Hemen zaude: Hasiera Blogak Hartu hitza Artxiboa 2009

Artxiboa 2009

BECatua

Moila bazter honetan denbora azkar doa. Azkarregi. Aldaketa klimatikoaren eragina dela diote adituek. Duela hamaika urte neguak luzeagoak zirela eta baita urteak ere. Argi dakusagu, ilargiak pasa ahala, urteak motzago eta flekilloa atzerago.

Horrela pasa zaizkigu azken lau urteak ere, di-da, Egañak azken txapela irabazi zuenetik. Bertsolaritzak BECa konkistatu zuenetik. Eta, oraingoan bai, joateko aukera izan dut hiru lagunekin eta autobuskada herritarrekin. Anaiaren lanaren fruituak dastatzera (berak eman zidan gonbita) eta bihotzari igurtziak ematera. Tarteka negar pixka bat egin beharra dago, disimuluan behinik, ze gizonok ere sufritzen dugu isiltasunean. Eta igandeak denerako eman zuen. Serio jarri gintuzten askotan, algaraz besteetan, barre txikia darigula sarri eta Maialenek ospitalean malkoak betiletan dantzan. Benetan diotsuet gozatu egin nuela, genuela, zenutela eta… datozenak gozatuko dutela.

Txundigarria izan zen saioa eta ikaragarria giroa. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako jendea, 15.000 lagun, denak isil-isilik, gero denak txaloka eta, ondoren, eskuak altxatuz olatua egiten. Eta olatuari haizea ematen Orioko minitxaranga, jendetzaren aurrean brankaz Perona, Sarasola eta Iboni. Tsunamia puzten. Barakaldoko olatuaren zipriztinak moila bazterreraino heldu dira. Torrotxo chapeau! Eta baita Errikotxiako langile umilei.

Azkenean, onenak irabazi zuen, Maialenek, merezita. Denbora azkar pasatzen baita, ez alferrik, eta iritsi da, kostata, Clementeren faboritoa zen zarauztar bertsolari handiak erreleboa emateko garaia. Izagirrek… ez, ez hori… Egañak.

Jokin Salsamendi

–2009ko abenduaren 16an–

Karkara 2009/12/17

Euskaratik eta euskaraz

Le Journal du Pays Basque, Noticias de Gipuzkoa, El Correo español –el pueblo vasco–, Diario de Navarra, El Diario Vasco, Diario de Noticias de Álava, Sud ouest… Euskal Herrian gehien erosten diren egunkarietan oso euskara gutxi aurki daiteke. Nahiz eta batzuk vasco/basque hitza gora eta behera erabili –harro-harro askotan–, alfer-alferrik izaten da, ez baitute hitzik jartzen ez vascon ezta basquen ere. Badira izena bera euskaraz jarri eta euskararekin bestelako atxikimendua aditzera eman nahi dutenak ere: Gara, Deia… baina, horietan ere, kale; euskarari tarte txikia uzten diote eta orrialdetan ondo miatuz  baino ez dugu egiten topo gurearekin. Marka da gurea, gero; gehienok erdaraz jasotzen ditugu eguneroko albisteak euskararen herrian, baita euskaldunak garenok ere.

Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz agindu zigun Maialenek igandean, txapelaren zatia guri lagata.

Kendu egin ziguten euskara hutsean genuen periodiko bakarra: gezurren artean egia; Euskaldunon
Egunkaria
.

Zaharra itxi ziguten, egia; baina hortxe daukagu Berria.

Ana Gonzalez de Txabarri
–2009ko abenduaren 16an–

 

Karkara 2009/12/17

Gehienok bekatari

Gure gazte denboran auzoko denda txikietan egiten genituen erosketak. Ia denetik egoten zen: Pryca izenarekin ditugun erako saltokiak ziren.

Orduan, erosketak norberaren etxetik hurbil egiten ziren, herriko eta auzoko dendetan. Eta ia beti denda berean erosten zenez, erosleak eta saltzaileak harreman estua izaten zuten.

