OKK gazte asanblada
Gazte Festak badatoz!
Irailaren 25etik 27ra gaztetxea aldarrikatuko dugu festa giroan. Zatoz eta parte hartu!
Iaz egin genituen lehen Gazte Festak eta, izan zuten arrakasta ikusirik, urtero iraileko azken asteburuan egiten jarraitzea erabaki genuen. Beraz, hemen gaude berriz ere zuen aurrean, bigarren urtez jarraian, Orioko Gazte Festak jendaurrean aurkezteko.
Jaia erabat autokudeatua eta autofinantzatua da, diru laguntza publiko edo pribaturik gabe egina eta, aurten, gainera, antolaketan aurrera pauso nabarmena eman dugu. OKKk herriko koadrilei biltzeko eginiko deialdiak espero baino erantzun hobea izan zuen eta hamaika koadriletako ordezkariak agertu ziren. Horrela, egitarauaren ardura gazte asanbladarena bada ere, antolaketa lanak koadrilen artean banatu dira.
Gazte Festen aldeko beste pauso handi bat ere eman nahi genuen eta, gainera, gaur lortu dugu. Iazko jaiak izandako harrera bikaina ikusita, oraintxe, arratsaldeko seiretan, Gazte Festak baimentzeko erabakia hartu du Udalak. Gauzak horrela, ez dugu ezkutuan ibili beharko eta egun osoko egitaraua plazan egiteko aukera izango dugu, eskubide osoz, garen bezala azalduz. Txosnak plazan jartzeko baimena dugu, kontzertuetarako ere bai… edozein ekintza aske egiteko azken finean. Gazte Festak baimenduak izateak ez du hori bakarrik esan nahi ordea. Bimenak Udala bere ardurak betetzera behartzen duenez, garbiketarako laguntza, komun publikoak eta anbulantzia bat ere izango ditugula bermatu digute eta, Sanpedroetan eta Sanikolasetan bezala, tabernak goizaldera arte egongo dira irekita. Ez dugu inoiz dirurik eskatu, eta ez dugu inoiz eskatuko, baina Udalak bere ardurak betetzea beharrezko ikusten dugu.
Baina tira, azken urte hau ez da samurra izan, eta ez dirudi datorrena ere hobea izango denik. Gogoratzen al dituzue Etxeluzea okupatzeko ahaleginaren ondoren izan diren negoziaketak? Ez gara inongo adostasunera iritsi. Etxejabea bertan gaztetxea egiten uzteko prest agertu bada ere, OKK Udalarekin negoziatzeko beti prest izan bada ere, Udalak entzungorrarena egiten jarraitzen du. Gaztetxea okupatzera herriko 200 gazte bildu eta berdin zaie, gaztetxea babesten duten 1.115 herritarren sinadurak aurkeztu eta bestaldera begiratzen dute. Ez dute bada pentsatuko orain Gazte Festetarako babesa emanda salduko garenik, ezta? Beraiengan konfidantza izateko askoz ere konpromiso handiagoa behar dugu: benetako konpromisoa eta gazteokiko errespetua. Hori nola erakusten den? Argi dago: Gaztetxea sortuz, ez dago beste modurik.
Ez gara aspertuko gaztetxea zer den ez dakienari esplikatzeaz, ez gara nazkatuko arrazoirik gabe erasotzen gaituen orori aurre egiteaz, eta, batez ere, ez dugu etsiko gaztetxe duin bat lortu arte, dagokiguna baita.
Gaztetxea mugarik gabeko espazioa da, kultura eta ekintza sozialak sustatzeko leku askea, non gazteok aukera izango dugun autokudeaketaren, autofinantzazioaren eta esperientzia propioen bitartez, gure izaera definitu eta garatzeko. Gazteon aisialdia kontzertuekin, antzerkiekin, hitzaldiekin, ikastaroekin eta abarrekin asetzeko lekua izango da gaztetxea, ditugun arazo eta beharrei erantzuteko aukera emango diguna. Denon etxea izatea nahi dugu, herritar eta kanpotar guztiei irekia eta elkarrekiko errespetua eta elkarlana izango dira bertan praktikan jarriko diren arau nagusiak.
Orioko gazteriak bizirik dagoela eta hazten jarraitzeko gaztetxea behar duela erakutsi du azken urteotan, eta hori da Gazte Festetan ere erakutsiko duguna, gazteok herri guztiarentzako eginiko festa.
