Hartu hitza
IRITZI ARTIKULUA
Trasto zaharrak
Elurtearen ondoren errioak ur karga eraman ohi du; baina berdea, esmeralda-salda distiratsua. Ederra eta hotza. Eta itsasgoran Oriak janzten du bere eztei-soinekoa eta zelaien orlegi argiak, uraren turkesa kolorearekin batzean neguko zeru oskarbi urdinean, paradisuaren argazkia erakusten digu norbaitek. Norbait baldin bada, behintzat.
Aldiz, euri jasa bortitzak direnean, uholdeak txokolatezko sopa eraman ohi du itsasora trasto zaharrak eta zaborra tartean, madalenak kafesnetan bezala. Eta hantxe dakusagu moilatik alferrikako zenbat gauza darabilgun egunerokoan eta sarritan zertan eta non geratzen den gure arrasto biologikoa.
Lazkao Txikik gizonaren titiak zirela alferrik egindako naturaren lana bota zuen bertsotan. Argiñanok, telebistan, poltsako ogi bigunaren lehen xerra zela alferrikako gauzen adibidea. Eta nire lagun batentzat beta bideoa (edo okerrago 2000 bideoa).
Zenbat traste ote ditugu etxean? Eta berriz salduko bagenitu? Elkar trukatuko bagenitu behar desberdinak dituztenen artean?
Nik umetan zaharragokoen arropak jantzi izan ditut (agian gure jirakoak izango ginen azkenak) eta baita besteen liburu, jostailu eta tramankuluak erabili ere. Horrela, dena aprobetxatzen zen etxeetan kalte ekologikoa gutxituz eta bereziki dirua aurreztuz. Aberatsen gisa bizitu gara lurretik bi metrora; airean. Orain lehertu zaigu puxika eta sartu ditugu hankak hondarretan eta atzera begiratu beharra dago, egindako kaltea konpontzeko berandu baino lehen.
Krisiak erakutsiko digu berrerabiltzen eta erraustegiaren mamuak eta gure haurren begirada osasuntsuak erreziklatzen.
Dena den, oraintsu jakin dut gizonezkook ere badugula esnea emateko genea eta estres egoera larrietan aktibatzen dela. Ai, Lazkao Txiki, alferrikakoak zirela gizonaren errapeak! Ikusten nago hirugarrenari neronek emango diodala oraindik bularra!
Jokin Salsamendi
2010eko otsailaren 17an
Hipotesitik teoriara
Urtean behin joaten naiz aireportura, Bilbokora. Nahiago nuke neronek hartuko banu hegazkina, baina ez da hala izaten, taxista lanak egitera joaten naiz-eta, kobratu gabe, gainera. Halaxe egin dut aurten ere, baina ilusio bereziz joan gara oraingoan. Ez du preziorik aiton-amonen aurpegiak etxeko txikia ikusten dutenean.
Autoa aparkatu eta kristalezko begiraleku horietara gindoazen, halako usain ezaguna etorri zitzaidanean. Goiuri lasai zegoen, lanak eginda.
Han abiatu ginen, ba, gizona (txikia besoetan zuela) eta biok komunera, bide batez hezurrak epeltzeko aprobetxatuz. Espero baino berotasun gehiago sentitu nuen, ordea, komunetako kartelak ikustean. Gizonek ez dute, itxuraz, haurren pixoihalik aldatzen; ez, behintzat, Loiun. Besoetatik kendu nion haurra bikotekideari, marmarrean, baina alferrik zela jakinda.
Ohiturak aldatzen ari omen dira, berdintasunaren bidean omen goaz; gizonek etxean emakumeek adina lan egiten omen dute; omen gehiegi nire gusturako, hipotesi hutsak. Inoren etxean sartu gabe, kalean ez da horrelakorik ikusten. Teoria bihurtzeko asko falta du oraindik hipotesi horrek.
Lore Berasaluze
2010eko otsailaren 17an
Azken erabakiaren zain
Otsailaren 20an zazpi urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Eguna joan eguna etorri, erantzunik ez, aurrera pausurik ez, ezin gelditu amets gaizto hau.
Badirudi, ordea, azkenean, Egunkaria auziaren emaitza laster jakingo dela. Urte luze eta gogor hauen ondoren, hilabete honen amaierarako aurreikusten dugu epaimahaiaren erantzuna. Zer gertatuko da? Inork ez daki. Esperantza txiki bat ikusi dugun bakoitzean atzetik zartako latza etorri zaigu. Horren adibide garbiak dira 2005ean Espainiako eta Europako parlamentuek itxiera baliogabetzearen eta auzia artxibatzearen alde egindako eskariak.
