Hemen zaude: Hasiera Blogak Orioko Ezker Abertzale udaltaldea Artxiboa 2008 April

Artxiboa April 2008

Udalbiltzaren aldeko konzentrazioa

Gaur arratsaldeko 20:00etan Orioko Herriko Plazan Udalbiltzaren aldeko konzentrazioaren deialdia luzatzen dugu. Udalbiltzaren aurkako erasoaren bostgarren urtemugan dela medio euskal gizarteari mezua helazari nahi dio.

Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari. Animo eta aurrera!

1999ko Irailean “UDALBILTZA, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa sortu zenean bost printzipio eta helburu bere gain hartu zuen, hala nola,

Ø      Euskal Herria nazio gisa aldarrikatzea, bai Euskal Herrian bai nazioartean

Ø      Beronen egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea

Ø      Nazio eraikuntza bultzatzea

Ø      Eta udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean besteak beste.

Helburu hauek zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik aho batez erabaki zituzten.

Helburu hauen gauzapenean, nazio eraikuntza praktikoan hainbat ekimen eraman ditu aurrera. Zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo, zatiketak, konpromiso maila eta atxikimendu maila ezberdin egonik ere, oparoa izan da UDALBILTZAk egindako jarduna eta aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakusgai utzi du gure gizartean. Hor daude adibidez:

Ø      euskara eta hezkuntza arloan Kontseilua, Ikastolen Konfederazioa edota Sortzen-Ikasbatuaz-ekin sinaturiko elkarlan hitzarmen estrategikoak;

Ø      Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrerari emandako bultzada;

Ø      Euskal Herriko Naziotasun Aitormena agiria;

Ø      Xiberoa Garatzen egitasmoa herrialdeak bizi duen despopulazioari aurre egiteko;

Ø      2002ko abenduan ospaturiko Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzia, bost kontinenteetako ordezkariak bildu zituena;

Ø      Euskal Herriaren Eskubideen Karta;

Ø      ‘Euskal Herria demokraziaranzko eta bakeranzko bidean’ izeneko agiria;

Ø      Nazio Eztabaidagunea sortzeko proposamena;

Ø      Nazio Garapenerako Biltzarrarekin elkarlanean nazio planeko egitasmoak

Ø      eta beste abar luze bat.

Azpimarratu beharra dago guztion artean onarturiko bost printzipioen itzalean garatzen direla.

Bide oparo hau zapuztuta geratu zen 2003ko Apirilaren 29an Madrileko Auzitegi Nazionalak polizia nazionalarekin batera burutu zuen erasoagatik. Egun hartan UDALBILTZAk Astigarragan, Iruñean eta Bilbon zituen egoitzetan sartu, materiala eta ordenagailuak hartu, egoitzak prezintatu, kontu korronteak blokeatu, Zuberoaren garapen egitasmoak bultzatzeko herritarrengandik bildutako 400.000 euroak lapurtu, UDALBILTZA eta Euskal garapen eta Kohesio Fondoari suspentsioa ezarri eta 13 pertsona atxilotu eta espetxeratu zituen, UDALBILTZAko arduradunez gain bertako langileak ere bai. Nazio eraikuntzan, udalen arteko elkarlanean emandako urratsak geldiaraztea zen eta da beraien helburua. Horregatik UDALBILTZAren aurkako auzia bizkortu eta iada epaiketaren atarian gaude. Sumario honetan 22 pertsona daude inputatuta eta zigor eskaerak 10 urtetik 23 urtetara iristen dira. Sumario honetan jasotzen diren delituak goian aipaturiko ekimenak baino ez dira, besterik ez da azaltzen. Desitxuratu egiten da UDALBILTZAren izaera instituzionala, herri eta udal oinarria duela ezkutatu nahi dute. Euskal gizarteak aukeraturiko Udal-hautetsiez bakarrik osatua dagoela eta erabakiak zinegotzi zein alkateek bakarrik hartzen zituztela estali egin nahi dute.

Erasoaldi horren bosgarren urtemuga ospatzen den egun honetan zera adierazi nahi diogu euskal gizarteari:

1.                             Amets gaizto honetan harrapatuta dauden 22 hautetsi-ohi eta langileei gure elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu. Egun hauetan burutzen ari den mugimendu antierrepresiboaren aurkako epaiketan dauden pertsonei eta eskubide zibil eta politikoak zapuzten dituzten sumarioetan dauden inputatu guztiei gure elkartasuna eta berotasuna adierazten diegun moduan.

