Hemen zaude: Hasiera Blogak Hartu hitza NIRE HONETAN

Hartu hitza

NIRE HONETAN

Larria da, lasai

Esaiguzu zein den zure ideia ezberdinak izan gaitezen, zeren kontra zauden baino gehiago zer egiteko prest.

Zenbat aldiz erabili ote ditut Berri Txarraken abestiak azaldu nahi dudanerako. Beste adibide bat, egokiagoa: Eskasa da, eskasa gure belaunaldiaren lorpenen zerrenda zuria.

Esaldi horiek aipatuta, nabarmena izango da nondik nora jo nahi dudan, eta ulertu ez duenari argi eta garbi esango diot: gauzak ez dira beren kabuz aldatzen, egiten, lortzen… eta okerragoa da besteek egiteko zain egotea.

Zein ondo pasatzen dugun Gazte Festetan, herria alaituz gaztetxea aldarrikatzen. Zeinen ondo Bertsio Gauetan, eltzeitsuan bi duro bota eta gaztetxearen alde la ostia egin bagenu bezala. Baina kazerolada ziztrin baterako gazteriari dei egin eta inor ez zen agertu plazara. Aitzakia badugu oraingoan ere: kartelak kendu dituzte eta ez nintzen enteratu! Euria ari zuen! Azterketetan nintzen! …guztiak egiak.

Ezin inori ezer aurpegiratu, bakoitza libre omen da-eta nahi duena egiteko. Baina ez dut uste bidea ezer ez egitea denik.

Gaztetxerik ez dugula? Larria da; lasai, aspaldi ohitu ginen. 

Mikel Aranzabal

–2010eko ekainaren 2an–

Mikel Aranzabal 2010/06/02

Erretako ogia

Leku publikoetan erretzea galaraztea ez da hainbesterainoko arazoa izango. Eskozian debekua ezarri zenean,  pubek zein kafetegiek  ketutako dekorazioa kendu eta berritu ondoren, aste gutxietara ikusi zuten lehen baino jende gehiago ibiltzen zela, gustukoa baitute ke gabeko lekuetan denbora pasatzea, baita erretzaile direnek ere.
Hori buruan nuela, ogia erostera joan nintzen. Kafetegi-okindegian sartu bezain pronto, izugarrizko ke usaina sumatu nuen. Momentu berean konturatu nintzen dirurik ez nuela aldean eta autoraino abiatu nintzen diru bila. Autoan sartu eta ke usaina lagun nuela sumatu nuen.

Ez nago erretzearen kontra. Erretzaile amorratu ohia naiz, eta oraindik gustatzen zait noizean behin erretzea. Baina leku hartan 30 segundo baizik pasa ez eta arropako kiratsa nahikoa zen nire buruari galdetzeko ea, janari
dendetan debekatuta baldin badago erretzea, zergatik joaten naizen zeharo ketuta dagoen leku batera jango dudan ogiaren bila?

Aian eta Orion badaude tabakorik gabeko kafetegi-okindegi bana gutxienez. Gaurtik aurrera, nik, behintzat, halakoetan ketu gabeko ogia erosteko asmoa dut.
 

Pat Cowie

2010eko maiatzaren 19an

Karkara 2010/05/19

Kirolaren elkarbizitza

Izugarria da aurten herriko saskibaloiak egin duen lana. Nahiz eta gorenean dabiltzan herritarren emaitzak ez diren izan onenak, herrian bertan, Orioko Herri Ikastolak luzerako jokalariak dituela erakutsi du, baita Zaraguetak ere; eta bien ekarpenak kirol honi mesedea egin diezaioke aurrerantzean.

Garai zaila egokituko zaie askori orain, Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek kirola aukeratu beharko baitute hurrengo urtera begira. Eta hori tamalgarria da gurea bezalako herri txiki batean, kirol bati ateak ixten dizkiogu-eta. Hiru talde txapeldun eskolartean, infantil nesken taldea Gipuzkoako onenekin lehian, Zaraguetan ere jokalari politak dituzte eta horiei ateak ixtea gogorra da. Beraz, ea ZASTek, ikastolak, Zaraguetak eta Futbol Taldeak irtenbidea ematen dieten egoera honi eta ordutegiak bateratzeko gai diren, haurrek kirol bat baino gehiago egiteko aukerarekin jarrai dezaten herritik mugitu gabe. Eta orain da mahaiaren bueltan esertzeko garaia. Kirol honekiko pasioa dut bai, baina ni ere haurra izan nintzen eta atea itxi zidaten…

Iker Gurrutxaga

2010eko maiatzaren 5ean

Karkara 2010/05/05

Abiada bizian

Autoak abiada bizian gidatzea gustatzen zaio askori eta ondo legoke hori, ondorioz bide-bazterrak gorpu gaztez beteko ez balizkigute.

20 urte nituen, sanpedrotako gau batean, Antilla aldean, auto batek jo eta eskuineko hanka txirtxilatu zidanean; denak emanda zetorren istripua eragin zuen autoa eta, orduan ere, zauritu eta kolpatuez gain, gorpu gazte bat geratu zen bide-ertzean. 17 urte zituen Anetxuk.

Geroztik, bestelako begiz ikusten ditut autoa jostailu gisa darabiltenak eta amorragarria egiten zait gizartean nagusitzen ari den joera, auto-lasterketak famatzekoa eta auto-gidariak eredutzat hartzekoa. Urrutira gabe, Aian badaramate hainbat urte auto-lasterketa bat egiten eta Orion ere rally-a antolatzekotan omen dira irailerako, hondartzatik Bentara. Ulertezina bazait ere, bi lasterketek dute udalen babesa.