Auzipetuek jasandako beste kolpe gogorraren adibide da Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, Miguel Ángel Carballok, kasua artxibatzeko eskatu zuenean 2006ko abenduaren 14an, akusazioek oinarri sendorik ez zutela iritzita. Geroztik jarrera hori mantendu duen arren, epaiketak aurrera jarraitu du Terrorismoaren Biktimen Elkartea eta Dignidad y Justicia erakundeek aurkeztutako salaketan bakarrik oinarrituta. Oraindik gogoan ditut egun horietan Martxelo Otamendik lankide guztioi esandakoak: Gaurkoa egun handia izango zelakoan, goizean txanpain botila batzuk eta pastak erosi ditut denok elkarrekin berri ona ospatzeko, baina zoritxarrez gorde egin beharko ditugu epaiak aurrera jarraitzen baitu; Egunkaria auzia ez da artxibatuko. Une latza izan zen hura; albiste txarrak berriz ere.
Egunkaria Epaiketa Taldeak dio denera 500.000 euro behar direla epaiketa gastuak kubritzeko. Dirua biltze aldera, ekimen ugari antolatu dira azken urteotan Euskal Herriko txoko gehienetan, jendearen laguntzari esker (aipamen berezia merezi dute Herri Batzordeek egindako lanek). Kamisetak, bono laguntzak, kontzertuak, hitzaldiak… denek jaso dute erantzun bikaina eta horri esker, zuei esker, zuloa txikitzen ari da.
Gustura jakingo nuke aurretik aipatu ditudan eta salaketa jarri duten bi erakunde horien diru iturria zein den. Ez dute aurrekontu makala izango neurrigabeko epaiketa gastuei aurre egiteko.
Ez ditut ahaztuta utzi nahi auzipetuek jasandako torturak, Espainiar Estatuak urteetan zehar onartu duen politika zikina. Alferrikakoak dira salaketak (Estrasburgora ere iritsi ziren baina…) eta sendagileen informeak; inkomunikazioa debekatzen ez duten bitartean euskal preso politikoak beti egongo dira arriskuan.
Amaigabea zirudiena amaitzea nahi dugu, horixe: absoluzioa!
Idurre Lizarralde
2010eko otsailaren 17an
67
67 urte potolo bete aurretik ezin izango dugu jubiloa lortu. Egokia iruditu zait niri erretiroa atzeratzearen erabakia, bai jauna. Azken finean gure kinta ingurukoak izugarri berandu hasi gara gizarte segurantzari gure ekarpen txikia egiten, eta horrek noizbait buelta izan behar zuen.
Txukuna, beraz, ideia. Baina, zer egingo dute oraindik urte kopuru hori izan ez eta dagoenerako dirua eta denbora, biak ala biak, lortu dituztenek? Guk lana gogor nola egiten dugun ikusi eta lasai, patxaran lo egiteko ahalmena izango al dute? Solidaritate apur bat erakusteko lan pixka bat egitea aukera polita litzateke, bide batez, aspertzeko arriskuari agur esanez. Badatorkit burura ideia bat edo beste.
Taldetxo batek Eusko Gudari kaleko baldosak banan-banan errebisa ditzake. Horrela, euria egiten duen bakoitzeko ez dugu hanketako dutxa nazkagarri horietakoren bat sufrituko. Beste koadrila batek, berriz, herrian momenturo libre dauden aparkalekuen berri izan lezake, eta horrela herrira sartu eta Tragoxka parean bertan jakingo genuke zuzenean kotxea non utzi. Askok eta askok gainera propina polita emango lioke hori egiten duenari! Goizetan arrandegiko pasada gure ordez egitea, hori ere, sekulakoa litzateke. Edo horren ordutegi zabal eta erosoa duten aurrezki kutxetako gestioak egitea. Eginbehar garrantzitsuenetako bat berriz zubiko loreontzietan loreak landatu eta mantentzea izango lukete. Horretarako, baina, loreontziak bertan jartzeko ideia izan zuen iluminatuarekin hitz egin beharko. Ez baitut uste bertan bizi daitekeen lore espezierik jaio denik.
Gu langile finak izango garenon bizitza errazteko kanpaina martxan da. Erretiratu solidarioren batek bere izena eman nahi izanez gero, udaletxeko idazkaritzan du apuntatzeko lista.