Halako harremana sortzen zen, non askotan zorretan lagatzen genuen erosten genuena, eta astebukaeran edota inoiz hilaren bukaeran ordaintzen ziren –lantokitik dirua jasotzen zenean edo senarra itsasotik etortzen zenean–, dendatik eramandako gauzak. Goikokalen guztiok ezagutzen genuen elkar, eta produktuak zorretan etxera eramateko ohitura oso hedatua zegoen garai hartan. Apuntatu esan, eta dendatik alde egiten zenuen, zorroa goraino ondo beteta.

Gainera, auzoko dendan guk geuk eskatzen genuen erosi nahi genuena. Dendariak denon bistan zituen salgaiak, erakusmahaiaren atzeko apaletan, eta guk, bezerook, eskatzen geniona ematen zigun. Eta produktuaren arabera, erosi baino lehen ukitzeko eta baita dastatzeko ere aukera bazegoen: ikustearekin ez baitzen aski; hori dena, ezin giro jatorragoan egiten zen. Konfiantza osoz, gainera. Elkarren arteko harreman onak, seinale. Bada, joaten garen tokian ondo har gaitzatela, denoi gustatzen baitzaigu. Guri harrera ona egitea eta gurekin jator jokatzea, alegia. eta azken hori denda txikietan soilik ematen da, nire ustez.

Bestetik, badirudi, orain askeagoak garela erosterakoan, apaletatik produktuak geuk hartzen ditugulako. Baina ez. Berek saldu nahi izaten dutena muturraren aurrean jartzen digute-eta: eskura-eskura jarri ere gure begien aurrean; gainontzekoak, goiko zein beheko apaletan, edota besteen atzealdean; gure bistatik urrun, erdi ezkutaturik. Gainera, askotan, behar ez duguna ere inkontzienteki hartu eta karrora botatzen dugu. Gastua handituz horrela. Zenbait produktu dastatzeko aukera ere badago; baina soilik  saldu nahi digutena: promoziotan eta horrela.

Gure herriko zenbait dendatan bigarren edo hirugarren belaunaldiak hartu izan balu dendako martxa, aurreko guztiak dakarrena, azkenean, denda itxi beharra da, bezero faltaz; betiko itxi ere. Bada, gero eta jende gehiagok erosketak egiten baititu –gauza batengatik edo bestearengatik– Pryca edo horrelako merkataritza gune handietan; eta herriko  denda txikiei gero eta zailago egiten zaie horiekin lehiatzea eta etekinak ateratzea, duin bizitzen jarraitzeko.

Ondorioz, herrian, denda txikirik gabe, kaleak jenderik gabe gelditzeko arriskua dago eta, horrela, herriak bizia galtzen du.

Beraz, oztopoak jarri ordez, erraztu diezaiegu herriko dendei euren bizimodua aurrera atera dezaten, eta erosleok ez gaitezen erori hain erraz eta hain maiz merkatu handi eta boteretsu horiek ezarritako dotrinan.

Eukeni Santamaria

–2009ko abenduaren 16an–

Karkara 2009/12/17

Hobeto gaztetxean

Elizatik ahal denik eta aparteena bizitzea erabaki dugunok harridura beti berriaz begiratzen diogu haren gainbeherari. Gure ume denboran izugarria zen elizaren presentzia eta indarra euskal herrietan; maindire beltz batek bezala estaltzen zituen herritarren bizitza sozialeko alor guztiak. Maindire hori, ordea, erabat saretu da azken berrogei urte honetan, eta ezin esan horrek penatzen nauenik —argi asko sartzen da zuloetatik—, baina harrigarria zait aldaketaren abiadura.

Orain gotzain berria izendatu du Aita Santuak Gipuzkoan, Jose Ignacio Munilla, eta nik —gure garaiko seme naizenez eta, gaurko gazteei ez bezala, gai hauei buruzko interes pixka bat geratzen zaidanez— haren artikulu batzuk irakurri ditut interneten. Nire adin bertsua duen gotzainaren iritziak denboraren makinan auskalo noizko iragan ilunetik etorritako batenak iruditu zaizkit: homosexualitatea sendatu beharreko gaixotasun neurotikoa dela dio, esate baterako.

