian irakurri dut eta ez kartetan. Beste ron pixka bat?
Jon Agirresarobe
–2010eko ekainaren 2an–
Maite ditut aldizkariak
Zergatik? Herritar norbaitzun ahalegina eta lan xume bat direlako.
Baina aldizkariak irakurri egin behar dira. Hau da, aldizkari irakurgarriak argitaratu behar dira.
Herri txikietara mugatu nahi dut nire iritzia.
Herri txikietan, aldizkari mardulak argitaratu daitezke, herrian soilik eta xume jokatuta.
Ez da beharrezkoa mirarien bila eta dotorezietara joatea.
Bat, garrantzitsua iruditzen zait, letra ale dezentea izan dezala. Irakurle heldua asko baita gure herrixka hauetan. Eta jende helduak letra txikieri nekez heltzen diete.
Ez da beharrezkoa gauza askorekin bete eta argitaratzea. Irakurri erraza eta egokia. Gaur jarri ezin direnak hurrengoan jarriko dira.
Jakina, idazkera euskara batuan edo “h” erabiliz behar duela. Hori onartu beharra dago. Ez nik idazten dudan bezala. Lehengo erara.
Baina, gure eskola garaian ez zen “h”-rik; eta orain zer hasiko naiz, aldaketa egiten?
Karkarakoei eskertzen diet nire idatziak herri hizkuntza xehean argitaratzen dizkidatelako. Barka nire ezjakintasuna. Baina, nik uste dut, gure herrialde txiki hauetan, herri hizkuntza xehe honentzat badagoela lekua, irakurleen artean.
Nik Diario Vascorako egiten ditudan prosa bakarrak, gure herri hizkuntza xehean eginak izaten dira.
Eta telefonotik deitu izan didate, zenbait jende helduk esanaz, zuk jarraitu horrela idazten, Nikolas; hori aisa irakurtzen dugu eta.
Zergatik ez du ba behar lekurik, herri hizkuntza xeheak nahiz eta onartzen ditudan euskararen erabilera arauak?
Direla urte batzuk, herri handixeagoko aldizkari batera bidali nuen idatzi bat. Esaten zidatelako, noiz hasi behar dugu zure idatz lanak jasotzen?
Nik sano bidali nituen, neuk nekien erara. Eta esan zidaten, era hartako idatzirik ezin zutela argitaratu.
Eskatu nien nire ezjakintasunaren barkamena.
Ez nien enbarazu gehiago eman nahi izan.
–2010eko ekainaren 2an–
Larria da, lasai
Esaiguzu zein den zure ideia ezberdinak izan gaitezen, zeren kontra zauden baino gehiago zer egiteko prest.
Zenbat aldiz erabili ote ditut Berri Txarraken abestiak azaldu nahi dudanerako. Beste adibide bat, egokiagoa: Eskasa da, eskasa gure belaunaldiaren lorpenen zerrenda zuria.
Esaldi horiek aipatuta, nabarmena izango da nondik nora jo nahi dudan, eta ulertu ez duenari argi eta garbi esango diot: gauzak ez dira beren kabuz aldatzen, egiten, lortzen… eta okerragoa da besteek egiteko zain egotea.
Zein ondo pasatzen dugun Gazte Festetan, herria alaituz gaztetxea aldarrikatzen. Zeinen ondo Bertsio Gauetan, eltzeitsuan bi duro bota eta gaztetxearen alde la ostia egin bagenu bezala. Baina kazerolada ziztrin baterako gazteriari dei egin eta inor ez zen agertu plazara. Aitzakia badugu oraingoan ere: kartelak kendu dituzte eta ez nintzen enteratu! Euria ari zuen! Azterketetan nintzen! …guztiak egiak.
Ezin inori ezer aurpegiratu, bakoitza libre omen da-eta nahi duena egiteko. Baina ez dut uste bidea ezer ez egitea denik.
Gaztetxerik ez dugula? Larria da; lasai, aspaldi ohitu ginen.
Mikel Aranzabal
–2010eko ekainaren 2an–
Ordaindu dezatela berek!
Zapatero eta Lopez-en gobernuek proposatutako neurriak langile jendearen lan eta gizarte eskubideak murriztearen ildotik doaz. Kapital eta espekulatzaileak sortutako krisia langileok urte askotan irabazitako eskubideak galduz ordaindu dezagun nahi dute.
