Orioko Ezker Abertzale udaltaldea
politika
Udalbiltza auzia
"Bai Udalbiltzari Sarea" bideratzen Orion
Joandako ekainaren 11an Orioko Kultur Etxean bilera irekia izan zen Udalbiltza kasuaz hitz egiteko, herriko "Bai Udalbiltzari Babes Taldea" aurkezteko eta lan plangintza bat definitzeko.
UDALBILTZA, Euskal Herriko Udal eta Udal hautetxien Biltzarra da. Euskal Herriko historia garaikideko lehen instituzio nazionala.
1999ko irailaren 18an, Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako ia 1.800 hautetsik, Bilbiko Euskalduna Jauregian bildurik sortu zen.
Egun hartan, UDALBILTZA izeneko Instituzio Nazionala sortzeaz gain, Adierazpen politikoan honako bost helburu zehaztu eta onartu ziren:
1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea
2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzeari laguntza ematea
3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea
4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea
5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea.
Ordutik aurrera, UDALBILTZAK egitasmo ugari gauzatzen joan da, informazio gehiago ikusteko:
Hala ere, eta egindako lana inolaz ere delitutzat jotzeko arrastorik egon ez arren, 2003ko apirilaren 29ko goizaldean, Espiniar Entzutegi Nazionaleko epaile den Baltasar Garzonek aginduta, Espainiako Poliziak, Udalbiltzak Astigarragan, iruñean eta Bilbon zituen egoitzak miatu eta prezintatu zituen eta 8 pertsona, Udalbiltzako hautetsi eta langileak, atxilotu zituen.
Pertsona hauek, hautetsi izateagatik izan ziren kide UDALBILTZAN eta nahiz eta datu edo proba bakar bat ere ez aurkeztu, hori da delitu bihurtu nahi dutena; eta ez nolanaikoa gainera: "erakunde terroristako kide izatearen balizko delitua baita".
Hau honela, UDALBILTZA Instituzio Nazional bakarraren ilegalizazioaz gain, 22 pertsona hauei, 10 urtetik 25 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen diete.
Prozesuari buruzko bideoa ikus dezakezue honen helbidera: http://vimeo.com/11892890
ERASOA HONEN AURREAN, PARTE HAR EZAZU HERRIKO ZEIN NAZIONAL MAILAKO EKIMENETAN
Datorren larunbatean, eguerdiko 12:00etan Orioko Udaletxe aurrean UDALBILTZA auziaren kontrako kontzentrazio isila izango da. Animatu eta parte hartu: "Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari"
Udalbiltzako 22 auzipeturi elkartasuna
Ezker Abertzalea, Aralar eta EAko zinegotzi eta zinegotzi ohiek Orioko Udal Batzar Aretoan Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna helarazi zieten prentsa agerraldiaren bidez.

NAZIO ERAKUNDEAK ERAIKITZEKO ESKUBIDEA DUGU, BIZI BEDI EUSKAL HERRIA !
-.Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako 22 ordezkari eta langileen aurka abiatu asmo duen epaiketa politikoa dela eta, udal hautetsi eta hautetsi ohien salaketa adieraztera gatoz eta, aldi berean, Euskal Herrian nazio-erakundeak eraikitzeko eskubidea aldarrikatzera, bide batez auziperatuoi gure elkartasuna modu praktikoan ere adieraziko diegularik.
-.Udalbiltzaren jaiotza ekarriko zuen lehen bilkura hartan egon ginen gutako asko, Iruñean. 317 herritako 666 udal ordezkari, sentsibilitate politiko ezberdinekoak, baina ideia komun bati jarraituz: XXI. Mendean Euskal Herriak bere erronka guztiei erantzuteko herrialde guztietako ordezkari demokratikoak batuko zituen egitura instituzionalak behar zituela. Udalak izanik herritarrengandik gertuen eta Euskal Herriko lurralde guztietan presente dauden instituzioak, udal oinarria hartuko zuen lehenengo erakunde nazionalak.
-.Lan instituzional hori, izaera publiko eta demokratikoa duena, epaitu eta zigortu nahi dute egin, inolako funts juridikorik gabe. Eta udal hautetsi zein hautetsi ohi garen heinean, ezin dugu hori beste barik onartu. Bai, ordea, salatu.
-.Elkartasun eta salaketa zeregin hori praktikoa izango dela aurreratu dizuegu. Eta hona hemen lehenengo zeregina: Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordera, Europako Batzordera eta OSCE erakundera bideratuko den hautetsien manifestua sinatu dugu Euskal Herri osoan udaletan ordezkari garen edo eta izan garen pertsonak. Manifestu hau herriz herri eta eskualdez eskualde zabaldu eta hautetsi eta hautetsi ohien atxikimendua lortu dugu, eskualde honetako ….ena eta Euskal Herriko 1.500etik gora.
-.Era berean, gaurko hitzordu hau aprobetxatu nahi dugu Euskal Herria aintzat hartzen duten ideologia eta lurralde guztietako udal hautetsi eta hautetsi ohiei dei egiteko, euren atxikimendua eman dezaten.
-.BAI UDALBILTZARI SAREA sortu dugu, Auzitegi Nazionalean emango den epaiketari erantzuteko, eskubideen urraketak salatzeko. Partaidetza anitza eta irekia bilatuko dugu, epaiketa honek suposatzen duen injustizia salatu nahi duten hautetsi eta hautetsi ohi orori irekia dago.
