Hemen zaude: Hasiera Blogak Orioko Gazte Asanblada Artxiboa 2008 Martxoa 06 GERTATUTAKOA, GURE IRITZIA ETA GALDEREI ERANTZUNAK
Dokumentu Akzioak

Orioko Gazte Asanblada

GERTATUTAKOA, GURE IRITZIA ETA GALDEREI ERANTZUNAK

GERTATUTAKOA:

           

Ez ohiko bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago, udaletxeko atarian, OKK (Orio KaKa) gazte asanbladako kideak pankarta batekin sartzen hasi ginen bezain azkar, bi udaltzainek, alkateak bilkurara pankartarik sartzen ez uzteko agindua eman ziela ohartarazi ziguten. Orduan, pankarta bertan utzi eta plenoa entzutera joan ginen. 

 

            Bilkurak irauten zuen bitartean, OKK gazte asanbladako kideak aretoko atzealdean ezarri ginen, eta bilkuraren jarraipen arruntari ez genion oztoporik jarri. Bertan ordea, giroa berotzen hasi zen alkatearen jarrera harroputza ikusita. Hasieran, talde politikoei ez zien hitzegiteko aukerarik eman nahi beste taldeek esandakoari erantzuteko, eta gainera odezkari ezberdinek hitz egiten zuten bitartean, bera telefono mugikorrarekin jolasean zebilen. Hau gutxi balitz, bertaratu ginenon herri galdeketaren aldarria ignoratu zuen, erabat lekuz kanpo zegoen komentario bat baino gehiago bota zuen (“oriyo zarautz baño hobia da”; adibidez) eta bukatzeko ironiaz beteriko agurra eskaini zuen, giroa gehiago krispatzeko.  PSOEko ordezkariak, betiko moduan, ez zuen hitzik egin, baina Eugenio Cotadok, hitz asko egin etzuen arren, eman zuen zer esana. Bozkaketa egiteko unean, abstenitu egin zen honela emaitza berdinketan utzita, berriz bozkatzera behartuz. Bigarren  bozkan ordea iritziz aldatu zuen. Zenbat arrazonamendutara iritsi ote zen 30 bat segundotan? Nork daki. Beraz, Muntoko Plana behin betirako onartuta geratu zen.

 

            Bilkura amaitu ondoren,  eta tamalez hau da interesatzen den bakarra, gure haserrea adierazteko pankarta hartu eta udaletxe aurrean kontzentratzera gindoazela, barruraino sartzea otu zitzaigun. Eta hala egin genuen. Atetik sartzen ari ginen heinean, udaltzainak pankartari eutsiz tiraka hasi ziren, baina gu gehiago ginenez, aurrera egitea lortu genuen. Agian izango zen tentsio une hartan gorputzen arteko talkarik, baina inondik inora ez agresioa.  Hau da une horretan gertatu zen bakarra, eta lekukoek honela konfirmatzen dute gainera.   Gero pleno aretoaren kanpoan jarri ginen bertakoei gure dezadostasuna adieraziz. Amaieran, plazara irten ginen zinegotziak irten arte kontzentratzera, bainan han ez ginen OKK gazte asanbladakoak bakarrik, eta alkateak mezprezuzko agurra eskaini zigun. Orduan hasi ziren irainak eta alkatearen aitak, kirioak dantzan, bertan ginenoi mehatxuzko keinuak egin zizkigun, eta inor jipoitzeko asmoa erakutsi zuen. Alkateak geldituarazi zuen.  Amaitutzat sakabanatu egin ginen.

 

            Pixka bat beranduago, ertzainak agertu ziren herriko plazara, eta bertan ia inor ez zegoela ikusita, karkara aldizkariko langile bat identifikatuarazi zuten beraiei argazki bat ateratzeagatik. OKK gazte asanbladakooi ordea, zibilez jantzitako ertzain batzuk Arkaitz tabernaraino jarraitu zigutenez, 10 ertzain inguru agertu ziren gu identifikatzera. Bertan ere beste munduko ezer ez zen gertatu.  Arkaitzera joan ginen, bertan Eugenio Cotado topatu genuen, eta berarekin lasai eztabaidan aritu ginen. Ertzainak sartu ziren, musika itzali, gu identifikatu, elkarri argazki batzuk atera, udaltzainek deklaratu, beraiek beren bidetik eta gu afaltzera. Zein arrazoirengatik salatu gaituzten? Udaltzainek zer deklaratu zuten? Guri ez galdetu, ez dugu esplikaziorik jaso.

