Hemen zaude: Hasiera Blogak Orioko Ezker Abertzale udaltaldea Artxiboa 2007 Azaroa

Artxiboa Azaroa 2007

Abenduaren 1eko elkarteratzearekin bat egiten dugu

18/98 sumarioko auzipetuen atxiloketen aurrean, gure haserrea adierazi nahi dugu. Eskubide zibil eta politikoen urraketa berri baten aurrean gaude, orain ere.

Hemendik, herritar talde batek abenduaren 1erako deitu duen elkarteratze, kontzentrazio deialdiari gure atxikimendua adierazi nahi diogu. EAE-ANVk ere, 20:00etan plazan egingo den ekimenerako gonbita luzatzen dizu.

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/30

2008ko aurrekontuak herrikoekin aztertu nahi ditugu

2008ko aurrekontuak herriko elkarteekin konpartitu eta hausnartu nahi ditugu sor daitezkeen ekarpenak eta aldaketak eransteko.

Aurreko Udal Batzarrean 2008ko aurrekontuak onartu arren, guk ezetza borobila eman bagenuen ere, herritarren ahotsa Udalean behar bezala kontuan hartzeko lanean jarraitzen dugu.  

Aurrekontuko zirriborroa eztabaidatzerakoan, arlo desberdinei buruzko  proposamenak landu eta mahai gainean jarri ditugu, nahiz eta batzuek gure lana desitxuratzen saiatu diren.

Aurrekontu parte hartzaileak izan daitezen, herritar guztiekin harreman-errondak jarri ditugu martxan: joan den astean Ortzaikako auzokide eta inguruko bizilagunekin bildu ginen.

Orain beste erronda dator, ORIOKO KULTUR ERAGILE zein KULTUR ARLOAN LAN EDO INTERESA DUEN EDONOR datorren astelehenean, abenduaren 3an, arratsaldeko 19:30etan, Kultur Etxeko  aretoan egingo den bilerara gonbidatzen ditugu.

Animo, denon partaidetza nahi dugu!!

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/29

2008ko aurrekontuari ezetza eman diogu

Guk, EAE-ANV udal taldeak, 2008ko Udalaren Aurrekontu Orokorrak ez onartzea bozkatu dugu. Hona gure arrazoiak:

•    Gaur egungo udalaren osaketa ugaria kontuan hartuta,  ez dugu behar bezainbeste denborarik izan taxuzko aurrekontuak egiteko, hau da denon artean osatutako ekitaldi ekonomiko bat isladatzeko denborarik ez dugu izan, eta honek ekarri dezakeena zera da: aurreko urteetan gertatutako kreditu aldaketa izugarri horiek ohitura bihurtzea. Gainera argi ikusten da betiko irizpideak bakarrik azaltzen zaizkigula aurrekontu hauetan ere, eta herriko hainbat esparru ez dira azaldu ere egiten, existituko ez balira bezalaxe.

•    Aurrekontuan 2.000.000 euroko sarrera aurreikusten da futbol zelaiko aparkalekuen salmentaren ondorioz. Bere garaian, herriak firma bilketaz eta hainbat ekitaldi ezberdinez salmenta hauen ezadostasuna erakutsi zuen. Hau dena kontutan hartu behar dela deritzogu, herrian aparkatzeko dagoen arazoa ikusita, garaje hauek era pribatuan saltzea hanka sartze handi bat dela uste dugu. Zer esanik ez, jadanik, aurrekontuetan finantziazio iturri handi modura ikustea ere, zati handi bat kili-kolo jarri lezake eta.

•    Dieta gastuak gehiegizkoak direla iruditzen zaigu.

•    Etxebizitzaren arazoa aztertzeko borondaterik ez da agertzen.

•    Orioko plaza aldizkaria argitaratzearekin ez gaude ados. Ditugun bi aldizkariak bultzatu behar ditugu, herriko eta inguruetako informazioa ezin hobeto iristen baizaigu hauen bidez.    

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/29

Politikarik ez Karkaran

Orain onartu berriak diren (gure aurkako botoarekin) aurrekontuak eztabaidatzen ari ginen. Aurrekontu horien egitasmoen artean, Plaza, Udalak kaleratzen duen aldizkaria, eta Karkararen arteko berdintasunak azaltzen ari ginen eta nola, nahi izanez gero eta Karkararen onarpenarekin posible izango litzatekeela bi hilabetetik behin edo Udalaren berri ematea lau orriko gehigarri bat erantsiz eta horrenbestez ez genuela Plaza aldizkariaren beharrik. Izan ere, adlizkari hau 44.000 € kostatuko zaio herriari.

Horretan ari ginela, alkateak bat-batean, eta abixurik gabe ondorengoa botatzen du: Ni ados egon naiteke, baina politikaz hitzik egiten ez badute. Denak ixilik, elkarri begiratu eta… ezin genuen sinetsi entzundakoa.

Orioko Torquemada berriak hainbat koloretako iritziak kaleratu dituen aldizkariari politika iritziak ezabatu nahi zizkion. Aurreneko momentua gogoratu ondoren, eta oraindik harridura handiz  nola, nola esan duzu? galdetu zion zinegotzi batek; Ez dugu inolako zentsurarik onartuko esan zion beste batek.