Eta gero batzuk harrituko dira gure herriko gazteek nahiago dutelako, eliza zaharra baino, gaztetxe berria. Hobeto daude, bai, gaztetxean!

Jabier Zabaleta

—2009ko azaroaren 25ean—

Karkara 2009/11/25

Egunkaria libre!

Denboran urrun, oso urrun, geratzen da Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Gogoan, aldiz, gertu. Iltzatua, zizelkatua. Hil arte eraman beharko dugun tatuaje baten moduan.

Sei urte eta bederatzi hilabete pasa dira jada Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Sei urte eta bederatzi hilabete, ateko txirrinak jaikiarazi eta koinatak surrealista zirudien albistea zapla bota zidanetik.

Eta sei urte eta bederatzi hilabete beranduago amesgaiztoa dirudiena, oraindik bizirik dago. Bai, egia da Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera Berria kaleratu zela, paradoxak paradoxa, Egunkaria bera baino indartsuago. Bai, egia da orduan atxilotutako ia guztiak kalean daudela. Baina Euskaldunon Egunkariaren aurkako bi sumarioek –nagusiak eta ekonomikoak– aurrera darraite.

Sumario nagusiaren epaiketa egitear dago. Aurrena, azarorako iragarri zuten. Orain, badirudi abenduan egingo dutela. Bost lagun daude auzipetuta: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi. Erakunde armatuko kide izatea leporatzen diete.

Baina sei urte eta bederatzi hilabete geroago agerian geratu da akusazioak ez duela, ez hankarik, ez bururik. Fiskalak berak onartu du ez zegoela Euskaldunon Egunkaria ixteko arrazoirik. Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman. Ez da nire aipua. Ezta defentsako abokatuarena ere. Fiskalarena baizik. Kasua behin betiko ixteko eskatu du, ez egiteko epaiketarik; baina ez diote kasurik egin.

Zein da, beraz,  kasuarekin jarraitzeko helduleku bakarra? Asociación de Víctimas del Terrorismoren eta Dignidad y Justiciaren akusazioa, herri akusazioa. Hau da, abertzaletasunarekin lotura txikiena ere duen gai oro epaitegietara eramaten edo debekatzen ahalegintzen diren bi talde.

Norbaitek oraindik zalantzak baldin bazituen, sei urte eta bederatzi hilabete beranduago agerian geratu da Euskaldunon Egunkaria arrazoi politikoengatik itxi zutela. Eta euskarazko egunkariaren sortzaileak zigortzen badituzte, arrazoi horiexengatik zigortuko dituztela. Zeren, inork imajinatzen al du egunkari bat itxi, bultzatzaileak atxilotu eta torturatu, eta ia zazpi urte beranduago epaitegi batek horretarako arrazoirik ez zegoela esatea? Nik ez, hala izatea nahi dudan arren.

Auzipetuek kontatzen dute Guardia Zibilak ezin zuela ulertu –edo ez zuela ulertu nahi– Euskaldunon Egunkaria herritarrek musu-truk emandako laguntzari esker sortu zela. Ba orain ere laguntza eske gatoz. Auzipetuek merezi dute. Auzipetuek behar dute. Gu guztiok ere bai.

Jakes Goikoetxea
—2009ko azaroaren 25ean—



Karkara 2009/11/25

Argi gutxi euskararen bidean

Etxean argindarra jarri nahi eta Iberdrolari deitu nion. Orduan deskubritu nuen alta euskaraz lortu nahi duenak bere buruaren botilero izan behar duela. Telefonoko zenbakiak zapaltzean Animo Irujo! esan behar dio batek bere buruari. Telefono atzean ditxosozko kantu txotxoloa entzun eta Hik egin dezaken, neska! Ikusi bestela niri gertaturikoa:

Iberdrola : Iberdrola dígame, le asiste XXX

Garbiñe: Arratsalde on, euskaraz dakien norbaitekin hitz egin al dezaket?

Iberdrola: piribiribi ribi ribi piribiribi…

Kanta makarrosoa erantzun bakartzat jaso eta hogei minutu luzez zain egon ondoren eskegi egin nuen. Arnasa sakon hartu, bota eta bigarren deiarekin jarraitu nuen. Beste hogei minutu alfer-alferrik. Hirugarren saiakera ere berdintsua izan zen, tamalez.