Gaztea edo zaharra izan, edonork parte har dezake Gazte Festetan, gaztetasuna ez baita nortasun agiriak baldintzatzen duen egoera. Beraz, hau guztia esanik, hau duzue aurtengo egitaraua:
Irailak 25, ostirala
—PIRATEN GAUA—
• 17:00: Umeentzako pirata jolasak
• 18:00: Altxorraren bila txotxongilo emanaldia umeentzat
• 21:30: Piraten danborrada
• 22:00: Txupinazoa —Oiana Blancok botako du—
• 23:00: Arrautz Ustelak (Orio) + Mikel Hats (EH)
Irailak 26, larunbata
—GAZTETXE EGUNA—
• 10:30: Baltsen aurkezpena eta uretaratzea
• 11:00: Baltsa karrera
• 13:00: Paella lehiaketa
• 14:30: Bertso bazkaria
• 16:30: Bingoa
• 17:30: Orioko txirigotak
• 19:00: Triki-bertso-poteo-manifa
• 23:00: Random feelings (Catalunya) + Capsula (Argentina/EH)
Irailak 27, igandea
—KOADRILA EGUNA—
• 08:00: Diana gazte txarangorekin
• 11:00: Hamaiketakoa eta herri kirolak
• 17:00: Jokoak
• 19:00: Tornafyah (Catalunya)
• 20:30: Argazki eta sketch emanaldia + traka
Besterik gabe, herri guztia gonbidatzen dugu gurekin jaiaz gozatzera. Ondo bizi eta aske izan gaztetxean! Eskerrik asko.
Gaztetxea sortzearen aldeko 1.115 sinadura bildu ditugu
Mila esker konfiantza osoz zuen babesa eman diguzuen guztioi.
Urteak dira Orioko gazteok gaztetxearen aldeko aldarriak eta ekimenak antolatzen eta burutzen ari garela. 2008ko irailean hasi ginen, ordea, gaztetxea lortzeko benetako urratsak ematen, gazte festekin batera.
Udaleko ordezkaritza batekin bildu ginen orduan OKK gazte asanbladako kideak. Bertan, EAJkoak ezik beste talde politiko guztietako zinegotziak izan ziren.
Lehen hartu-eman hartan, bertaratu ziren guztiek erakutsi zuten gaztetxearen aldeko jarrera eta gazte festa arrakastatsuak amaitu ondoren ere beren jarrera berretsi zuten.
Gerora, ordea, dirudienez, jarrera hori eta gaztetxea sortzeko gogoa itzaltzen joan dira, gehienen aldetik luzamenduak besterik ez baititugu jaso. 456.000 euroko aurrekontua pasa ziguten Etxeluzea konpondu eta prest jartzeko lanengatik eta guk 200.000 euroraino jaistea lortu genuen, herriko gremioetara joz.
Berriz ere gaztetxea eskura geneukala zirudienean arren, luzamenduak beste behin ere, gaur egun Udalak oraindik ez baitu gai honekin lotutako aurrera pauso bakar bat ere eman. Beraz, jendaurrean aitor dezakegu blokeo egoera batean dagoela gaztetxearen gaia.
Horregatik, OKK gazte asanbladakoek herriari babesa eskatzea erabaki genuen, apirilean, sinadura kanpaina bati hasiera emanez. Herrian gaztetxearen sorrerak duen babesa neurtzea eta adin eta pentsakera guztietako jendearen atxikimendua lortzea ziren egitasmo horren helburuak.
Eta lortu dugu, gaur 1.115 sinadura baititugu esku artean. Orioko mila eta piku lagunek gaztetxea beharrezko tresnatzat jotzen dutelako Orion, gazteok gure aisialdia antolatzeko leku fisikoaz gain, herriari bizia emango dion tresna izango baita gaztetxea.
1.115 sinadura, azken udal hauteskundeetan Orioko edozein alderdi politikok lortutako boto kopurua baino gehiago eta, beraz, udal zinegotziek legitimitate osoz Oriori buruzko erabakiak hartzen badituzte, guk oraindik eta legitimitate gehiagoz exijitzen dugu gaur gaztetxearen sorrera.
1.115 pertsona horiei gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, gugan konfiantza jarri eta sinadura eman digutelako. Zorionak baita ere, Oriorentzat aurrera pauso nabarmen izango den gaztetxearen sorrera bultzatu dutelako. Benetan mila esker!