2010eko otsailaren 3an
Alde bateko elkarlana
Urtarrilaren 5ean, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Aian izan zen Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian ekimenaren barruan.
Prentsa gonbidatu zuen galderak egiteko18:30erako, eta herritarrak 19:00etarako. Arraroa. Horrelakoetan prentsaren lana ez al da bi aldeek esandakoa islatzea? Kazetariak ez ziren geldituko herritarren ekarpenak, kritikak edo kezkak jasotzeko ala? Ba, ez. Karkarakoa soilik gelditu zen bukaera arte, beste denek Diputazioak
prestatutako orria jaso eta alde egin zuten segituan.
Orriaren lehen titularrak zioen: Aiako 70 herritarrek baino gehiagok euren zalantzak eta iritziak partekatu dituzte (bai, elkarlana hasi baino lehen) Gipuzkoako Diputatu Nagusiarekin. Eta jarraian zetozen partekatu… guztion artean… denok… partaidetza… eta beste hamaika hitzen artean Diputazioaren kultura politiko berri bat… Gauzak egiteko beste modu bat (gor)aipatzen zen.
…Ba,bai, garbi dago berria dela, beste modu bat: elkarlana, baina ondo antolatuta prentsan
politikoen aldeko hitzak soilik azaltzeko. Zer jaso zuten, ba, herritarrengandik kazetariek? Tutik ere ez.
2010eko otsailaren 3an
Oriotik Italiara
Bizitza osoa Orion pasa dut, softbolean jokatzen. Baina badira 5 urte Italia aldetik nabilela. Kirol horri esker, bestelako bizimodua egiteko aukera izan dut: etxetik atera, beste hizkuntza, ohiturak ikasi… esperientzia hori probatzeko gogoa etorri zitzaidan eta horrela pasa dira urteak.
Lehenengo urtean Marcheno aldera, Bresciako herrialde txiki batera, abiatu nintzen hango taldearekin jokatzera. Bizitza nahiko lasaia zen, hiriburuko etengabeko hara eta honako mugimendutik urrun geratzen baita.
Hurrengo hiru urteak La Loggia herrian pasa nituen Turinetik 5 kilometrora. Hemengo bizitza askoz ere biziagoa da, hiritik gertu dago eta sofbola jende gehiagok jarraitzen du.
Egun Somma Lombardon bizi naiz, Milanetik 30km-ra. Hiri horretakoa dut mutila eta hemen bizitzea erabaki genuen. 5 km-ra aireportu handia daukagu eta mugimendua nabaritzen da: jendea joan-etorrian dabil, hegazkina hartu eta utzi.
Beti iparraldean ibili naiz; oso polita da. Mendi eta laku asko daude, baina beti faltan sentitzen da itsasoa. Horregatik, ahal dugunero, Oriora hurbiltzen gara.
Hemengo bizimodua Euskal Herrikoaren antzekoa da, baina gustura hartuko nituzke hemen gure poteoak. Hemen ez dago ohitura hori, nahiz eta aperitiboa egitera ateratzen diren. Edatekoa eta jatekoa ekartzen dizute, baina 5 euro ordainduta. Hirietan, ordea, hedatuago dago usadio hori: 5 euroren truke, nahi adina aldiz, nahi adina kantitate edari eta jaki duzu eskura. Ez dago gaizki.
Hemengo beste ohituretako bat –eta ahaleginak eginda ere ezin nahiz horretara jarri– 12etan bazkaldu eta 19etan afaltzea da. Etxean nagoenean, nire betiko ordutegiari, Euskal Herrikoari, eusten diot, baina kanpora bazkaltzera edo afaltzera ateraz gero, ordutegi horretara moldatu behar! 15:00etarako eguerdian eta 22:00etarako gauean itxita daude sukaldeak.
Hizkuntza aldetik, uste dut denak txoratu egiten garela italiarrez hitz egiten entzuten dugunean; erraza ematen du, gaztelaniaren tankera baitu. Ezer jakin gabe ulertuko nuelakoan nengoen, baina aurreneko esaldia esatean konturatu nintzen ez zela horrela.