Berehala etorri zitzaigun alkatearen azalpena: Badakigu Karkarako langileek zein hanketatik egiten duten kojo.

Ah! noski, hori zen. Gora pentsamoldearen askatasuna! Beraz, EAJ-PNVkoak ez garenok ez daukagu iritziak plazaratzeko eskubiderik, abixa pues.

Eta langileak! Argi! Zeren ez bagara beren esanetara jartzen lanik egiteko eskubiderik ere ez.

Dena den argi geratzen zaizkigu alkateak Karkararekiko dituen fobiak. Zuek kontrolatzen ez duzuen aldizkari bat denez, ez zaizue interesatzen kalean egotea eta saiatu zarete Plaza aldizkariarekin ordezkatzen, baina Udalaren ekimena den itxura emanaz.

Gurekin ez kontatu lan zikin hau aurrera eramateko. Karkara aldizkariari aldiz, gure zorion eta gertutasunak helarazi eta gure aldetik esan, saiatuko garela zuen aldizkaria sustatu eta mantentzen.

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/28

2008ko Udal aurrekontuak herrikoekin aztertu nahi ditugu

Orioko EAE-ANVko Udal Taldeak, aurrekontu parte hartzaileak izan daitezen, herritar guztiekin harreman-errondak jarri nahi ditu martxan.

Horregatik, ORTZAIKA auzoko eta inguruko bizilagunak azaroaren 22an, osteguna, arratsaldeko 19:30ean kultur etxeko bilera gelan egingo den bilerara gonbidatzen ditugu.

Hurrengo egunetan beste eragileekin biltzeko asmoa dugu, arloka edo banaka, eta ekarpen guztiak ongietorriak izango dira. Adi egon!!

Animo, denon artean egingo dugu!!

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/21

Portuan gora eta behera

Portuko obrak direla eta, nork du haserre egoteko benetako arrazoia?

Azken urte honetan oriotarrok, eta bereziki, tabernari eta merkatariek, jasan ditugun eragozpenei aurre egin nahian edo, Jon Redondo Orioko alkateak prentsari bidalitako oharra irakurri genuen. Bertan, gai horri buruz udalak duen amorrua aipatzen du. Azken hau egia bada ere, bere kabuz bidalitako idatzia dela esan behar dugu, berriro ere, berak udalarekiko duen ikuspegi “partikularra” nabarmenduz.

Idatzi horren arabera besteak dira errudunak: portuko arduradunak, Codosa eta Iberdrola, hain zuzen. Ez gara gu izango, ez batzuei eta ez bestei, aurpegia aterako diegunak; baina guk jarrera horri “baloiak kanpora” botatzea deritzogu.
Zer gertatzen da Udalak dituen ardurekin? Lan hauek aurreko legealdian erabaki eta hasi ziren. Baina, benetan, noren mesederako egin dira? Noren interesak defendatzeko? Zergatik ia dena amaituta zegoenean, berriro ere itxi behar izan da pasabidea?

Erantzuna zerorrek eman duzu: argi indarraren kableak pasa ahal izateko. Hori da portua berritzeko  benetako arrazoia! Interes pribatu batzuek, Muntoko etxeak eta kirol portuarenak, herritarren interesaren aurretik jarri dituzue. Baina, noski honetaz hitzik ez!

Zuek, EAJkoak zaretenak, eta aurreko udal gobernua oso osoa zuen eskuetan egon zela kontuan harturik, autokritika egin beharko zenukete; obra hau horrela egitea zuen ardura izan baita hein handi batean.
Jakina, guk behintzat ez dugu horrelakorik espero; baina,  egiak erdizka azalduz erdi gezurrak bilakatzen dira. Zuen aurpegia zuritu nahi baduzue saia zaitezte beste era batera, Udalaren izena eta bertan gauden beste alderdiak zurrunbilo horretan harrapatu gabe. Errua zuena da eta ez Udala kudeatzen dugun guztiona! Mesedez, ez gaitzazue ezarri zuen irizpideetan eta aldez aurretik, konta esaiozue Orioko herriari egia osoa. Herriak eta guk eskertuko dizuegu.

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/20

Herri batzarrerako gonbita luzatzen dizuegu

Ostegunean, azaroaren 15ean izango da Orioko Ezker Abertzaleak antolatutako batzarra

Orioko Ezker Abertzaleak Herri batzarra antolatu du azaroaren 15ean. Kultur etxean izango da, 19:00etan. Bi alor ezberdin jorratuko dira bertan:

- Ikasturte politikoaren plangintzaren aurkezpena
- Herriko plangintza: herri programa oinarri hartuta, Orioko lehentasunak zehazteko eta berauen plangintza egiteko metodologia aurkeztuko da.

Guzti honetaz hitz egiteko, bertaratzeko gonbita luzatzen dizuegu.
Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/13

Udalbatzar bitxi baten kronika

Bitxia izan zen lehengo asteartean, urriaren 30ean, Orioko Udaletxean egin zen Udalbatzarra.