 

 

GURE IRITZIA: 

 

OKK gazte asanbladak argi utzi nahi du, agresioak baztertzen ditugula, eta ez garela izango gu, modu horretan lanean hasiko garenak. Ez dugu udaltzaingoarekiko inongo aurkakotasunik erakutsi. Beraiek beren lana egin zuten eta guk gure betekizuna.

 

Alkateak emaniko agindua eta erakutsitako faltsukeria salatzen dugu, adierazpen askatasunaren eskubidea urratzen baitigu. Laster, kamisetetan lemaren bat izateagatik kentzera behartuko gaituzte. Eta orduan zer? Exibizionismoagatik beste salaketa bat? Edo ta denok arraun klubeko kamiseta soinean eta irribar batekin joan behar dugu bilkuretara alkatearen edo bere aitaren nahiak asetzeko?

 

Bertan izan zen biolentzia arrasto bakarra, Jon Redondoren aitak erakutsi zuen, eta ez da inor faltatzearren, baina bere semeak eutsi behar izan zion guganaino ez ailegatzeko, nork daki zer gertatuko zen ez bazion eutsi. Aita semeen artean agresiorik ote? Hiruko erregela honekin jarraituz, identifika dezatela bera ere!

 

Guzti honekin gainera, argi dago nork irabazi duen, alkateak eta PNV-k. Hitzegin beharrekoa muntoko plana zen, eztabaidatu beharrekoa, alde edo kontra jartzekoa, baina ez gure jarrera. Hala ere batzuk oraindik gu kriminalizatu nahian jarraituko dute, batzokiaren erasoa bezala (barkamenaren zain gaude oraindik), baina beharrezkoa bada, herriaren aurrean erakutsi dezatela kamarek grabatu zutena, akusazio faltsu hauek, ematen ez badu ere min egiten dute eta. Gu ere itxuraz baliatzen baikara gure ekintzetan, eta lurraren azpitik utzi nahi gaituzte herriaren aurrean.

 

 

*MUNTOKO PLANARI BURUZ:

 

 

Hasteko, iruditzen zaigu, muntoko planean lau atal bereizi behar direla, eta atal hauek bereizita bozkatu beharko liratekela. Hauek dira, gure iritziz lau atalak:

 

1.    Ikastolaren eraikin berria.

 

Jakina da, ikastolak eraikin berri hau BEHAR duela, eta ez dela kapritxo soil bat. Guk, ikasketak orain dela gutxi amaitu ditugu edo zenbait ikasten ari gara eta badakigu zer den kanpoan ikasi beharra, beraz, gure herriko gazteei eta umeei hemen 16 urtera arte gutxienez ikasteko eskubidea bermatu nahi diegu.

 

Baina arazoa lehendik dator, ikastolak berez 10000m2-ko lursaila baitzuen behar zuenean eraikitzeko, baina lursail hau, dugun kiroldegi “legal” hori egiteko erabili zen, eta orain, ikastolak beharra du, baina lursail hori...okupatuta dago.

 

Bestalde, ikastolaren arazo hau muntoko planaren zati bat izatea PNV-ren interesa dela iruditzen zaigu, honekin, ikastolakoei plana onartzera bultzatzuz, eta bertan ikasten seme-alabak dituztenei beldurra sartuz; azken finean, gure herrian agintzen duen alderdi maitearen beste azpijoko bat dela dirudi.

 

2.    Etxeak eraikitzea.

 

Herrian etxe gehiago egin aurretik, egungo etxebizitza hutsen kontaketari buruzko ikerketa egin beharko litzateke, gure ustetan gehiegi batira. Gogorarazten dugu, hondartzako etxe asko oraindik saltzeko direla eta, lanak gelditu dituztela promotoreek, eta dikeko lanak atzeratu dituztela, eroslerik ez dagoelako, eta berdin ari da gertatzen beste herri askotan. Zein lur sail geratuko da hemendik gutxira, gaur egun edo ondondorengo belaunaldietan? Etxe berriak kanpotarrek soilik erosten dituzte, eta horrek lotarako herri bilakatuko luke Orio, eman nahi diogun bizi gutxi hori erabat hilez!

 

Horrez gain, etxebizitzak eraikitzekotan, babestutako etxe gehiago egon beharko luke, %20 eskasean mugatu beharrean. Legeak %75 arte onartzen badu, zergatik ez saiatu promotoreekin negoziatzen? Adostasun batera heldu gaitezke.