Italiako herrialdeaz zer esan? Modak ikaragarrizko garrantzia duela. Edozein herritan aurki daitezke sona handiko arropa marken dendak. Asko zor dio Italiak modari. Historiari dagokionez, ondare handia du lurraldeak: gazteluak, museoak…
Bukatzeko, Italian zergatik geratu naizen galdetzen dutenei il mio amore aurkitu dudalako esan beharko diet. Eta hizkuntzaz ere maitemindu naiz. Hala ere, norberaren herriak asko tiratzen du eta nork daki, akaso, Orio aldera bueltatuko ez ote garen.
Rebeka Karrera
2010eko otsailaren 3an
Kalian gora kalian behera
Koadrilan nabarmen aldatu dira hizketa-gaiak. Realaz eta bihotzaz hizketan jarraitzen dugu, baina dekorazioa hirugarren postura igo da Top Gaztean. Arrauna, bertsoa eta autoen aurretik jarri da. Orain tuboskapia beharrean mepansa esaten dugu. Alferrikako betelanaren ordez –termino bertsolaristiko oso erabilia– Ikeara joan. Sinonimoak dira.
Sofa iritsi zain dago laguna Abaromendi kalera bizitzera joateko. Goenkaleko gidoilariek asmatua ematen du Abaromendik, baina bulego teknikoan eman digute azalpena.
Goazen gainontzeko kale izenen errepaso azkarra egitera. Badira egoki askoak: Ixarra, Erribera, Baxoalde, Dike. Baita astelehen goizean erabakitakoak ere, bi aldiz pentsatu gabeak, alegia: Ibai-Ondo eta Hondartza bidea, ta fuera. Azalpen handirik ez dutenak: Iturbide, esaterako, ez dut uste pilotaleku atzeko iturri beltzak hainbeste protagonismo behar duenik. Hendaia plaza, bestea, oraindik ez dut zubi-ondoko plaza aurkitu. Ofizioak: pelotari, estropalari, arrantzale… Patriotikoak: Almirante Oa, Eusko Gudari, Calvo Sotelo omen zena.
Ez da komeni aldaketak egiten hastea. Bestela, enpadronamentua, karneta eta erreziboak aldatu behar dira eta hiru goiz galdu. Baina ariketa polita da izen berriak proposatzea, Ikeako altzariak muntatzea bezain dibertigarria: Santi Barranco 2min 50s beharko luke kale Nagusiak. Inork bizikleta igoeran marka hobetzen badu, Goiko Kaleko festen ostean txapa aldatu eta listo. Eusko Gudari aldatuko dugu, baina ez diogu Jorge Oteiza jarriko; Oteizarentzat almirantearen eskilarak. Irristaden kalea, baldosa hautsiena edo Bakearen Etorbidea izango da herriko kale luzeena, Gudariena.
Hori bai, plenoak onartu behar ditu izen berriak. Beti bezala, proposamenak jasotzeko prest daude agintariak.
–Jon Agirresarobe, Torrotxo–
2010eko urtarrilaren 20an
Herri-torturak
Asteburuan, Aian izan nintzen lanean eta zaldi-mando probak eta ahari jokoak ikusi behar izan nituen.
Lehenengoari helduta, aurreneko aldia zen dema moduren bat ikustera joaten nintzena eta, ordura arte ez zitzaidan horren krudela iruditzen, nire begiekin eta gertutik ikusi nuen arte. Kamerarekin probalekuraino jaitsi eta animalia hura ikustean, zainak gori-gori, mingaina ahoan sartu ezinik, sufrimendu keinu amaigabeekin aurpegian… eta mandozaina tira eta tira, gehiago eskatuz. Ezin izan nion eutsi eta alde egin behar izan nuen, tripak nahastuta.
Igandean, berriz, herri-kirolen aurretik eta ondoren, ahari jokoak izan ziren Aiako plazan; eta berdin. Kaskezurren kolpe hotsak aurpegia lekuz kanpo uzten zidan, eta inguruko askorengan ere nabaritu nuen sentimendu bera.
Ezin dut ulertu. Animaliei egiten zaien horrek izen bat du eta gizakiok geure artean ere praktikatzen dugu, urrutira joan gabe. Nahi baduzue deitu ohitura, deitu herri-kirola, deitu folklorea edo deitu nahi duzuen bezala, baina hori ez da ez kirola ez eta kultura ere. Hori tortura da.
–Mikel Aranzabal–
2010eko urtarrilaren 20an
Zatozte gugana!
Hainbeste maite nuen lurra txiki ikusi nuen hegazkineko leihotik, lur lehor eta arrea. Begiak busti zitzaizkidan aspaldiko partez, familia, lagunak, etxea, dena atzean utzi behar izan nuen. Gogotik egin nuen negar.