Prentsa agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu ere, talde politiko guztiekin biltzeko ahalegina egingo dugula iragartzeko. Datorren astean jarriko gara kontaktuan beraiekin, luzamenduak utzi eta behingoz gaiari behar den bezala heltzeko garaia delako, eta herritarren zati handi batek horrela eskatu duelako.
Konpromiso zehatzak lortzera eta atzera-ezin bihurtuko den dinamika zabaltzera goaz, Oriok merezi duelako.
GAZTETXEA ORAIN!!!!!!
Orion, 2009ko maiatzaren 9an
O.K.K. GAZTE ASANBLADA
Gaztetxearen aldeko sinadura bilketa —apirilaren 4tik 26ra—
400 sinadura baino gehiago bildu ditugu dagoeneko; sinatu zuk ere!
Gogoan dugu oraindik, 2008ko irailaren 26an, gazte festetan Etxeluzea eraikinean egin behar genuen okupatzeko ahalegina. Okupatu ordez, egun horretan, festak Udalarekin negoziatzen hasi genituen eta bilerara agertu ziren alderdi guztiek, denak EAJ izan ezik, beren babesa eman ziguten; baita etxejabearekin tratua egin ere. Bileraren ostean, 200 inguru gazte bildu ginen Etxeluzea parean, gazteok behar dugun gaztetxe auto-kudeatua aldarrikatzen.
Urte erdia pasa da egun hartatik eta egoera ez da asko aldatu. Bilerak egiten jarraitu dugu, gazteok gauzak antolatzen jarraitu dugu… eta Udalak beti bai esaten digun bitartean, guk kalean jarraitzen dugu, oraindik. udaleko Bulego Teknikoak Etxeluzea eraberritzeko 450.000€ko aurrekontua egin zuen. Bai Udalari eta baita OKK-ri ere, gehiegi iruditu zitzaigun eta, horren aurrean, prozedurak ez zuen aurrera egiten. Bileretan gaztetxea industria gunean egitea proposatzen zen bitartean, gu aurrekontua beheratzeko lanean hasi ginen. Etxejabearekin eta herriko igeltsero batekin harremanetan jarri, etxea ikusi eta aurrekontua egin genuen; 200.000€.
Aurrekontu hori udaletxean aurkeztu genuenean, negoziaketetan aurrera egitea lortu genuen. Udal ordezkarien eta OKK-ren artean, ondorengoa adostu genuen: Herrigunean, ahal bada Etxeluzian, Orioko gazteok auto-kudeatutako gaztetxe duin bat sortzea, segurtasun eta higiene baldintza guztiak betetzen dituena eta parte hartze eta adierazpen aske eskubideak bermatuko dituena.
Azken puntu horretara iritsita, bazirudien gaztetxea laster sortuko genuela, baina denbora aurrera doa eta… oraindik kalean. Horregatik eskatzen dugu gaur zure sinadura, gaztetxeak herriaren babesa duela erakusteko Udalari. Gazteok gaztetxea behar dugu biltzeko, gure proiektuak gauzatzeko, ezinegonak asetzeko eta irudimena lantzeko.
Sinatu, aldarrikatu eta eman hitza.
IZAN HAZIA ERNALTZEN DUEN LEHEN TANTA…
…UDABERRIAN GAZTETXEA LORATU.

Orion, 2009ko apirilaren 4an
Kazkezurren 0. zenbakia hemen irakurgai PDFan
Abenduaren 3an, euskararen egunean, kaleratu genuen 0. zenbakia, froga gisa, eta gaztetxea irekitzen den unetik hilabetero kaleratuko da.
Abenduaren 3an, euskararen egunean, kaleratu genuen Kazkezur gazte kazetaren 0. zenbakia, froga gisa, eta gaztetxea irekitzen den unetik hilabetero kaleratuko da. Blog honetan irakurgai izango da zenbaki bakoitza PDF formatuan, eta bide batez, erantzunen bitartez, irakurleen iritzia jakiteko eta kritikak jasotzeko aukera izango dugu. Kazeta irakurtzeko klikatu hemen.
Hauek dira 0. zenbakiaren edukiak:
Kazkagogor (2)= Nik banekien (agurra); Albert Einstein (hileko esaldia) eta gaztetxearentzat izen bat eta/edo logo bat sortu (lehiaketa).