2.                             Elkartasun dinamikek eraginkorrak izan behar dute, ezin daitezke hitz hutsean edo argazki hutsean geratu. Konpromiso eta esfortzu zehatzak eskatzen dituzte, Auzitegi Nazionaletik datorren bidegabekeria salatzeko, bere izaera antidemokratikoa agerian uzteko eta UDALBILTZA instituzioa gure ondare gisa defendatzeko.

3.                             Epaiketa honetan 22 pertsona hauetako espetxe zigorraz gain, UDALBILTZA eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren disoluzioa eskatzen da. Hau da, euskal instituzionalizatze dinamikak, eraikuntza nazionaleko dinamikak, udalen arteko auzolan ekimenak kriminalizatzea bilatzen du. Eta kriminalizatze honek bere eraginak zabaldu ditzake gaur egun salbu sentitzen diren alderdi politiko zein eragile sozialengan ere.

4.                             Horregatik horren garrantzitsua da aldarrikatzea: UDALBILTZA herri honetako gehiengo politikoaren babesarekin sortu eta ezaugarritu da; UDALBILTZA beharrezkoa da gure etorkizunean aurrera pausuak emateko; UDALBILTZA udaletatik abiatzen den euskal instituzioa da; UDALBILTZA euskal gizartearen eta udalen ondarea da, beste inorena ez; UDALBILTZAk Euskal Herria aintzat hartzen duten pentsamolde politiko guztien orubea izan behar du; UDALBILTZA ez da alderdi politikoa batzuen tresna, herri eta udal sustraiak dituen nazio instituzio bakarra baizik; UDALBILTZAK desadostasunak bere barnean jaso behar ditu, instituzioari berari errespetua zor zaion bitartean; UDALBILTZA defendatzea ezinbestekoa da.

5.                             Arrazoi guzti horiek kontutan hartuta, orain dela bost urte abiatutako sumarioan dauden 22 pertsonei babesa emateko eta ilegalizazioaren arriskuaren aurrean UDALBILTZA defendatzeko bide eraginkor bakartzat UDALBILTZA berrindartzea jotzen dugu. Eta alderdi ezberdinetako abertzaleak eta udal-hautesiak deitzen ditugu konpromiso sendoa hartu dezaten berriro ere UDALBILTZA zutitu dezaten, “UDALBILTZA gure euskal instituzio nazionala da eta gure ondarea, gurea bakarrik” aldarrikatu dezaten, eta kontsekuente izanik, eginkizun honetarako behar diren konpromisoak aktibatu ditzaten.

Euskal Herrian, 2008ko Apirilaren 29an.

UDALBILTZA

www.udalbiltza.net

 

Orioko EAE-ANV udal taldea 2008/04/29

7 Gazte oriotar auziperatuak

Izenburuak dioen bezala, horixe dugu, martxoaren 4ko Udalbatzan, gazte batzuk eta udaltzainek izandako tirabiren azken ondorioa. Zazpi gazte hauek Donostiako epaitegian aurkeztu beharko dute apirilaren 23an, udaltzainek berek egindako salaketaren ondorioz.

Udaltzainen errua da, edo Jon Redondo alkatearen agindu baztertzailea eta adierazpen askatasunaren aurkako aginduari jaramonik ez egitearen ondorio bat? Hori baita agindu horren funtsa.

Guzti honen helburua Muntoko gaia (baita herriari iruzur egitea ere) ahalik eta isilen joan zedin zen. Eta horretarako eman zuen agindua. Gazteek ez zuten onartu eta espero zena gertatu zen.

Hala eta guztiz ere, garbi adierazten dugu 7 horietatik batzu ez zirela iskanbila horretan zain. Hor dago bideokamera, baina, zer kasualitate! Egun horretan ez omen zuen funtzionatzen. Non geratzen da udaltzaingoaren sinesgarritasuna?