Hala ere, pazientziaz armaturik etorri nintzen lanetik egun hartan eta laugarren dei bat ere egin nuen. Eta horrenbesteko sufrikarioaren ondoren: euskaraz erantzun zidaten! Tantoa irabazi nuenaren zoramenaz esplikatu nion behar nuena. Iberdrolakoak dejada polit batekin erantzun zidan baina. Mutiltxo hark ez omen zituen altak bideratzen, lasai egoteko, hala ere, ziztu bizian jarriko ninduela beste sailekoekin.

Eta ezetz asmatu? Kasualitatea, noski, baina sail horretan euskaraz zekiena pixa egitera edo auskalo zertara alde egina zen. Inor ez omen zegoen euskaraz zekienik momentu hartan. Bi aukera paregabeak eskaini zizkidan orduan: tramitea gaztelaniaz egitea edo berriz ere odisea hasieratik hastea. Zer egin?

Egun horretan bi zulo hasi ziren nire baitan: ultzera bat urdailean eta dezenteko zuloa poltsikoan, telefono faktura ederra tarteko.

Eta bitartean argi gutxi euskararen bidean. Mundura ez ginen, euskaraz bizitzeko jaio, nonbait. 

Garbiñe Manterola
—2009ko azaroaren 25ean—



Karkara 2009/11/25

Bizitza 2.0

Komunikatzeko gero eta bide eta modu gehiago ditugu eskuartean, baina gero eta hobeto komunikatzen al gara? In-komunikazio osoa / Bakardadea, iluntasuna / Tristezia, ondoeza, histura /In-komunikazio osoa. Ezaguna egiten al zaizue?

Sare sozialei esker, edo zoritxarrez, gaur egun bizitza paralelo bat bizi dugu: bizitza 2.0 deiturikoa. Askok eta askok sare sozialak denbora-pasa gisa hartzen badituzte ere, gero eta garrantzi handiagoa dute gure bizitzetan. Lana da adibide bat. Gero eta gehiago, enpresariek kontratatu behar dituzten langileen Facebook, Twitter edo Tuentiko profilak sakonki aztertzen dituzte, balizko langilearen gaineko informazio gehiago eskuratzeko: zaletasunak, dituen lagunak… Behin enpresa bateko langile bihurtzean ere, arazo moralak eragin ditzake sare sozialeko kide bihurtzeak. Zer egin sare sozial batean nagusiak zure lagun egin nahi badu? Onartu ala ez ikusiarena egin? Onartuz gero, agian, zure profilean sartuko zenituzkeen zenbait argazki edo testu sartzeari uko egingo diozu. Auto-zentsura zuk sorturiko txokoan? Gonbidapenari ezetz esatea ere zerbait ezkutatzen duzunaren seinale izan daiteke. Edo, agian, buruari buelta gehiegi ematea da?

Hedabideentzat ere informazioa zabaltzeko aukera ematen duen beste plataforma bat da. Ez hori bakarrik egun, informazio-iturri gisa ere erabiltzen da komunikabideetan. Lehen, irratia zen albiste bat zabaltzeko modurik azkarrena. Orain sare sozialek tronu hori kendu diote. Nahikoa da, esaterako, Twitterren esaldi bat sartu eta enter botoiari sakatzea edozein albiste sarean barrena hedatzeko.

Plataforma berri hauek agian guk uste baino eragin handiagoa dute gugan. Izan ere, sare sozial horietan gure bizitzaren bigarren zatia garatzeko aukera dugu. Herrian lagun talde bat dugun moduan, lagun talde bat dugu Facebooken, Tuentin edo dena delakoan. Eta lagun taldeak gurekiko iritzi ona izatea garrantzitsua den moduan, garrantzitsua da sare lagunek ere zurekiko iritzi ona izatea. Azken horrek berdin balio du pertsonekiko, produktuekiko edo enpresekiko. Edo bestela galde diezaiotela Paranormal Activity filmaren produktoreari. Sare sozialetan eginiko ahoz ahozko onari esker AEBetako zinema-aretoetako filmik ikusiena izatea lortu du produkzio xume horrek.