Kazkabeltz (3)= Gazte Festak ´08 (kronika).
Kazkabilo (4,5,6)= Konpromiso hitzarmena? eta Zer da gaztetxea? (erreportajea edo...).
Kazkazuri (7)= Piratak bagatoz (deialdia).
Agenda (8)= Abenduko agenda.
OKKk Gaztetxearen inguruan Udalari eginiko eskaera.
Urriaren 29an udaletxean egin zen Gazteriako bileran OKK Gazte Asanbladak udal ordezkariei helarazitako eskaera da hau. Udalak proposamena aztertu ondoren erantzungo du eta guk, berriz, asteburu honetan argitaratuko dugu gure balorazioa.
Udal ordezkariei:
Azken urteotan nabaria izan da Orioko gazteriak izan duen indar gorakada. Ijitoekin hasi zen antolamenduaren lekukoa, gaur egun, OKK gazte asanbladak hartu du, festarako grina eta gaztetxe autokudeatu baten aldarria txandakatuz ekintza ugariren bitartez.
Gaztetxea mugarik gabeko espazioa da, kultura eta ekintza sozialak sustatzeko leku askea, eta bertan gazteok aukera izango dugu autokudeaketaren, autofinantzazioaren eta esperientzia propioen bidez, gure izaera definitu eta garatzeko. Gazteon aisialdia, kontzertu, antzerki, hitzaldi, ikastaro eta abarrez asetzeko lekua izango da gaztetxea, ditugun arazo eta beharrei erantzuteko aukera emango diguna. Denon etxea izatea nahi dugu, herritar eta kanpotar guztiei irekia. Elkarrekiko errespetua eta elkarlana izango dira bertan praktikan jarriko diren arau nagusiak.
Norbaitek pentsa dezake hori utopia soil bat besterik ez dela; baina Euskal Herriko hainbat herritan dagoeneko frogatu dute gogoa besterik ez dela behar ametsa errealitate bihurtzeko. Eta horixe da guk erruz daukaguna: gogoa. Urrutira joan gabe, Zarautz, Usurbil, Getaria, Zumaia, Zestoa, Deba, Mutriku, Azpeitia, Azkoitia, Tolosa, Ibarra, Urretxu, Ordizia, Beasain eta beste herri askok sortu dute dagoeneko gaztetxea, eta Oriok ezin du atzean gelditu.
Une honetan badugu eskaintza serio bat mahai gainean, gure ustez gazteon arazo asko eta asko konpontzeko balioko lukeena eta proposamen zehatza egin nahi diogu Udalari, dagokion batzordean (edo batzordeetan) azter dezan.
Hauek dira gure proposamenaren zehaztasunak:
• Behin-behineko gaztetxea Etxeluzea eraikinean kokatuko litzateke.
• Jose Luis Arinek, Etxeluzearen jabeak, egin zuen eskaintza onartzea proposatzen dugu eta, beraz, berak eta Udalak kontratua sinatzea.
• Alokairuaren kostua hilean 1000 eurokoa izango litzateke, BEZ barne.
• Lehen 12 hilabeteetan Udalak BEZa eta gainerako kostuaren bi heren ordainduko ditu eta guk heren bat (lekua egokitzeak diru kostu dezentea eskatuko digu eta gure taldeak ez du diru iturri finkorik).
• 13. hilabetetik kontratuaren amaiera arte, Udalak BEZa eta gainerako kostuaren erdia ordainduko du eta guk beste erdia.
• Horrez gain, ur beroa, argi indarra eta komunen instalazioa, aseguruaren kontratazioa, teilatua indartzea eta bulego teknikoak eska ditzakeen ezinbesteko segurtasun baldintzak Udalak bere gain hartuko ditu, gutxieneko segurtasun eta higiene baldintzak bete daitezen gaztetxean.
• Gaztetxea herriko gune publiko modura onartzea.
• Gaztetxe Asanbladak erabateko burujabetza izatea autokudeaketa egin ahal izateko. Udalak bertako martxa jarraitzeko eskubide osoa izango du, begirale baten bitartez; baina inola ere ez du izango bertan hartzen diren erabaki edo ekintzetan eskua sartzeko aukera. Udalak gaztetxean ekintzaren bat antolatu nahi izanez gero, Gaztetxe Asanbladari eskatu beharko dio baimena.