Zapaterok eta Lopezek aditzera eman dute defizit publikoa gutxitzeko gastu soziala murriztu behar dela –2010ean pentsioak bere horretan utziz, menpekotasun prestazioak murriztuz, jaiotzetako 2.500 eurotako diru laguntza ezabatuz– eta sektore publikoko langileen soldatak murriztu behar direla. Neurri horiekin gobernuek milioika euro aurreztu nahi dituzte defizit publikoak gutxitzeko.
Defizita ingresatzen dena baino gehiago gastatzen denean sortzen da. Defizit horrek bi arrazoi izan ditzake: gutxi ingresatzea edo gehiegi gastatzea. Hego Euskal Herriari edo espainiar estatuari dagokienez defizit publikoa ez dator Europaren batez bestekoa baino gehiago gastatzen delako, baizik eta presio fiskala, hau da, zerga guztien bitartez jasotzen den dirua, Europakoa baino askoz ere txikiagoa delako. Hala ere, ez dute fiskaltasuna errebisatzerik nahi eta, gainera, ukitu duten guztietan kapitalari eta aberatsenei zergak jaisteko izan da. Beraz, proposatzen duten irtenbide bakarra dagoeneko txikia den gizarte gastua murriztea da.
Gainera, Espainiako gobernuak bankaren eskuetan 230.000 milioi euro jartzea erabaki zuen 2009an, eta 61.000 milioi jarri ditu dagoeneko.
Murrizketek beste zerbitzu publikoei ere eragiten diete, hala nola osasun eta hezkuntza arloan non Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak kalitatea pixkanaka-pixkanaka narriatzeko aukera egin duten, gastua gutxitzeko eta enplegua murrizteko.
Argi dago agintean ditugunak oso eskuzabal dihardutela aberatsenekin eta oso zorrotz langile eta pentsiodunekin. Errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak jaitsi dizkiete eta dirutza ikaragarriak eman bankari; orain faktura langileok ordaindu dezagun nahi dute.
Eta guzti hori plan orokor baten atal bat besterik ez da. Aurki izango dugu lan erreforma, lan merkatuan dagoen prekarietatea areagotuko duena eta horrekin batera negoziazio kolektiboaren erreforma, hemen negoziatzeko ahalmena murriztuko duena.
Erasoa gelditzeko garaia da, politika aldatzeko garaia da. Ezinbestekoa da krisialdiari aurre egin eta enplegua sortzeko aurrekontu eta ekonomia politika bideratzea. Derrigorrezkoa da gastu soziala handitzea eta politika fiskal birbanatzailea sustatzea.
Garaia da murrizketa guzti horien aurka gure ahotsa altxatzeko. Berek ordaindu dezatela beren krisia.
Laura Gonzalez de Txabarri
–2010eko ekainaren 2an–
Alperrikako oihartzunak berriz
Orain dela ia 15 urte izenburu berdintsua zuen artikulu bat idatzi nuen hemen bertan: Alperrikako oihartzunak. Minduta eta haserre nengoen orduan, Orioko hondartza aurrean putomuroa egiten ari zirelako, eta inork herri honetan ez zuelako ezer esan horma erraldoi horren kontra. Inork ere ez. Ahotsa zuten denak alde zeuden nonbait, Udalean behintzat.
Putomuroa, barra luzapenak, ibaiaren bestaldean alfer-alferrik egin zituzten hiru barrak, haiek batuz egin zuten aireportua, kirol portua, kanpina txikitu, hondartza ingurua etxez josi… 15.000 urte badira gizakiak inguru hauetan bizi garela (hori omen diote Altxerriko kobazuloko aztarnek), eta 15 urtetan betiko izorratu dugu hondartza ingurua.
Hori gutxi ez, eta porlanezko mamotreto bat egiten ari zaizkigu ibaiaren bestaldean... Nork eskatu du hori? Zertarako? Egia al da Udalak zerikusirik ez duela horrekin? Egia al da arrantzaleek ez dutela hara joan nahi?...