-.Udalbiltzaren kontrako auziaren Autoa publiko egiten denean, abian jarriko ditugu salaketa ekimen guztiak. Auzia desitxuratu nahian, erantzuna desaktibatu nahian, Autoaren tramitazioa itxuragabe luzatu dute, sei urte baino gehiago. Ziur gaude oraingoan ere herri honek behar bezalako erantzuna emango duela eskubide zibil eta politikoen urraketa honen aurrean.
EAE/ANV eta EHAKren ilegalizazioaren aurkako mozioa Udalbatzak onartua
Urriaren 28an, Udalbatzak Ezker Abertzaleak aurkeztutako mozioa onartu zuen. Bertan, Udalak manifestazio/kontzentrazioa egiteko deia egiteko konpromisoa hartu zuen .
Horrela, laster izango den deialdia eta gurekin parte hartzeko konbitea luzatzen dugu.
Jarraian, mozioaren testua duzue:
MOZIOA: EAE/ANV eta EHAKren ilegalizazioaren aurrean
Ebazpenak:
"1. Udal honek indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubidea eta beharra dutela azaldu nahi du.
2. Udal honek aukera politikoen aniztasuna errespetatu behar dela azaldu nahi du. Honela, alderdi politikoen ilegalizatzeko estrategia antzua eta antidemokratikoa salatzen du. Normaltasun politikotik urruntzen gaitu eta gatazka politikoa elikatzen du.
3. Udal honek azaldu nahi du ilegalizazio estrategia Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza dela, eta independentzia helburu duen herri-proiektua indargabetzea helburu duela.
4. Udal orok herritarren borondatea behar du oinarri, hortaz, herritarren borondatearen aurka egiten duten lege, epai edo erabakiei ez die inolako zilegitasunik aitortzen.
5. Udal honek herritarrek aukeraturiko EAE/ANV zinegotziak eta EHAK alderdiko parlamentariak, eragile eta mintzakide politiko gisa onartzen ditu.
6. Udal honek EAE/ANV eta EHAK alderdien partehartze politiko osoa ziurtatu ahal izateko konpromisoak hartuko ditu.
7. Udal honek euskal gizarteak nahi eta eskatzen duen benetako aldaketa politikoa, autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideetan oinarrituko den aldaketa, gauza dadin bere ekarpena egiteko prest dagoela adierazi nahi du.
8. Udal honek, alderdi interesen gainetik, zazpi herrialdeetako euskal herritarrok Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea ahalbideratuko duen marko demokratikoaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du.
9. Udal honek ilegalizazio estrategia salatzeko hurrengo..............manifestazio bat egiteko deia luzatzen du eta mobilizazio horretan herritarrek parte har dezaten gonbitea luzatzen du.
10. Onartutakoa herritarrei zein komunikabideei helaraziko zaie"
Udalbatzar bitxi baten kronika
Bitxia izan zen lehengo asteartean, urriaren 30ean, Orioko Udaletxean egin zen Udalbatzarra.
Azken udalbatzarrean, urriaren 30ean, Jon Redondo alkatearen "gertutasuna" ikusi eta sufritu ahal izan genuen: behin eta berriz, berea ez zen bozaz, berak eta EAJ bere alderdiak, dituzten interesak aurrera ateratzea lortu zuten.
EAko zinegotzia berandu iritsi zela-eta, hainbat gaitan “berdinketa teknikoa” eman zen; hau da, 5 bozka (EAJ+PSOE) beste 5 bozken (EAE+EB/ARALAR) aurka.
Horrela gertatu zen, esate baterako, aurreko Udalbatzarreko akta onartzeko garaian. Akta hauek gaztelania hutsean iritsi zitzaizkigun eta gure dezadostasuna azaltzean “ denborarik ez zutela izan” erantzun zitzaigun. "Berdinketa teknikoa”: aktak onartu egin ziren alkate euskaldunaren kalitatezko botoarekin.
Beste hainbeste gertatu zen PSOEko ordezkaria Jesus Pousari, 25. mailako liberazio herena eman ala ez erabakitzeko puntuan. Ez EAE, ezta EB/ARALAR ere, ez geunden liberazio horrekin ados eta EAko zinegotzia bertan ez zegoenez, berriro ere “ berdinketa tekniko” egoeran geunden. Gai honekin, aurrekoarekin bezalaxe, EAren bozka bereganatu eta PSOEri ordain saria ezarri zioten. Bigarren aldiz, alkatearen kalitatezko bozkariari esker, EAren bozka bereganatu eta bahitu zuten.
Alkate jauna, horretarako nahi al duzu berdintasuna eta gertutasunaren batzordea? Zuri ez dagokizun borondatea eta bozka lapurtzeko?
Azkenik EB/ARALARen jarrerak gutxieneko gogoeta bat merezi duelakoan gaude: maiatzeko hauteskundeetan agertu zen hautagai zerrendatik zinegotzi bakarra geratu baita. Oier Sarobek kargua uztearekin batera, beste hautagai guztiek ere uko egin diote beren ardurari eta inork ez du hartu zinegotzi kargua. Hau saihesteko, eta 182.2ko artikulua erabiliz, zerrendan ageri ez den pertsona bat zinegotzi izango da.