• Kontratuaren iraupena legealdia amaitu artekoa izango da, beti esan dugun moduan Gaztetxea beharrezkoa dela demostratzeko. Legealdia amaitzean, beste 4 urtez berrituko litzateke kontratua, Udalak, Gaztetxe Asanbladak eta eraikinaren jabeak hala nahi izanez gero.
Aipatutako bigarren kontratuak irauten duen bitartean, Gaztetxe Asanbladaren eta Udalaren artean behin betiko irtenbide bat adostu beharko da Gaztetxe finko bat sortzeko.
• Behin betiko Gaztetxea sortzean, gure konpromisoa herriarekiko bakarrik litzateke, eta ez Udalarekiko konpromiso ekonomikoa.
Baldintza hauek ezinbesteko ikusten ditugu Gaztetxearen filosofia bermatu ahal izateko, eta, udal ordezkariek idatzi hau onartzen badute, gure predisposizio osoa eskaintzen dugu proiektu hau ahalik eta azkarren bete dadin.
Gazte Asanblada
Tanborradako entseguak astearte eta ostiraletan
Sanikolas jaien txupinazoan egingo dugun piraten tanborradarako izena eman zenuten guztioi, entsegu egunak asteartea eta ostirala direla gogorarazten dizuegu, 20:00etatik aurrera Ikastolako pergolan. Asteartean izena eman gabe agertu zirenei parte hartzeko aukera emango zaie, baina, entseguetara agertzea beharrezkoa da tanborradan irteteko.
HERRIKO TALDE ERAGILEEN ESKAKIZUNAK
Herriko hainbat taldek, Udalarekin elkarlanerako baldintza gisa, honako eskakizun hauek luzatu dizkiogu.
Sarrera:
Duela hilabete inguru, Orioko hainbat eragile elkartu ginen festen aitzakian bilera bat egiteko. Udalak egin zuen bilerara ez ziguten konbokatu, baina gu elkartu eta hainbat proposamen egin genituen. Bilera horietan Udalarekin parte hartu edo ez eztabaidatzen ari ginela, zenbait taldek urte osoan zituzten beharrak asetzeko Udalaren laguntza izan ez zutela identifikatu genuen. Hortaz, eta herriko festak urte guztiko lanaren ordainketa direla uste dugunez, eta helburua ondo pasatzeaz gain herriko eragileen parte hartzea bultzatzea denez, hainbat eskakizun egiten dizkiogu Orioko Udalari.
Eskakizunak:
- Hilean behin (edo beste maiztasun batekin) harremanak, bilerak edo batzorde bat sortu. Kultur eragileen batzorde bat. Bertan hartzen diren erabakiak esanguratsuak izan daitezela. Erabakiak bi aldeetatik proposatu eta egutegi egoki bat egin kultur eragile ezberdinekin.
- Eragile hauek kulturako aurrekontuetan parte hartu ahal izatea.
- Informazio eskubidea: Formato ezberdinetan zabaltzen den kaleko informazioa ez kentzea. data errespetatu eta aste beteko iraungipena izan dezatela.
- Antolatzen diren ekintzetan erraztasunak jarri: Hurrengo eguneko garbiketa, komun eramangarriak...
- Gaztetxe bat antolatu nahi denez, bitartean toki apropoz bat jartzea ekitaldiak egiteko, eta azken hau bermatzeko jarrera azaltzea.
- Kosta tailerreko egoera hobetzea: Ituteak, higienea, giltzak...
- Kultur etxeko erabileran malgutasuna: Ordutegiak...
OHARRA: testu hau ez da OKK Gazte Asanbladak idatzia, herriko hainbat talde eragileren artean adostutako testu bat baizik. Noemi Ostolaza, "Kultura, Gazteria eta Festak" batzordeko buruari emana 2008ko ekainaren 2an.
kontzentraziorako deia
adierazpen askatasuna, errepresiorik ez
2008ko martxoaren lauan muntoko planari buruzko ez-ohiko bilkuraren ondoren gertaturiko istiluak direla eta, OKK Gazte Asanbladako zazpi kide Donostiako Justizia-Jauregiko epaitegira zitatuak izan dira, "atentado agentes autoridad" salaketapean.
Salaketa hau dela eta, gaur larunbata, arratsaldeko zortziretan kontzentrazioa izango OKK-ko kideei elkartasuna adierazteko eta atxikimenduak biltzeko.
