Hemen zaude: Hasiera Blogak Orioko Ezker Abertzale udaltaldea Artxiboa 2007

Artxiboa 2007

Independentziaren aldeko eguna ospatu da

Abenduaren 22an, 12:00etan, Independentziaren aldeko eguna ospatu da, herriko plazan ekitaldi xumea eginez. Bertaratuek beren atxikimendua eman dute sinadura bidez eta Independentziaren aldeko aldarria jaso dute. Dantzariek agurra eskaini diete gero eta giro onez, hamaiketako ederrarekin eman zaio amaiera. 

Informazio gehiago: http://www.eae-anv.org

Independentziaren aldeko eguna Independentzi eguna

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/12/22

Ezker Abertzalearen batzar irekia

Gaur, arratsaldeko 19:00etan, Orioko kultur etxean batzar irekia izango da

Bertan jorratuko diren gaiak ondorengoak dira:

1. Martxoko hauteskundeen Ezker Abertzalearen irakurketa.

2. Udalgintza:

              -- Egungo egoera udalean

              -- Plangintza eta lehentasunak

3. Galdera/erantzunak

 

 

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/12/19

Guk, EUSKAL NAZIOA INDEPENDENTZIA!

Independentziaren aldeko aldarria gure herrian.

"Guk, Euskal Nazioa. Independentzia!" lemapean EAE-ANVk Euskal Herri osorako egiten ari den kanpaina eta manifestua gure herrira ekarri du.

Urriaren 12an Iruñean iragarri zen bezala, EAE-ANVk martxoan egingo diren Espainiako Gorteetako hauteskundeetan  parte hartuko du. Independentziaren aldeko mezua Espainiara eramateko konpromisoa hartu dugu, Euskal Herria nazioa dela adierazi eta Euskal Estatua sortzeko bidean bat egiten dugun guztion ahotsa entzunarazteko.

Gure ustez, PSE-EE eta EAJ alderdiek gatazka politikoa gainditzeko prozesuari ezezkoa eman eta gerra estrategikoaren bideari heldu ondoren, zurrunbilo egoera batean murgildu dute Euskal Herria.

Egoera horretatik atera asmoz, Ezker Abertzaleak, egindako bake proposamena berretsi du: "Euskal jendartearen gehiengoak nahi bezala, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzea gakoa izango da eta bide horretatik Marko Demokratiko baterako jauzia emango du."

Marko horrek "proiektu politiko guztiak berdintasunean" defendatzeko bidea irekiko zuen eta horrek, "biolentzia gabeko eskenatokia" ekarriko du berekin.

 

Hariari jarraituz, Orioko EAE-ANVko udal taldeak datorren larunbatean, abenduaren 22an, eguerdiko 12:00etan Herriko Plazan "Guk, euskal nazioa. Independentzia!" lemapearen aldeko aldarrikapena egingo du. Bertan, txalapartariekin batera manifestua irakurriko da eta hurbiltzen diren guztiekin atxikimenduak bildu eta argazkia aterako da.

Indarrak biltzeko garaia delako, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarron esku egon arte!

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/12/19

Euskal Herriaren eskubideen alde herri gisa erantzuteko garaia da

55 auziperatu, 46 atxilotze agindu, 500dik gora espetxe-urte. 18/98ko epaiak herri honen eskubideen ukazioan sakondu eta Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboak kriminalizatzeko oinarri berrituak ezarri ditu. Ez da urrats isolatua, urte luzez Euskal Herriaren independentzia bultzatzen duen mugimendu politikoaren aurkako jazarpenaren segida da. Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso estrukturala dago horren oinarrian, gero eta talde edo jarduera gehiago bere baitan biltzen duena. Gazteen aurkako epaiketa eta zigorrak hortxe daude eta beste batzuk etorriko dira datozen hilabeteotan (Udalbiltza, Egunkaria, GGAA-Askatasuna, Batasuna).


Euskal Herriaren eskubideak ez onartzea erabakita zeukan espainiar estatuak negoziazio politikorako prozesuari ekin zionean. Eta EAJ-PNV bidelagun izan du erabaki horretan. Eskubide horien gauzapenaren inguruan definiziorik egin nahi ez eta eskubide horiek gauzatzeko metodologiari eutsi nahi ez ziotelako hautsi zuten prozesua aipatutako alderdiek. Euskal Herriaren eskubideak onartu beharrean, Euskal Herriarenak diren Erabakitze Eskubidea eta Lurraldetasuna onartu beharrean, asimilazioaren ereduari eutsi diote berriro ere, errepresioaren bideari, alegia.

Hau da egoera. Euskal independentismoa txikitu nahian dabiltza. Horregatik horrelako atzaparkada basatiak. Guzti honen aurrean, hemen gauzkate, zutik eta tinko, askatasunaren aldeko borrokari heldu eta aurrera egiteko prest.