    Azken udalbatzarrean, urriaren 30ean, Jon Redondo alkatearen "gertutasuna" ikusi eta sufritu ahal izan genuen: behin eta berriz, berea ez zen bozaz, berak eta EAJ bere alderdiak, dituzten interesak aurrera ateratzea lortu zuten.

    EAko zinegotzia berandu iritsi zela-eta, hainbat gaitan “berdinketa teknikoa” eman zen; hau da, 5 bozka (EAJ+PSOE) beste 5 bozken (EAE+EB/ARALAR) aurka.

    Horrela gertatu zen, esate baterako, aurreko Udalbatzarreko akta onartzeko garaian. Akta hauek gaztelania hutsean iritsi zitzaizkigun eta gure dezadostasuna azaltzean “ denborarik ez zutela izan” erantzun zitzaigun. "Berdinketa teknikoa”: aktak onartu egin ziren alkate euskaldunaren kalitatezko botoarekin.

    Beste hainbeste gertatu zen PSOEko ordezkaria Jesus Pousari, 25. mailako liberazio herena eman ala ez erabakitzeko puntuan. Ez EAE, ezta EB/ARALAR ere, ez geunden liberazio horrekin ados eta EAko zinegotzia bertan ez zegoenez, berriro ere “ berdinketa tekniko” egoeran geunden. Gai honekin, aurrekoarekin bezalaxe, EAren bozka bereganatu eta PSOEri ordain saria ezarri zioten. Bigarren aldiz, alkatearen kalitatezko bozkariari esker, EAren bozka bereganatu eta bahitu zuten.

    Alkate jauna, horretarako nahi al duzu berdintasuna eta gertutasunaren batzordea? Zuri ez dagokizun borondatea eta bozka lapurtzeko?

    Azkenik EB/ARALARen jarrerak gutxieneko gogoeta bat merezi duelakoan gaude: maiatzeko hauteskundeetan agertu zen hautagai zerrendatik zinegotzi bakarra geratu baita. Oier Sarobek kargua uztearekin batera, beste hautagai guztiek ere uko egin diote beren ardurari eta inork ez du hartu zinegotzi kargua. Hau saihesteko, eta 182.2ko artikulua erabiliz, zerrendan ageri ez den pertsona bat zinegotzi izango da.

Orioko Ezker Abertzaleko udal taldea 2007/11/13

2008rako aurrekontu partehartzaileak

Zein ekintza, gastu, inbertsio… bultzatu beharko lituzke Udalak 2008ko aurrekontuetan zure ustez? Nolako herria nahi duzu?

Egiten ari garen lanari dagokionez, 2008ko aurrekontuen zirriborroa prestatzen ari gara momentu honetan. Aurrekontuek erakusten digute nolako herria nahi dugun eta nola kudeatu nahi dugun: ekintzak, inbertsioak… Orioko herriaren eta herritarren beharrei erantzuna eman behar diete. Edo horrela izan behar luke, behintzat!

Horregatik, ondorengo galderak botako ditugu airera zuek erantzun ditzazuen: Zein ekintza, gastu, inbertsio… bultzatu beharko lituzke Udalak 2008ko aurrekontuetan zure ustez? Nolako herria nahi duzu?

Gurekin harremanetan jarri nahi baduzu, blog honez gain, ondoko helbide elektronikoa ere erabil dezakezu: orioanv-udt@euskalerria.org.

EAE-ANV 2007/11/05

Ongi etorri

Orioko EAE-ANV udal taldeak 3 ordezkari ditu udaletxean, eta Blog honekin bete nahi dugun erronka nagusia, udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzea izango da. Zure esanetara gaude: iradikizunak, iritziak... arazoak entzun eta bideratzeko txokoa izango da hau.

Orioko EAE-ANV udal taldeak pasa den hauteskundeetan parte hartzeko aukera izan du eta 3 ordezkari atera ditu.

Geroztik, Udala osatzerakoan, bi batzorderen ardura hartu dugu (Turismo eta Ingurugiroa, alde batetik, eta Ekintza ekonomikoak eta Lanpostuak, bestetik)  eta gainontzekoetan aktiboki parte hartzen dugu.

Gure erronka nagusienetako bat Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzea izango da, eta ahalik eta informazio zuzenena eta gardenena ematea; beti ere, herriko eragile eta herritarren partehartzea bultzatuz.

Sortu berri dugun blog honen bidez, herritarrekin harreman zuzenak lantzeaz gain, teknologia berrietara egokitzeko aukera ezin hobea izango dugu. Bertan, herriko gaien eta gure zereginen berri emango dugu: berri zuzena eta zehatza.

Bestalde, gure blog-aren helburu garrantzitsuenetako bat herritarren isla izatea da: guztion iradokizunak, iritziak, arazoak entzun eta bideratzeko txokoa.

Gurekin harremanetan jarri nahi baduzu, blog honez gain, ondoko helbide elektronikoa ere erabil dezakezu: orioanv-udt@euskalerria.org.

EAE-ANV 2007/11/05