ADIERAZPEN ASKATASUNA, errepresiorik ez!!!
Orion, 2008ko martxoaren 29an
OKK Gazte Asanblada.
OKK GAZTE ASANBLADA JUSTIZIA-JAUREGIAN
2008ko martxoaren 4an muntoko planari buruzko ez-ohiko bilkuraren ondoren gertaturiko istiluak direla eta, OKK Gazte Asanbladako kide bat Donostiako Justizia-Jauregiko epaitegira zitatua izan da, "atentado agentes autoridad" salaketapean. Gazte honek 17 urte dituenez, bere guraso eta abokatuarekin aurkeztu behar du adin-txikikoen fiskalian martxoaren 27an.
Momentuz, kide bat bakarrik deitu duten arren, besteok ere patu bera espero dugu, agiriak diligentziak ireki direla argi uzten baitu.
Hau guztiagatik, orain arte jendeak erakutsitako elkartasuna eskertu nahi dugu, bide batez, ondorengo egunetan izan daitezkeen mobilizazio ezberdinetarako gure gonbitea luzatuz.
ADIERAZPEN ASKATASUNA, errepresiorik ez!!!
GERTATUTAKOA, GURE IRITZIA ETA GALDEREI ERANTZUNAK
GERTATUTAKOA:
Ez ohiko bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago, udaletxeko atarian, OKK (Orio KaKa) gazte asanbladako kideak pankarta batekin sartzen hasi ginen bezain azkar, bi udaltzainek, alkateak bilkurara pankartarik sartzen ez uzteko agindua eman ziela ohartarazi ziguten. Orduan, pankarta bertan utzi eta plenoa entzutera joan ginen.
Bilkurak irauten zuen bitartean, OKK gazte asanbladako kideak aretoko atzealdean ezarri ginen, eta bilkuraren jarraipen arruntari ez genion oztoporik jarri. Bertan ordea, giroa berotzen hasi zen alkatearen jarrera harroputza ikusita. Hasieran, talde politikoei ez zien hitzegiteko aukerarik eman nahi beste taldeek esandakoari erantzuteko, eta gainera odezkari ezberdinek hitz egiten zuten bitartean, bera telefono mugikorrarekin jolasean zebilen. Hau gutxi balitz, bertaratu ginenon herri galdeketaren aldarria ignoratu zuen, erabat lekuz kanpo zegoen komentario bat baino gehiago bota zuen (“oriyo zarautz baño hobia da”; adibidez) eta bukatzeko ironiaz beteriko agurra eskaini zuen, giroa gehiago krispatzeko. PSOEko ordezkariak, betiko moduan, ez zuen hitzik egin, baina Eugenio Cotadok, hitz asko egin etzuen arren, eman zuen zer esana. Bozkaketa egiteko unean, abstenitu egin zen honela emaitza berdinketan utzita, berriz bozkatzera behartuz. Bigarren bozkan ordea iritziz aldatu zuen. Zenbat arrazonamendutara iritsi ote zen 30 bat segundotan? Nork daki. Beraz, Muntoko Plana behin betirako onartuta geratu zen.
Bilkura amaitu ondoren, eta tamalez hau da interesatzen den bakarra, gure haserrea adierazteko pankarta hartu eta udaletxe aurrean kontzentratzera gindoazela, barruraino sartzea otu zitzaigun. Eta hala egin genuen. Atetik sartzen ari ginen heinean, udaltzainak pankartari eutsiz tiraka hasi ziren, baina gu gehiago ginenez, aurrera egitea lortu genuen. Agian izango zen tentsio une hartan gorputzen arteko talkarik, baina inondik inora ez agresioa. Hau da une horretan gertatu zen bakarra, eta lekukoek honela konfirmatzen dute gainera. Gero pleno aretoaren kanpoan jarri ginen bertakoei gure dezadostasuna adieraziz. Amaieran, plazara irten ginen zinegotziak irten arte kontzentratzera, bainan han ez ginen OKK gazte asanbladakoak bakarrik, eta alkateak mezprezuzko agurra eskaini zigun. Orduan hasi ziren irainak eta alkatearen aitak, kirioak dantzan, bertan ginenoi mehatxuzko keinuak egin zizkigun, eta inor jipoitzeko asmoa erakutsi zuen. Alkateak geldituarazi zuen. Amaitutzat sakabanatu egin ginen.