Ez hartu idatzi hau sare sozialen aurkako gisa! Gauza guztiek bezala baditu alde onak eta txarrak, ongi erabiltzen jakitean dago gakoa! Hala ere, ez dakit sare sozial horiek inkomunikaziora ez ote garamatzan. Geroz eta ausardia gutxiago dugu aurrez aurre hitz egiteko eta gehiago sare sozialen bidez pentsatzen duguna adierazteko.

Onintza Aiestaran
2009ko azaroaren 13an

 

Mikel Aranzabal 2009/11/13

Murriztu eta berrerabili

Herritarrok sortutako zaborra Zubietan egingo den erraustegira bidaltzeari uko egin dio Orioko Udalak eta atez ateko gaikako bilketari bidea zabaldu. Erabakiari txalo egin nahi diot.

Hala ere, laster hastea espero dudan proiektu horren lehen pausoa besterik ez da, kilometro luzeak dituen bidearen aurreneko metroa. Gaikako bilketa ez da dugun erronka, bitartekoa baizik. Birziklatze hutsak (noizean behin papera zakarrontzi urdinera botatzea ez da kontuan hartzen) ez du zaborra gutxiago sortzeko bidea egiten. Eros itzazue plastiko gutxien erabiltzen dituzten produktuak, adibidez.

Denboran atzera egin beharko dugu aurrera pausoak emateko; aiton-amonen ohitura zaharrak gaurkotu beharko dira: karroetan eraman ditzagun erosketak etxera; birritan garbitu daitezkeen produktuak erosi ditzagun, zakarrontziak behin bakarrik erabili daitezkeenekin bete gabe…

Bestalde, atez ateko bilketa ez omen da segituan jarriko martxan. Hala ere, zain egon gabe, alderdi asko eta asko landu daitezke (herritarroi behar bezala birtziklatzen erakustea, esaterako) horretrarako gogoa baldin badago, behintzat.

Lore Berasaluze

2009ko azaroaren 13an

Mikel Aranzabal 2009/11/13

Ur marroia eta ke beltza

Euri eta euri, elegante dator errioa. Kafe-makinako kaputxinoaren kolorea du ur-jalak. Hala deitzen diote moila bazterreko metereologoek. Burgikoen tankerako almadiak antolatu dira San Luis eta Kantabrikoren artean; Villabonako kaletarrari eskutik joandako aterkiak zulatu du Joxe Migelen yatea; Ikastola aurrean bueltaka zebilen atzo Idiazabalgo neska koxkorrari ihes egindako baloia.

Traste zaharrak askoz gehiago. Baina ikusitako eta imajinatutako guztiak ez ditut zerrendan sartu. Zuen osasuna dago jokoan. Pentsa, duela hilabete eta erdi ibaian pasa genuen goiza herriko gazteek. Kolorea hartzen hasia zegoen ordurako. Gaztetxearen alde gazteak, udazken koloretan.

Gaur, ia hondakin guztiak helmugara iritsiak izango dira. Martxan da hondartzako tonbola. Egurrezkoa da. Txakurrari makila bota eta ez du jakingo zein den nagusiarena. Udan hanka azpian bueltaka izango ditugu biltzen ez dituztenak.

Urak tapatu ditu baratzak: akabo koliflorak, bruselasko azatxoak eta letxu moreak. Platera dekoratzeko erabiltzen direnez, gaitzerdi. Baina laster haizeak zikinduko ditu, kutsatu. Zazpi kilometrora zabalduko baita kea. Eta honen opariak marroiak izango dira urarenak bezala. Eta ez ditugu ikusiko.

Errauskailuaz ari naiz. Herritik zazpi kilometrora omen. Estrategia eraginkorra da komeni denean gora edo behera borobiltzea. Zubietan jarri behar badute, ez da zazpira egongo, Via Michelinek hamalau markatzen ditu, autopistaz joanda hamar. Berdin dio, ez da broma.

Bitartean zinegotziak 5-6, pilota partiduan. Ez dakit, udaletxeko leihoak ez ote daude ibaira begira. Eta aurki marroia beltza bihurtuko da.  