Eta Orioko Udaleko alderdi politiko guztiei ondo iruditzen al zaie mamotreto hori?... Zeharo harrituta nago. Inork, ez alderdi politiko batek, ez talde ekologista batek, ez herritar arrunt batek, inortxok ere ez du publikoki horren alde edo kontra hitz bakar bat ere esan. Eta Orioko eraikinik handiena da! Non eta turismoa bultzatu nahi den inguruan... Ederrak bistak, hondartzan, hango tabernetan, hotelean, kanpinean ibiliko garen guztiontzat...
Udalak ez omen du eskumenik ibaiaren beste aldean. Baina nola liteke turismoa bultzatu nahi duten lekuan porlankeria hori egingo digutela ikusi eta ezertxo ere ez egitea, ezer ez esatea... Alderdi politikoez ari naiz bereziki.
Gehitu horri putomuroak ez diola hondarrari ibaian gora sartzen uzten, eta lohia besterik ez dagoela ibai osoan. Eta Orioko hondartza hautsa dela, hautsa eta harria, kostalde osoko hondar kalitaterik eskasenetakoa duena. Eta batzuek, gainera, mugatua eta guztiona den hondarra egunero-egunero atera eta saltzen... Hor ere ez al du ezer egingo Udalak?
Oteizak esaten zuen gaixo dagoela estetikoki Euskal Herria. Berak Getarian bale bat iristen ikusten zuen lekuan, arratoi bat ihes egiten ikusi zuela herri honek. Estetikoki gaixo dagoen herri batek bakarrik onar dezake isilik hemen egiten ari direna. Oteizak gaur burua altxatuko balu… Orioko hondartzan, bere filosofiaren oinarria –hutsune babes emalea– aurkitu zuen leku horretan bertan, ez luke ez balerik, ez hutsunerik, ez hondar garbirik topatuko.
Herriko alderdi politikook, helduko al diozue hondarraren gaiari serio mesedez, faborez, arren? Ala 15 urte barru hondarrik gabe geratzen garenean beste artikulu bat idatzi beharko dugu hemen? Alperrikako oihartzunak izango al dira hauek berriz?
Iñigo Fernandez
2010eko maiatzaren 19an
Amets on
Derrepente ulertu dut zein izan ohi den batzuetan lorik hartu ezinaren arrazoia: zure ametsak ez daudela prest, oraindik.
Ludwig Hallek idatzitako apuntea omen goikoa, Harkaitz Cano idazlearen ahotik orain pare bat aste irratian aditua. Ikaragarri gustatu zitzaidan esaldia, hamaika irakurketarako atea ireki baitzidan.
Zenbat minutu behar ote dira amets bat prestatzeko? Ba al da amets motelik? Kirolarekin gertatzen den bezala, entrenatuz gero azkarrago lokartzeko aukerarik ba al da? Lo hartzen duten guztiek beren ametsak prest al dituzte? Di-da batean lo egitea lortzen dutenak ameslariagoak al dira? Lo hartu nahi ez dutenek beren ametsetatik ihes egin nahi al dute?
Zahartzerakoan loak bat hartzea gehiago kostatzen omen da. Beraz, urteak bete ahala amets gutxiago izango al ditut? Gure ametsek abandonatu gaituzten seinale al da esnatzea?
Esaldia entzun nuenetik ameslarien zelatari bihurtu naiz. Udaberri busti honetako denbora pasa polita aurkitu dut. Ametsen Gadget inspektorea bihurtu naiz eta ez dakizue zein ederra den jendearen ametsei buruz ipuinak asmatzea.
Ameslaririk kuriosoena noiz eta non topatu nuen jakin nahi?
Esaldia entzun eta egun berberean topatu nuen, trenean. Aldamenean eseri nintzaion mutil gaztea lo gozoan zetorren. Balantza batean zuen burua, alde batera eta bestera, dantza ondo koordinatuan. Usurbil pasa eta berehala kuriositatez begira jarri nintzen. Ez zen bada hasi lerdea dariola eta segidan gizajoa susto batean esnatu! Ez dakit treneko siesta azkar baterako lo gozoegia ez ote zuen hark!
Garbiñe Manterola
2010eko maiatzaren 19an
Erretako ogia
Leku publikoetan erretzea galaraztea ez da hainbesterainoko arazoa izango. Eskozian debekua ezarri zenean, pubek zein kafetegiek ketutako dekorazioa kendu eta berritu ondoren, aste gutxietara ikusi zuten lehen baino jende gehiago ibiltzen zela, gustukoa baitute ke gabeko lekuetan denbora pasatzea, baita erretzaile direnek ere.