Pixka bat beranduago, ertzainak agertu ziren herriko plazara, eta bertan ia inor ez zegoela ikusita, karkara aldizkariko langile bat identifikatuarazi zuten beraiei argazki bat ateratzeagatik. OKK gazte asanbladakooi ordea, zibilez jantzitako ertzain batzuk Arkaitz tabernaraino jarraitu zigutenez, 10 ertzain inguru agertu ziren gu identifikatzera. Bertan ere beste munduko ezer ez zen gertatu. Arkaitzera joan ginen, bertan Eugenio Cotado topatu genuen, eta berarekin lasai eztabaidan aritu ginen. Ertzainak sartu ziren, musika itzali, gu identifikatu, elkarri argazki batzuk atera, udaltzainek deklaratu, beraiek beren bidetik eta gu afaltzera. Zein arrazoirengatik salatu gaituzten? Udaltzainek zer deklaratu zuten? Guri ez galdetu, ez dugu esplikaziorik jaso.
GURE IRITZIA:
OKK gazte asanbladak argi utzi nahi du, agresioak baztertzen ditugula, eta ez garela izango gu, modu horretan lanean hasiko garenak. Ez dugu udaltzaingoarekiko inongo aurkakotasunik erakutsi. Beraiek beren lana egin zuten eta guk gure betekizuna.
Alkateak emaniko agindua eta erakutsitako faltsukeria salatzen dugu, adierazpen askatasunaren eskubidea urratzen baitigu. Laster, kamisetetan lemaren bat izateagatik kentzera behartuko gaituzte. Eta orduan zer? Exibizionismoagatik beste salaketa bat? Edo ta denok arraun klubeko kamiseta soinean eta irribar batekin joan behar dugu bilkuretara alkatearen edo bere aitaren nahiak asetzeko?
Bertan izan zen biolentzia arrasto bakarra, Jon Redondoren aitak erakutsi zuen, eta ez da inor faltatzearren, baina bere semeak eutsi behar izan zion guganaino ez ailegatzeko, nork daki zer gertatuko zen ez bazion eutsi. Aita semeen artean agresiorik ote? Hiruko erregela honekin jarraituz, identifika dezatela bera ere!
Guzti honekin gainera, argi dago nork irabazi duen, alkateak eta PNV-k. Hitzegin beharrekoa muntoko plana zen, eztabaidatu beharrekoa, alde edo kontra jartzekoa, baina ez gure jarrera. Hala ere batzuk oraindik gu kriminalizatu nahian jarraituko dute, batzokiaren erasoa bezala (barkamenaren zain gaude oraindik), baina beharrezkoa bada, herriaren aurrean erakutsi dezatela kamarek grabatu zutena, akusazio faltsu hauek, ematen ez badu ere min egiten dute eta. Gu ere itxuraz baliatzen baikara gure ekintzetan, eta lurraren azpitik utzi nahi gaituzte herriaren aurrean.
*MUNTOKO PLANARI BURUZ:
Hasteko, iruditzen zaigu, muntoko planean lau atal bereizi behar direla, eta atal hauek bereizita bozkatu beharko liratekela. Hauek dira, gure iritziz lau atalak:
1. Ikastolaren eraikin berria.
Jakina da, ikastolak eraikin berri hau BEHAR duela, eta ez dela kapritxo soil bat. Guk, ikasketak orain dela gutxi amaitu ditugu edo zenbait ikasten ari gara eta badakigu zer den kanpoan ikasi beharra, beraz, gure herriko gazteei eta umeei hemen 16 urtera arte gutxienez ikasteko eskubidea bermatu nahi diegu.
Baina arazoa lehendik dator, ikastolak berez 10000m2-ko lursaila baitzuen behar zuenean eraikitzeko, baina lursail hau, dugun kiroldegi “legal” hori egiteko erabili zen, eta orain, ikastolak beharra du, baina lursail hori...okupatuta dago.
Bestalde, ikastolaren arazo hau muntoko planaren zati bat izatea PNV-ren interesa dela iruditzen zaigu, honekin, ikastolakoei plana onartzera bultzatzuz, eta bertan ikasten seme-alabak dituztenei beldurra sartuz; azken finean, gure herrian agintzen duen alderdi maitearen beste azpijoko bat dela dirudi.