Beste edozein afizio bezalakoa dela esango didate batzuek eta kalterik ez duela egiten, lasterketetan dena oso kontrolatuta dagoelako. Baina ez da egia; errepideetan egunero ikusten ditugu abiaduraren gorazarre horrek sortutako arrisku eta kalte latzak.

Jabier Zabaleta
–2010eko apirilaren 21ean–

 

Karkara 2010/04/21

Garbi egon arren…

Beti pentsatu izan dut dugun kirolik gogorrena dela txirrindularitza: ehunka kilometro egunean, aldapak gora, behera, orduak eta orduak pedalei eraginez.

Baina, hara non itzulirik miretsi eta preziatuenak, luzeenak eta gogorrenak diren; bai profesionalentzat eta baita zaleentzat ere. Kinieletan agertzen ez den bat 5 egunez lider Tourrean? Tourmaleteko tontorrean bukatzen den etaparik ez?  Sinestezina! 1. kategoriako 7 mendi eta kategoria bereziko beste hainbeste jarriko genizkieke gure esku balego. Kirolariak ezinean ikustean gozatu egiten dugu. 

Eta haiek eskatutakoa betetzeko gai direla erakutsi behar, profesionalak direla, bizikletaren gainean segituko badute. Eta aizue! Hori ez da makarroiak eta barrita energetikoak bakarrik janda egiten. Kirolariaren ezaugarriak nabarmen hobetuko dituen produkturik hartu gabe, txuletak, behintzat, jan beharko! Guztiek.

Gizon bat datorkit gogora, gainerakoen pare ibilita, zigortua izan dena: gustura ikusiko nuen Astarloza Orioko eta Aiako kaleetan, kamiseta laranja –edo gorria, berdea…– jantzi eta pelotoiaren buruan, tente eta harro,  pedalei jo eta fuego!

Lore Berasaluze

2010eko apirilaren 7an

Karkara 2010/04/07

Apaizak bezala

Ingurumena zaindu, kutsadura gutxitu, gure planetaren alde egin… oso kezkatuta dirudite progresoak dakartzan kalteekin eta etor daitezkeen hondamendiak saihesteko guk kontzientzia hartzea ezinbestekoa iruditzen zaie. Tonu eta tankera guztietako mezuak jasotzen ditugu erakunde eta agintariengandik.

Natura babestea helburu bada, batek pentsatuko du, diru-laguntzak ematekotan, bizikletak erosteko emango dituztela eta ez autoentzat; bidegorriak jarriko dituztela edozein lekura iristeko eta ez gero eta errepide eta autopista gehiago… Zorrotz zainduko dutela nork zer botatzen duen ibaira, bereziki gurpiltxoz beteta agertzen denean…

Aitaren batean iritsiko omen gara Parisera edo Madrilera AHTrekin; baina ezin Aginagara trenez joan eta, lanera joateko, Lasartera arteko 15 kilometroak egiteko, ia ordubete behar…

Erretzea galaraziko digute eta etxe ondoan erraustegia jarriko, etengabe sortu eta sortu ari garen zakarrak erretzeko… Dena txikitu arteko onik ez dute izango eta, bitartean gauza bat esan eta bestelakoa egin.

Garai bateko apaizen antz gero eta handiagoa hartzen diet nik agintariei.

Ana G. de Txabarri
2010eko martxoaren 17an



Karkara 2010/03/17

Barrea ezpainetan?

Hiru kontu emakume langileen nazioarteko egunaren aurrean:
Bat, aurreko Karkararekin lotuta: Lorek Bilboko aireportuan ume txikien pardela aldatzeko mahaia emakumeen komunetan soilik zegoela kontatu zidanean, gurekin zegoen gizonezko gazte batek, ezpainetan irribarrea zuela, emakumeak beti kexaka bota zigun. Barrez edo ez, garbi ote zuen umeak  gizonezkoenak zein emakumezkoenak direla? Ezin baietz esan.

Bi: Emakumeak gizonen baldintza berberetan unibertsitatean sartzea arautu zen 1910ean. Dena den, lan ibilbidean parekotasuna lortzeko oztopoak  eta andreek ardura postuetara heltzeko zailtasunak oraindik ere badaude. Barreek lagunduta edo ez, gainditu behar den mugarri hura gogora ekartzea eta ikusgai egitea ezinbesteko lana dugu.

Hiru: XX. mendearen hasieran emakumeen alde izugarrizko lana egin zuen Revolution aldizkarian azaldu zen esaldi bat dakarkizuet: Gizonezkoentzat ez da ale bat gehiago, eta emakumeentzat ez da ale bat gutxiago.
Jarrai dezagun, bidea jorratzen eta aleak banatzen, barreak lagunduta.

Pat Cowie, 2010eko martxoaren 3an

Karkara 2010/03/03
282

282. Karkara PDF formatuan irakurri nahi baduzu klikatu hemen.

Gainontzeko Karkarak irakurtzeko, berriz, klikatu hemen.

Sanpedroetako eta udako gainerako festa programak ikusteko klikatu hemen.

Azken erantzunak
ETXERA Denak Etxera, 2009/11/22
Mitxelinak Errausketarik ez, 2009/11/18
FUD John Smith, 2009/11/16
copyleft=underground Mikel Aranzabal, 2009/11/02
Copyleft John Smith, 2009/10/28
Etiketa lainoa
ADARRETATIK HELDUTA AIAKO LEIHOA IRITZI ARTIKULUA MOILA BAZTERRETIK MUNDIALA NIRE HONETAN