Hori buruan nuela, ogia erostera joan nintzen. Kafetegi-okindegian sartu bezain pronto, izugarrizko ke usaina sumatu nuen. Momentu berean konturatu nintzen dirurik ez nuela aldean eta autoraino abiatu nintzen diru bila. Autoan sartu eta ke usaina lagun nuela sumatu nuen.
Ez nago erretzearen kontra. Erretzaile amorratu ohia naiz, eta oraindik gustatzen zait noizean behin erretzea. Baina leku hartan 30 segundo baizik pasa ez eta arropako kiratsa nahikoa zen nire buruari galdetzeko ea, janari
dendetan debekatuta baldin badago erretzea, zergatik joaten naizen zeharo ketuta dagoen leku batera jango dudan ogiaren bila?
Aian eta Orion badaude tabakorik gabeko kafetegi-okindegi bana gutxienez. Gaurtik aurrera, nik, behintzat, halakoetan ketu gabeko ogia erosteko asmoa dut.
Pat Cowie
2010eko maiatzaren 19an
Hamasei urte eta gero…
Bai, atzo zela iruditzen zait, baina hamasei urte datorren San Joan egunean beteko dira gure etxea atondu eta kanpotarrei ostatu ematera ausartu ginenetik. Arraro samar begiratzen zigutenak bagenituen gure inguruan; ze abenturatan sartzera ote gindoazen! artean, baserrietan turistei ostatu emateak zalantzak sortzen zituen, gaur egun oso normaltzat jotzen bada ere.
Gogoan dut hasierako urte haietan gure lan egunak Aste Santu, zubi eta udara mugatzen zirela. Pixkanaka urteko asteburuetan lan egiten hasi ginen eta gaur egun esan dezaket ia urte guztiko asteburuetan izaten dela norbait etxean.
Lan egiteko modua oso aberasgarria izan da niretzat, jende eta kultura asko ezagutzeko aukera eman didalako. Aldi berean, lantegia etxean izateak asko lagundu zigun umeak hazteko garaian. Etxea kanpotarrez beteta ezagutu izan dute beti, eta esango nuke horrek onura ekarri diela, irekiagoak izatera eraman baititu, baita txikitatik erdaraz ondo moldatzera ere. Guk bezala, lagun handiak egiteko parada izan dute.
Gurasoekin umetan etortzen ziren haurrak gaur beren bikotekideekin etortzen direla esan behar dut, eta erabat ahaztuta ditudan abenturak gogorarazten dizkidatela. Joan den udan, esaterako, bikote batek kontatu zidan txikitan atari aurreko meta azpian ezkutaketan jolastea gustatzen zitzaiela gauetan.
Xelebrekeria asko gertatu zaizkigu horrenbeste urtetan, baina batzuk kontatze aldera, aurreko urtean izan genuen bisita berezi bat aipatuko nuke. Amona bat etorri zitzaigun familiarekin ehungarren urtebetetzea ospatzera, eta hor gure sorpresa aurten ehun eta batgarrena ospatzera berriz etorri zitzaigunean! Aipatzekoa da, baita ere, aiar bat Istanbulen oporretan zebilela bertako batek Aian egona zela esan ziola, gure etxean…
Etorkizunera begira garbi daukat nire alorrean formazioa izateak lagunduko didala lehiakor izaten, bezeroak egunetik egunera gehiago eskatzen duelako, eta gauza nabaria da eskatzen duguna ematen diguten lekura jotzen dugula guztiok.
Maria Jesus Arruabarrena
2010eko maiatzaren 19an
Zenbat aurreratu dugu?
Azken aldiko zenbait gertaera triste ikusita, neure buruari hauxe galdetzen jardun naiz: zenbat aurreratu diagu, ba? Naturaren aurrean, alegia.
Gogoetak egiten ditudanean, garai bateko gure baserrietan genuen bizikera hartaz! Giro txarra bazen, ona bazen, uholdeak baziren, haizeteak baziren, elurteak baziren, jelateak baziren, argi-indarrik bazen ez bazen, beste inoren laguntzarik gabe moldatzen ginela.