2. Etxeak eraikitzea.
Herrian etxe gehiago egin aurretik, egungo etxebizitza hutsen kontaketari buruzko ikerketa egin beharko litzateke, gure ustetan gehiegi batira. Gogorarazten dugu, hondartzako etxe asko oraindik saltzeko direla eta, lanak gelditu dituztela promotoreek, eta dikeko lanak atzeratu dituztela, eroslerik ez dagoelako, eta berdin ari da gertatzen beste herri askotan. Zein lur sail geratuko da hemendik gutxira, gaur egun edo ondondorengo belaunaldietan? Etxe berriak kanpotarrek soilik erosten dituzte, eta horrek lotarako herri bilakatuko luke Orio, eman nahi diogun bizi gutxi hori erabat hilez!
Horrez gain, etxebizitzak eraikitzekotan, babestutako etxe gehiago egon beharko luke, %20 eskasean mugatu beharrean. Legeak %75 arte onartzen badu, zergatik ez saiatu promotoreekin negoziatzen? Adostasun batera heldu gaitezke.
3. Eroski; merkatal gunea.
Ez da Arkuperi “pelota” egitearren, baina hein batean gure nahiak asetzen dituen denda aukera zabala dugu Orion, baita elkarren artean konpetentzia duten arlo berdinekoak ere. Baina hortik merkatal gune bat eraikitzera...alde handia dago! Gogoan eduki dezagun, merkatari hauek ere herritarrak direla, eta ez dutela zertan kanpoko eragile baten aurka lehiatu. Gainera, Oriok duen populaziorako, beharrezkoa ote da gune hau? Gure uste apalean EZ, eta EZ larriz jartzen dugu, 5000 (Redondoren hitzak) pasatxo biztanle duen herri baten nahiak asetzeko adina badago eta. Gainera, gizarte honek duen beste gaixotasun batera jotzen dugu, komodidadea. Zer kostatzen zaigu bada kanpora joatea? Zarauzkoak ere gure nahiak asetzen ditu, edo ditzake, eta Urbil ere hortxe dago. Horrelako ezer inguruan, bi pausotara izango ez bagenu, ba agian, baina nahiago dugu gure herritarrak kaltetuak izatea eta pauso erdi bat eman, herritarrak ez kaltetu eta bi pauso eman baino.
4. Aparkalekuak.
Herriak aparkaleku beharra du, baina inguru hori ez da arazoa duena. Baxoaldeko aparkalekua ez da gauetan ere betetzen, eta inguru horretan aparkaleku gehiago izanez gero, beste inguruetan ez egiteko aitzakia izango dute.
ERANTZUNAK:
1.- Legea urratu zenuten pankarta plenora igota?
Bai, alkatearen agindua desobeditu genuen. Baina alkatearen baitan dago pankartak igo ala ez erabakitzea eta ez legearen baitan. Berak nahi duelako bakarrik ezin dira igo pankartak.
2.- Zer gertatu zen, zuen esanetan, udaltzain eta pankarta zutenen artean?
Udaltzainak parkartari eutsiz tiraka hasi ziren, baina gu gehiago giñenez, aurrera egitea lortu genuen. Agian izango zen tentsio une hartan gorputzen arteko talkarik, baina inondik inora ez agresioa.
3.- Zuen ustetan zer egin behar zuten udaltzainek egoera horretan?
Udaltzainek ongi jokatu zuten, hasieran alkatearen aginduaz ohartarazi ziguten eta amaieran parkarta kentzen ahalegindu ziren. Zer gehiago egin behar zuten ba?
4.- Autokritikarako gai zarete?
Bai.
5.- Dena ondo egin zenuten?
Diplomaziak huts eginik, unean biderik egokiena iruditu zitzaigun. Desobedentzia, eta ez agresioa.
6.- Pankarta igo ez bazenute, jasan dezuten guztia jasan beharko zenuteke?
Noski ezetz. Pankartaren kontuak zer esan handia ekarri du, kritika ezkorrak eta gezurrak barne. Baina gutxienez jasaten dugun adierazpen askatasun eza agerian utzi dugu, hori baitzen gure helburua.
GAIZKI ULERTUAK:
Gaur izango den kontzentrazioari buruz sortu diren gora-beherak argitu nahi ditugu, ez baita ezker abertzalea izan antolatu duena, gu baizik. Horretaz gain, ez da udaltzain eta ertzainek asteartean azaldutako jarrera salatzeko, gure herriaren buru den alkate eta bere alderdiaren jarrera salatzeko baizik.