Gu saiatu ginen gaurko egoera hau ekiditen, gauzak aurrera joan ez daitezen eta bilera bat bultzatu genuen horretarako, alderdi guztiak, udaltzainak eta gazteak gonbidatuz. Bilera horretan bere borondate ona erakutsi zuen bakarrak gazte taldea izan zen. Horren lekuko izan zen martxoaren 31ko udalbatzarrean OKK gazte asanbladak aurkeztu zuen mozioa. Bertan, autokritika bat egiten zuten eta, aldi berean, berdina eskatzen zioten alkateari. Mahaian geratu zen eskaera hau:

5 bozka alde ( 3 EAE-ANV + 2 EB/ARALAR)

                                   5 bozka aurka ( 4 PNV + 1 PSOE)

                                   1 abstentzioa ( EA)

Bigarren eskaera bat ere izan zen: epaiketa honek ekarriko dituen gastuen kargu Udala egin dadila. Hemen ere berdin, bost alde, bost aurka eta EAren abstentzioa.

Azpimarragarria da nola, bai PSOEko ordezkariak eta bai EAko ordezkariak, berriro ere, bere morroi PNVri amen egin dioten. Jakin, badakigu PNVk PSOEri zer eskaini zion: liberazioa eta diru ordaina; baina… Eugenio Cotadori, EAko ordezkariari zer?

Hala eta guztiz, eta alkateak gertakizunaren hurrengo egunean, Hitzan egindako adierazpenen arabera, bera jotzen dugu Udalbatzan gertatutakoaren arduradun nagusi eta erantzule zuzentzat. Bere ankerkeriaren ondorioak jasaten ari dira 7 gazte oriotarrak.

“Aupa Orio!”esaten duzunean, zer Orioz ari zara?

Guk, oriotarrak( pertsonak) ditugu gogoko eta ez zuk/ zuek bezala etxeak, eraikuntzak eta adreiluak.

Orioko herriari adierazi nahi diogu, gertaera hauen harira, EAE-ANV udal taldeak udaltzainekin bilera bat eskatu genuela. Hilabete igaro ondoren, ez dugu haien berririk.

Gure borondatea auzi hau bideratzea da, eta horretarako lanean jarraituko dugu eragile guztiekin, gauzak behar den bezala argitu arte, horrelakorik berriz gerta ez dadin.

Bukatzeko, GURE  ELKARTASUNIK beroena Orioko gazte asanblada eta bertako kide diren 7 auzipetuei. Azken hauek apirilaren 23an, eguerdiko 12:00etan, Donostiko Epaitegian aurkeztu behar dira. Animo guztiei, ea laster arazo larri hau denon artean konpontzen dugu!

 

 

Orioko EAE-ANV udal taldea 2008/04/17

Euskal Herriko IV. jardunaldi feministari buruzko hitzaldia

Euskal Herriko Koordinadora Feministak  IV. Jardunaldi Feministak antolatu ditu apirilaren 12 eta 13rako. Euskal Herriko Unibertsitateko Nautika Fakultatean izango dira, Portugalete eta Santurtziren arteko mugan.

Aurtengo jardunaldietan landuko diren ildoak honako hauek izango dira:

1. Emakumeok herrian eta munduan.

2. Emakumeok indarkeri sexistari aurre eginez.

3. Emakumeok, gure identitateak eta gure gorputz instumituak.

Bilgune Feministak, EAE-ANVko udal taldearekin batera,  jardunaldi horiei buruz informazioa zabaltzeko asmoz, hitzaldia antolatu du, datorren asteazkenean, apirilaren 9an, arratsaldeko 7etan Orioko Udal Aretoan (goiko bilera gela). Interesatuta dauden emakume zein gizon guztiei, bertan parte hartzeko gonbita luzatzen diegu.

Informazio gehiago: www.jardunaldifeministak.org

 

Orioko EAE-ANV udal taldea 2008/04/07

Orioko Ezker Abertzale udal taldearen bloga.

Azken erantzunak
:) sand, 2008/07/26
... mikel aranzabal, 2008/07/21
Otsoaren ipuina bezala. Oriotarra X, 2008/07/20
filosofuai deskartes, 2008/06/13
kulpabilitatea osotasunean Autosuntsitu, 2008/06/12
Etiketa lainoa
Batzarra Deialdia Gertaera Jendartea Lan istripua Lanak aurrekontuak ekitaldia gizartea politika