Guzti honengatik, datorren ostegunerako, abenduak 13, hainbat euskal sindikatuek (LAB, STEEILAS, ESK) eta 18/98 sumarioko inputatuek ordubeteko lanuztea (12,00etatik 13,00etara) eta elkarretaratzeak deitu dituzte. Ekimen honekin bat eginez, Orion, eguerdiko 12,00etatik 12,30etara eta arratsaldeko 20,00etatik 20,30etara herriko plazan egingo dira, eta euskal herritar abertzale sentitzen diren guztiak herrian izango diren elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditugu.

Abenduaren 13an ordubeteko lanuztea.
Borroka garaia da. Euskal Herriaren ordua da.

 

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/12/11

Elkarte eta herritarrekin bilerak egiten jarraituko dugu

2008ko aurrekontuak herriko elkarteekin konpartitu eta hausnartu nahi ditugu egindako ekarpenak eta aldaketak eransteko.

Datorren astean, abenduaren 20ean, Udalbatzarra ospatuko da eta zenbait punturen artean, 2008ko aurrekontuen berrespena eztabaidatuko da.

Hori dela eta, herriko hainbat eragileekin aurreko astetan bildu ginen dauden kezkak eta ekarpenak plazaratzeko asmoz. Horrela jarraituko dugu, aurrekontu parte hartzaileak izan daitezen.

Beste erronda badator eta gogoa edo interesa duen oro gonbidatzen dugu:

GAZTEDIAREN INGURUKO ERAGILEEI ETA GAZTEDIAREN ARLOAN LAN EDO INTERESA DUEN EDONORI

Abenduaren 14an, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, kultur etxeko aretoan

KIROL ERAGILEEI ETA KIROL ARLOAN LAN EDO INTERESA DUEN EDONORI

Abenduaren 17an, astelehena, arratsaldeko 19:30ean, kultur etxeko aretoan

 

 

 

 

Etor zaitez, guztion partaidetza nahi genuke eta!

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/12/11

Abenduaren 1eko elkarteratzearekin bat egiten dugu

18/98 sumarioko auzipetuen atxiloketen aurrean, gure haserrea adierazi nahi dugu. Eskubide zibil eta politikoen urraketa berri baten aurrean gaude, orain ere.

Hemendik, herritar talde batek abenduaren 1erako deitu duen elkarteratze, kontzentrazio deialdiari gure atxikimendua adierazi nahi diogu. EAE-ANVk ere, 20:00etan plazan egingo den ekimenerako gonbita luzatzen dizu.

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/11/30

2008ko aurrekontuak herrikoekin aztertu nahi ditugu

2008ko aurrekontuak herriko elkarteekin konpartitu eta hausnartu nahi ditugu sor daitezkeen ekarpenak eta aldaketak eransteko.

Aurreko Udal Batzarrean 2008ko aurrekontuak onartu arren, guk ezetza borobila eman bagenuen ere, herritarren ahotsa Udalean behar bezala kontuan hartzeko lanean jarraitzen dugu.  

Aurrekontuko zirriborroa eztabaidatzerakoan, arlo desberdinei buruzko  proposamenak landu eta mahai gainean jarri ditugu, nahiz eta batzuek gure lana desitxuratzen saiatu diren.

Aurrekontu parte hartzaileak izan daitezen, herritar guztiekin harreman-errondak jarri ditugu martxan: joan den astean Ortzaikako auzokide eta inguruko bizilagunekin bildu ginen.

Orain beste erronda dator, ORIOKO KULTUR ERAGILE zein KULTUR ARLOAN LAN EDO INTERESA DUEN EDONOR datorren astelehenean, abenduaren 3an, arratsaldeko 19:30etan, Kultur Etxeko  aretoan egingo den bilerara gonbidatzen ditugu.

Animo, denon partaidetza nahi dugu!!

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/11/29

2008ko aurrekontuari ezetza eman diogu

Guk, EAE-ANV udal taldeak, 2008ko Udalaren Aurrekontu Orokorrak ez onartzea bozkatu dugu. Hona gure arrazoiak:

•    Gaur egungo udalaren osaketa ugaria kontuan hartuta,  ez dugu behar bezainbeste denborarik izan taxuzko aurrekontuak egiteko, hau da denon artean osatutako ekitaldi ekonomiko bat isladatzeko denborarik ez dugu izan, eta honek ekarri dezakeena zera da: aurreko urteetan gertatutako kreditu aldaketa izugarri horiek ohitura bihurtzea. Gainera argi ikusten da betiko irizpideak bakarrik azaltzen zaizkigula aurrekontu hauetan ere, eta herriko hainbat esparru ez dira azaldu ere egiten, existituko ez balira bezalaxe.