 

3.    Eroski; merkatal gunea.

 

Ez da Arkuperi “pelota” egitearren, baina hein batean gure nahiak asetzen dituen denda aukera zabala dugu Orion, baita elkarren artean konpetentzia duten arlo berdinekoak ere. Baina hortik merkatal gune bat eraikitzera...alde handia dago! Gogoan eduki dezagun, merkatari hauek ere herritarrak direla, eta ez dutela zertan kanpoko eragile baten aurka lehiatu. Gainera, Oriok duen populaziorako, beharrezkoa ote da gune hau? Gure uste apalean EZ, eta EZ larriz jartzen dugu, 5000 (Redondoren hitzak) pasatxo biztanle duen herri baten nahiak asetzeko adina badago eta. Gainera, gizarte honek duen beste gaixotasun batera jotzen dugu, komodidadea. Zer kostatzen zaigu bada kanpora joatea? Zarauzkoak ere gure nahiak asetzen ditu, edo ditzake, eta Urbil ere hortxe dago. Horrelako ezer inguruan, bi pausotara izango ez bagenu, ba agian, baina nahiago dugu gure herritarrak kaltetuak izatea eta pauso erdi bat eman, herritarrak ez kaltetu eta bi pauso eman baino.

 

4.    Aparkalekuak.

 

Herriak aparkaleku beharra du, baina inguru hori ez da arazoa duena. Baxoaldeko aparkalekua ez da gauetan ere betetzen, eta inguru horretan aparkaleku gehiago izanez gero, beste inguruetan ez egiteko aitzakia izango dute.

 

 

ERANTZUNAK:

 

1.-  Legea urratu zenuten pankarta plenora igota?

 

            Bai, alkatearen agindua desobeditu genuen. Baina alkatearen baitan dago pankartak igo ala ez erabakitzea eta ez legearen baitan. Berak nahi duelako bakarrik ezin dira igo pankartak.

 

2.- Zer gertatu zen, zuen esanetan, udaltzain eta pankarta zutenen artean?

 

            Udaltzainak parkartari eutsiz tiraka hasi ziren, baina gu gehiago giñenez, aurrera egitea lortu genuen. Agian izango zen tentsio une hartan gorputzen arteko talkarik, baina inondik inora ez agresioa.

 

3.- Zuen ustetan zer egin behar zuten udaltzainek egoera horretan?

 

            Udaltzainek ongi jokatu zuten, hasieran alkatearen aginduaz ohartarazi ziguten eta amaieran parkarta kentzen ahalegindu ziren. Zer gehiago egin behar zuten ba?

 

4.- Autokritikarako gai zarete?

 

Bai.

 

5.- Dena ondo egin zenuten?

           

Diplomaziak huts eginik, unean biderik egokiena iruditu zitzaigun. Desobedentzia, eta ez agresioa.

 

6.- Pankarta igo ez bazenute, jasan dezuten guztia jasan beharko zenuteke?

 

Noski ezetz. Pankartaren kontuak zer esan handia ekarri du, kritika ezkorrak eta gezurrak barne. Baina gutxienez jasaten dugun adierazpen askatasun eza agerian utzi dugu, hori baitzen gure helburua.

 

 

 GAIZKI ULERTUAK:

 

Gaur izango den kontzentrazioari buruz sortu diren gora-beherak argitu nahi ditugu, ez baita ezker abertzalea izan antolatu duena, gu baizik. Horretaz gain, ez da udaltzain eta ertzainek asteartean azaldutako jarrera salatzeko, gure herriaren buru den alkate eta bere alderdiaren jarrera salatzeko baizik.

 

Orioko gazte asanblada 2008/03/06

Gazteen oharra

Orio maite dut — 2008/03/06 19:49
1. Oso ohar txukun bat prestatu duzue. 2. Adierazitako ideak oso argiak daude. 3. Ezkertzekoa da zuen jarrera ezagutzea. 4. Nahiz eta zuen aipamen batzuekin ados ez egon, eskerrik asko zuen ikuspuntuak garatzeagatik. 5. Azkenik, eskerrik asko begirunea erabiltzeagatik. Zorionak!