Ez bi edo hiru laguneko familiak; zortzi, hamar, hamabi laguneko familiak; zaharrak eta ume txikiak tartean.
Ogia jango bazen, soroan garia erein behar zen. Katilukada esne hartuko bazen, ukuilura joan eta behiari esnea bildu behar izaten zitzaion.
Ez dut esan nahi, orain baino artistagoak ginenik, baizik eta geure saiakera derrigorrezkoarekin, nola moldatzen ginen.
Gaur egun, beste aukerak dauzkagu egokituak bizitzeko. Eta eskerrak horri. Baina bizi-bidea egokitua dugun heinean, prestatuta al gaude ezbeharrei aurre egiteko?
Ikusi besterik ez dago, argi-indarra falta zaigun aldi bakoitzean; aibala, orain nola prestatuko dugu bazkaria? Edo afaria? Kandelarik badugu etxean? Lourdestik ekarritakoren bat bai agian. Baina pospolorik? Orain, zigarroa erretzea galarazten ari diren honetan, txiskeroak ere gutxitzen ariko dira.
Bestalde, oraingo eraikuntza; solairu askoko horietan, goi samarrean bizi bazara, atera kontuak: igogailuaren botoiari alferrik emango diozu.
Begira, orain dela gutxi, Katalunia aldea nola egon den. Uste baino elur gehiago egin zuela, eta hainbeste mila biztanle, argindarrik gabe, ilunpean. Inongo herrialderik atzeratuena balitz bezala.
Errepideetako elurrak kentzeko bai, bazituzten tramankulu ikusgarriak. Garabiak ere bai,azken modelokoak. Baina, gasolindegietan ezin egin zerbitzurik, argindarraren faltan.
Horra, herrialde aurreratu bat hutsaren hurrengo bihurtzeko zorian. Hari batetik zintzilik bagaude, zenbat aurreratu dugu?
Hori guztia gutxi balitz, auto elektrikoak datoz.
Nikolas Zendoia
–2010eko maiatzaren 5ean–
Mila bederatziehun…
Beti galdegin izan diot nire buruari ea benetako ala gezurretako oriotarra naizen. Printzipioz ez ditut oriotar izateak berekin dakartzan zenbait ezaugarri. Hasteko, ez da nire senitarteko zuzenik bizi Orion. Zuhaitz genealogikoan atzera egin eta Orion bizi den gure aita zenaren osaba-izeba eta lehengusuren bat aurki daiteke, ordea. Nire lau aitona-amonak Aian jaiotakoak dira. Lauak ere baserri giroan jaioak, haziak eta heziak. Arbasoak ikusita beraz, ezin esan itsasoko kultura handiegirik dudanik. Kostako herri batean bizi naiz, baina ez nuke kostaldekoa naizenik esango. Etxe ondoko Oria ibaian dauden korrokoiez gain, ez dakit beste arrainen bat bereizteko gauza izango nintzatekeen.
Kontuak kontu, bada herriarekin lotzen nauen zerbait: 1901. urtean arrantzatutako balea, hain zuzen ere. Maiatzaren 14an, baina 1986. urtean etorri nintzen mundu honetara. 85 urte lehenago oriotarrek arrantzatu zuten azken balea. Txikitatik halako emozioa eta dardara sentitzen nuen Benito Lertxundik musikatutako Balearen bertsoak entzutean. Eta ezin ukatu gogo biziz abesten ez nituenik. Aldi berean, askotan entzun behar izan ditut balearekiko konparazioak eta bromak. Txiste erraza, badakizu.
Duela jada 9 urte balearen harrapaketaren mendeurrena ospatu genuenean, azkenean heroi haiek omendu genituela pentsatu nuen. Orduz geroztik 5 urtetik behin festa errepikatzea erabaki zen. 2006an izan zen bigarren festa eta heldu den urtean izango da hirugarrena. Ez dakit honezkero Orioko Arraun Elkartean denbora askoa egon zen gezurrezko balea bizirik egongo den… Tira, bestela oriotarrok egingo dugu erreplikaren bat. Edo agian hobe, erabaki ea egiazko oriotarren artean onartzen nauzuen ala ez.
Onintza Aiestaran
2010eko maiatzaren 5ean