•    Aurrekontuan 2.000.000 euroko sarrera aurreikusten da futbol zelaiko aparkalekuen salmentaren ondorioz. Bere garaian, herriak firma bilketaz eta hainbat ekitaldi ezberdinez salmenta hauen ezadostasuna erakutsi zuen. Hau dena kontutan hartu behar dela deritzogu, herrian aparkatzeko dagoen arazoa ikusita, garaje hauek era pribatuan saltzea hanka sartze handi bat dela uste dugu. Zer esanik ez, jadanik, aurrekontuetan finantziazio iturri handi modura ikustea ere, zati handi bat kili-kolo jarri lezake eta.

•    Dieta gastuak gehiegizkoak direla iruditzen zaigu.

•    Etxebizitzaren arazoa aztertzeko borondaterik ez da agertzen.

•    Orioko plaza aldizkaria argitaratzearekin ez gaude ados. Ditugun bi aldizkariak bultzatu behar ditugu, herriko eta inguruetako informazioa ezin hobeto iristen baizaigu hauen bidez.    

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/11/29

Politikarik ez Karkaran

Orain onartu berriak diren (gure aurkako botoarekin) aurrekontuak eztabaidatzen ari ginen. Aurrekontu horien egitasmoen artean, Plaza, Udalak kaleratzen duen aldizkaria, eta Karkararen arteko berdintasunak azaltzen ari ginen eta nola, nahi izanez gero eta Karkararen onarpenarekin posible izango litzatekeela bi hilabetetik behin edo Udalaren berri ematea lau orriko gehigarri bat erantsiz eta horrenbestez ez genuela Plaza aldizkariaren beharrik. Izan ere, adlizkari hau 44.000 € kostatuko zaio herriari.

Horretan ari ginela, alkateak bat-batean, eta abixurik gabe ondorengoa botatzen du: Ni ados egon naiteke, baina politikaz hitzik egiten ez badute. Denak ixilik, elkarri begiratu eta… ezin genuen sinetsi entzundakoa.

Orioko Torquemada berriak hainbat koloretako iritziak kaleratu dituen aldizkariari politika iritziak ezabatu nahi zizkion. Aurreneko momentua gogoratu ondoren, eta oraindik harridura handiz  nola, nola esan duzu? galdetu zion zinegotzi batek; Ez dugu inolako zentsurarik onartuko esan zion beste batek.

Berehala etorri zitzaigun alkatearen azalpena: Badakigu Karkarako langileek zein hanketatik egiten duten kojo.

Ah! noski, hori zen. Gora pentsamoldearen askatasuna! Beraz, EAJ-PNVkoak ez garenok ez daukagu iritziak plazaratzeko eskubiderik, abixa pues.

Eta langileak! Argi! Zeren ez bagara beren esanetara jartzen lanik egiteko eskubiderik ere ez.

Dena den argi geratzen zaizkigu alkateak Karkararekiko dituen fobiak. Zuek kontrolatzen ez duzuen aldizkari bat denez, ez zaizue interesatzen kalean egotea eta saiatu zarete Plaza aldizkariarekin ordezkatzen, baina Udalaren ekimena den itxura emanaz.

Gurekin ez kontatu lan zikin hau aurrera eramateko. Karkara aldizkariari aldiz, gure zorion eta gertutasunak helarazi eta gure aldetik esan, saiatuko garela zuen aldizkaria sustatu eta mantentzen.

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/11/28

2008ko Udal aurrekontuak herrikoekin aztertu nahi ditugu

Orioko EAE-ANVko Udal Taldeak, aurrekontu parte hartzaileak izan daitezen, herritar guztiekin harreman-errondak jarri nahi ditu martxan.

Horregatik, ORTZAIKA auzoko eta inguruko bizilagunak azaroaren 22an, osteguna, arratsaldeko 19:30ean kultur etxeko bilera gelan egingo den bilerara gonbidatzen ditugu.

Hurrengo egunetan beste eragileekin biltzeko asmoa dugu, arloka edo banaka, eta ekarpen guztiak ongietorriak izango dira. Adi egon!!

Animo, denon artean egingo dugu!!

Orioko EAE-ANV udal taldea 2007/11/21

Orioko Ezker Abertzale udal taldearen bloga.

Azken erantzunak
:) sand, 2008/07/26
... mikel aranzabal, 2008/07/21
Otsoaren ipuina bezala. Oriotarra X, 2008/07/20
filosofuai deskartes, 2008/06/13
kulpabilitatea osotasunean Autosuntsitu, 2008/06/12
Etiketa lainoa
Batzarra Deialdia Gertaera Jendartea Lan istripua Lanak aurrekontuak ekitaldia gizartea politika