"ORIO MAITE DU"-RI

OKK gazte asanblada — 2008/03/06 19:58
ESKERRIKASKO. ADIERAZI ZURE EZADOSTASUNAK GLOG HONETAN ETA ERANTZUTEN SAIATUKO GARA. HITZEGITEKO PREST GAUDE, ZURE MODUAN HITZEGITEKO PREST DAUDENEKIN. ZORIONAK ZURI ERE!

udaltzainen alde

oriotarra — 2008/03/06 21:01
Oso idatzi ona, txukuna, eta errespetagarria aurkeztu dezute, eta onartutakoak kontutan hartuta, berriro horrelakorik ez gertatzea gustatuko litzaidake noski, zuen iritziak aurkeztu eta sinadurak eskatu, eta alkatearen aurka bazaudete, saiatu hainbat ekitaldiren bitartez jendea informatzen,eta konbentzitzen, ziur baitnago orioko %50ak agian ez dakiela zer den Muntoko plan partziala ere. Ondo izan eta txintxo ibili gaur arratsaldeko 20:30etan. ANIMOAK INPLIKATU GUZTIEI, UDALTZAIN ZEIN GAZTE

komunikatua

joxemari — 2008/03/06 23:24
oso komunikatu ona! zorionak gazte asanbladari, oraingoan ixilduko dituzue PEPErmin eta besteak...

MESEDEZ

Eñaut Martí — 2008/03/06 23:32
Komunikatu hau irakurtzeko irrikitan zudenak, mesedez, idatzi zuen kritika, komentario edo gainerapenak. Ados egon edo ez, berdin du, esaten zenuten bzala, ikasteko prest baikaude. idatzi mesedez

AUPA HI!!!

permin friend! — 2008/03/07 01:42
...Hi ez al duk komunikatu honekin sartu behar? Honekin sartzea bsterik ez zaik gelditzen!!

ta non da permin?

mikel aranzabal — 2008/03/07 02:04
ikusi diat beste albisteren batean izan haizela idazten, baina, sei ordu t´erdi pasa dituk komunikatua egin dugunetik eta ez diagu hire kritikarik jaso oraindik. non sartu haiz? pereza ematen al dik egia irakurtzeak? besteon ortogrfia kritikatu ondoren, agian hire euskara mailarentzat gehiegi? bromak alde batera utzita badiat gogoa hire iritzia ezagutzeko, zenbaterainoko pertsona itxia haizen jakiteko. pd: "ijito bat"en iritzia ere jakin nahiko nuke, batzuetan dekolokatuta uzten bait nau.

nik ere berriz ez gertatzea espero dut (oriotarrari)

mikel aranzabal — 2008/03/07 02:45
mila esker komunikatua atsegin duzula adierazteagatik. nire iritziz, giroa pixka bat lasaitu du behintzat. Hala ere, zergatik aipatzen duzue komunikatu txukunarena? Norbaitek serioak ez garela pentsatzen al du ba? (ez dut txarrean esaten). ni ere, berriz gertatuko ez delakoan nago, eta ez gu norbait erasotzeagatik kiminalizatu gaituztelako bakarrik, alkatearen jarrera errepikatuko ez dela espero dudalako baizik, zeren, alkateak eskubide guztia zuen legearen arabera plenoan pankartarik zartzen ez usteko, baina, legala izateak ez du esan nahi ongi egina dagoenik. beste pleno batzuetara pankartarekin joan izan gara eta ez da inongo arazorik izan. ez dakit zergatik izan den oraingoan ezberdin. agindua zen: "bilkurara ez dadila pankartarik sartu" eta guk kasu egin genuen. igo ginenean bilkura amaitua zegoen, eta gainera ez ginen aretoa sartu ere egin. badakit herriaren %50ak ez dakiela zertaz ari garen mintzatzen, baina udaletxeak ere jakin arazi beharko luke bada? gazte asanbladak, ekainetik berriz martxan denetik behintzat, gauzak forma honean egin izan ditu beti: san pedro jaietako kontzertua, gazte eguna, san nikolas jaien antolakuntza eta partehartzea, AHT aren aurkako ekintzak, gabon eguneko kantaldia, OKK aste kulturala, "orion jai" eguneko parodia eta gaztetxearen hainbat aldarrikapen. kontuan izan baita ere, gipuzkoako lehen gazte asanblada garela gaztetxe bat okupatu aurretik udalarekin mahai ingurua sortzeko proposamena egin duena (foru aldundiko gazteria sailekoak ditugu iturri), eta hala ere udalak negoziazioak baztertzen dituela abenduko "orioko plaza"n kontrakoa adierazi arren. azkenean gehiegi luzatu naiz, baina honekin esan nahi dudana da; zortzi hilabete soilik martxan izanik nahikoa ekimen sortu ditugula, bai aldarrikapenekoak eta baita jai girokoak ere (herriak behar baitu), eta egin ditugun ekintza guztiak baketsuak izan direla, nahiz eta pnv-koek beren egoitzari erasotu izana leporatu. gezurra noski. eta herriak ekintza hauek behar ditu, baina ezin gara beti berdinak izan. pd: lasai, txintxo ibili gara elkarteratzean, betiko moduan.