Jon Agirresarobe Torrotxo
2009ko azaroaren 13an



Mikel Aranzabal 2009/11/13

Izan pirata!

Beatles-en Help! kanta mitikoa (eta, noski, atzo internetetik jaitsi nuena) irrati-kasetean dut entzungai  eta… kasualitatea! Laguntza pixka bat eskertuko nuke iritzi artikulu hau osatzearren, ideiak aspaldian nahiko geldo baitauzkat; ikasturtea hasi zenetik. Lagun asko  irrikitan daude, lehenago eginiko iritziaren antzera polemika sortuko duen zerbait idatziko dudalakoan; besteak, lehengokoarekin ez oso gustura, Hi oaingon ezai pasa e! eta nik… nik ez dakit argi utzi nuen OKK-k arrazoi duela eta asmatu zuela izena aukeratzerakoan. Herri hau kaka bat da, eta ez dut uste ordutik ezer aldatu denik. Oraindik ere Orio kaka bat da, eta ez edonolako kaka bat, gaztetxerik gabeko kaka bat.

Baina ez da ez gaztetxearen kontua gaurkoan kritikatu nahi dudana, ezta herri honi darion kiratsa.

Berri Txarrak-ek, inoiz izan den euskal rock talde entzutetsuenak, kaleratu berri du Payola, seigarren diskoa, eta merkatura irten zen lehenengo astean, Espainiako salduenetariko bat izan zen. Tituluak eta diskak orokorrean gaur egun musikagintzan dagoen saldukeriari egiten dio kritika eta hori da, hain zuzen, nik hona ekarri nahi dudana gutxi gorabehera.

Bada SGAE (Sociedad General de Autores y Editores) izeneko elkarte bat Espainian (beste lekuetan beste izen bat duena), diskoen, musikarien, abestien… eskubideak zehazten eta bermatzen dituena. Horregatik, elkarte horrek, musikarien irabazien ehuneko zehatz bat eskuratzen du.

Bada, ordea, horren aurkako mugimendua, bai Euskal Herrian eta baita munduan ere: Underground mugimendua.

Duela bi aste Galizian jotzen izan berri naiz, eta ez dut dirurik jaso (soilik sarreren dirua; 3 euro baino gutxiago kontzertuko) eta gutxiago jaso du horregatik SGAEk. Baina diruak edonor aberastu dezakeena baino gehiago aberastu nau kulturalki eta pertsonalki hango egonaldiak.Eta hortan datza Undergrounda, hartu-eman kulturalean, hartu-eman kultural aske eta doakoan;kultura librea baita herriaren oinarria eta bizitza, kultura libreak ezer eskatu gabe asko ematen duelako.

Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik jaitsi, kopiatu, elkarbanatu… ahal duzuen musika, edo bestelako espresio artistiko mota guztiak. Adierazpenak inoiz ez baitu inor aberasteko iturria izan behar. Horrela, eta ez beste modura, haziko baigara pertsona eta herri bezala.

Eta lasai, Bisbalek bestela ere izango du eta Marbellan txaleta, kontzertuak sarrerako 60 euro kobratuz.

Beraz badakizue, izan pirata!

Eta Bisbal, ez da ezer pertsonala, baina hiztegiak dioen bezala: You'll never walk alone!

Eñaut Martí

Underground musikaria—

Mikel Aranzabal 2009/10/28
282

282. Karkara PDF formatuan irakurri nahi baduzu klikatu hemen.

Gainontzeko Karkarak irakurtzeko, berriz, klikatu hemen.

Sanpedroetako eta udako gainerako festa programak ikusteko klikatu hemen.

Azken erantzunak
ETXERA Denak Etxera, 2009/11/22
Mitxelinak Errausketarik ez, 2009/11/18
FUD John Smith, 2009/11/16
copyleft=underground Mikel Aranzabal, 2009/11/02
Copyleft John Smith, 2009/10/28
Etiketa lainoa
ADARRETATIK HELDUTA AIAKO LEIHOA IRITZI ARTIKULUA MOILA BAZTERRETIK MUNDIALA NIRE HONETAN