Tarte baten ostean eroso jarri eta lasaitu egin nintzen, nire aukera zen! Europara bidean nindoan! Lana aurkitu eta familiari dirua bidaliko nion eta, urte batzuen buruan, itzultzeko moduan izango nintzen. Lehenengo egunak gogorrak izango ziren, ordea, leku berrira ohitu arte, baina ez nintzen larritu, europarrak pertsona zibilizatuak dira, jatorrak eta adeitsuak, eta azkar moldatuko nintzen Orioko herri txikira.
Atzean utzi nuen familia, atzean utzi nituen lagunak eta atzean utzi nuen pobrezia, baita gosea eta bizitza gogor haiek ere. Ahal bezain beste diru bildu eta zerotik hastera nindoan aukeraz betetako herrialde batean. Ezin nuen Afrikan bizitzen jarraitu. Ikasketak amaituta eta lanik egin ezinik nenbilen, ekonomikoki atzeratutako gizarte hartan, bizimodua hobetzeko aukerarik ematen ez zuen hartan. Bizi- modu duina emango nion nire familiari, merezi zuenaren parekoa.
Bi urte pasa dira jada Euskal Herrira etorri nintzenetik. Aukeraz beteriko lurralde honetan bi urte, dagoeneko. Lanik ezin lortu, sabela betetzeko ere komeriak eduki izan ditut: lehenengo lanpostua lortu berri dut. Amets denak ahaztu ditut bi urte hauetan. Zaila da itxaropena edukitzea horrelakoetan; baina fedeak lagundu dit.
Denbora honetan guztian familia txiki baten partaide izan naiz, Orioko beste senegaldarrena. Nire familia urrutiegi sentitzen nuen eta ikusezina nintzen bertakoen begietara. Bi urtetan inor gutxik galdetu dit zein izen dudan, nongoa naizen, zer egiten dudan hemen… Eta lanik ez topatzea gogorra den arren, bizi garen herrian ez integratzea askoz ere gogorragoa da, benetan diotsuet.
Lana topatzea zaila dela badakit, gehiago garai hauetan, bertako jende asko ere langabezian dagoenean. Baina ez nuen uste lagunak egitea ere hain zaila izango zenik, jendea hain itxia izango zenik. Gu askoz ere irekiagoak gara. Ohitura kontua izango da, agian, baina ez dakit zer egin behar den hemen jendea ezagutzeko. Oso zaila da inor niregana etortzea. Kolore beltzagatik izango ote?
Idatzi honen bidez nire eta beste senegaldarren egoera erakutsi eta aurreiritziak alde batera uzteko eskatu nahi dizuet. Erakutsiko dizuegu pertsona zibilizatuak garela, jatorrak, errespetukoak, esker onekoak eta, batez ere, langile finak.
Besterik gabe, kalean topatzerakoan agurtuko zaituztet.
–Atou Boye–
2010eko urtarrilaren 20an
Herri-torturak
Mikel Aranzabal
Asteburuan, Aian izan nintzen lanean eta zaldi-mando probak eta ahari jokoak ikusi behar izan nituen.
Lehenengoari helduta, aurreneko aldia zen dema moduren bat ikustera joaten nintzena eta, ordurarte ez zitzaidan horren krudela iruditzen, nire begiekin eta gertutik ikusi nuen arte. Kamerarekin probalekuraino jaitsi eta animalia hura ikustean, zainak gori-gori, mingaina ahoan sartu ezinik, sufrimendu keinu amaigabeekin aurpegian… eta mandozaina tira eta tira, gehiago eskatuz. Ezin izan nion eutsi eta alde egin behar izan nuen, tripak nahastuta.
Igandean, berriz, herri-kirolen aurretik eta ondoren, ahari jokoak izan ziren Aiako plazan; eta berdin. Kaskezurren kolpe hotsak aurpegia lekuz kanpo uzten zidan, eta inguruko askorengan ere nabaritu nuen sentimendu bera.
Ezin dut ulertu. Animaliei egiten zaien horrek izen bat du eta gizakiok geure artean ere praktikatzen dugu, urrutira joan gabe. Nahi baduzue deitu ohitura, deitu herri-kirola, deitu folklorea edo deitu nahi duzuen bezala, baina hori ez da ez kirola ez eta kultura ere. Hori tortura da.
–Mikel Aranzabal–
2010eko urtarrilaren 20an