ez ta kasorik ere

emayok buelta — 2008/03/07 09:45
OKK; Mikel, mugimendu hortako guztioi, nahikoa egin duzue. Orain, nere iritzi apalean, ixildu, gelditu eta etortzen den guztia "absorbitu" eta lasai lasai "estudiatu". Ez hasi, datozen mezu guztiei erantzuna emanez. Nahiko argi eta garbi adierazi duzue zuen plana, ekintza, ekimen eta guzti hoi. Bestela baratxuria bezala errepikatzen hasiko zarete eta aspegura sortu. Emayozue denbora, "digestioa" egin dezala asuntu honek. Eta Permin mafioso horri, desobiedentzia, ez ta kasorik ere !!. deskalifikazio petsonaletara iritxi dek eta horrek badakizue zer esan nahi dun...xentimorik ere ez dula balio.

Permin-i

Iker Gurrutxaga — 2008/03/07 10:29
Permin, ya pasatzen ai haiz! Aurrez foro hontan ibilian oriotar peto-petoan antza dakak motel! Bale akusaziyo personalak itiakin e? Faorez, halako gauzak esateko esan zein haizen bi potrokin ta Mikeli arpegia! Ze halako gauzekin jendia beotu, eze esan ez ta gaña lekuz kanpoko mezu pilla sortzia eraitek! Faorez, izen abizenekin firma zak behinguagatik! Eo beldurra dakak halako astakeyak esan da geo arpegiya eman ta batenbatek earki beotuko haula pentsatuta? Besteik gabe, errespetua danan gañetik. Rebatitu nahi dan dana, baño halako argumentuk ibiltzia lotsagarriya dek ta arrazoiketa eza eakusteye. Zuen batzokiko jendiak hik baño zentzu geyo izango oteik...

Mikel Aranzabalen alde

Jaione Iribar — 2008/03/07 10:37
Aupa Mikel! Hire kinki pinta ta guzti, askok uste baino lan gehiago egiten dek. Artista izateak sakrifizio eta lan asko behar dik eta hik ederki demostratu dek kanturako grina eta gogoa. Eutsi horri! Hik izen abizenak emanez aurpegia ematen duk komentario edo kritika guztiak onartuz, beste batzuk (kasu hontan, Permin jauna), aldiz, erraz botatzen dizkitek deskalifikazio pertsonalak izena bakarrik emanaz. Aupa Mikel eta OKK gazte asanblada! Segi hola lanean.

Komunikatua

Ijito bat — 2008/03/07 12:33
Aupa. Gertatutakoa gertatu eta gero uste det komunikatu egokia atera dezutela. Ginda bezela elegoke batere gaizki pertsonalki bi udaltainekin hitzegitea komunikatu bidez egin ordez, baina horrek zuen barrenetik atera beharko luke. Aurrera begira, honetaz ikasi eta buru gehiagoz jokatuko duzuela espero det. Holakoen bitartez zuen ekintzetatik atentzioa desbideratzea besterik ez duzue lortu, eta hori ez da nahi duzuena. Azkarragoak izan eta aurkakoei aukerarik ere ez eman holakoak gertatzeko. Beste puntu batera pasaz, aurreko batean esan bezela, jakin nahiko nuke lehen deialdia nork bidali zuen karkarara. Benetan hori pentsatzen badu, aurpegia eman dezala. Orioko EAE-ANV-k ere hori pentsatzen badu, esan dezala (beraien izenean irten bait zen deialdia). Espero det beraiek ere OKK-k mezu hauei erantzuteko erakutsi duen adorea erakustea eta garbi uztea zer pentsatzen duten honen inguruan. Azkenik pozten naiz, Mikel, zu deskolokatzeko gai izatea. Zuen pentsakera deskolokatu eta autokritikara bultzatu bazaituek hemen idazteak pena merezi izan du. Segi lanean.

GAIZKI ULERTUAK ARGITUZ

Karkara — 2008/03/07 12:46
Karkarak ez du bere gain hartzen atzoko kontzentrazioaren lema oker jakinarazi izana. Horrela jakinarazi zitzaigun eta horrelaxe argitaratu genuen. Antolatzaileen artean egon zitezkeen gaizki ulertzeak ez ditugu gure egiten.

Iker Gurrutxaga-ri

oriotar peto-petoa — 2008/03/07 13:10
Hi fenomeno. Etzak nahastu oriotar peto-petoa eta Permin. Petoak makiñabat argibide, argudio, iritzi... eman baizituen, hiri ez gustatu arren. Ta gainez, ixilduz agurtu huan. Hire "insufiezientziyak" ageriyan utzi zituela, ba konforme, bainan gai asko jorratu zizkin eta asko zuzen gaiñera, hiri ez gustatu arren. Baiñan Perminen jokaera, bestebatekoa dek. Ni, emayok bueltarekin natxiok. Ez ta kasurik ere mafioso horri!!

Azken erantzunai

Iker Gurrutxaga — 2008/03/07 15:12
Bai, bale, askotan argumentatu ziyan (nere kapazidadia zalantzan jarri? eztiyat uste halakoik intzunik baño beno...), baño gogon hartu nei're deskalifikaziyok grabek intzixkiala ta hor eztao zalantzik. Norbean pentsamentun kritikak iten jakin ber da ta hoyek jasotzen baita iñoiz'e deskalifikaziyotan sartu gabe. Ni hortik jun naiz Permin ta Oriotar peto-petoa konparatzeako garayen. Besteik ez... Karkarai berriz, eskatuko niyoke erantzunak ematia posibilitatzeko garayen, erregistratutako pertsonak partehartzia. Alegiya, ezizen batekin firmatu arren, beayek jakitia zein dan zein, hola batzuk hemendik kanpoa uzteko. Nik idazteten orrialde geyenetan hola funtzionatzeu ta gauzak. Besteik gabe, ondo izan!

udalak <<honelakorik berriz ez gartatzeko neurriak>> hartuko ditu

mikel aranzabal — 2008/03/07 15:28
atzo, jon redondo alkateak orioko udalaren izenean prentsa oharra kaleratu zuen. bi udaltzain <> genituela dio oharrak eta udalbatzarrak irauten zuen bitartean <> udaletxe behean atea zaintzen ari ziren bi udaltzain <> genituela. amaitzeko, berriz, honelako egoerarik ez errepikatzeko <> hartuko dituztela iragarri zuen. nik ez dut komunikaturik inon irakurri, hitzako laburpenean irakurri dut, baina parentesi arteko esaldiak zitak direnez, ongi daudela suposa genezake, beraz, argibide batzuk eman nahi nituzke. 1.- berriro diot, ez genuela inor <> , udaltzainek pankartari eutsi zioten eta guk aurrera egin genuen inor indarrez bultzatu edo kolpatu gabe. guk gure bidea egin genuen eta hori, legearen aurrean ere, ez da agresioa. 2.- <> hitzari dagokionez, atzo entzun nuenez (baina hain beste entzuten dira), kristina kendu nahian pankartari helduta zioala, sarrerako bigarren atetik pasatzean albo batean zioanez, besoarekin atearen ertza kolpatu zuen, eta honen ondorioz besoa apur bat handituta omen du. ez dugu inor agreditu, baina gure ekintza baten ondorioz norbait zauritua izan bada, noski barkamena eskatuko diogula gure sentipen osoa adieraziz, nik behintzat. 3.- pankarta bila jaitsi ginenean bilkura amaitua zegoen, eta gora igotzea lortu genuenean inor ez zen iraindua ez mehatxatua izan. aretoaren kanpoan ginela, OKK gazte asanbladakook eugenio cotadorekin eztabaidatzen ari ginen eta alkatea berriz beste herritar batekin. denok hitzegitea bukatutakoan, alkateak kanpora irteteko proposamena eman zigun denoi, eta udala hutsik geratu zen. beraz kanpoan izan ziren istiluak. guk "dictador" eta "faxista" deitu genion plenoan izan zuen jarrera ikusita. irainak direla uste al du norbaitek? ba ez jokamolde definizioak dira. irain bakarra, berak mezprezuzko agurra egin zuenean gertatu zen, norbaitek "txuloputa" deitu baitzion, eta honek alkatearen aitaren haserrea piztu zuen, bertan izan ziren agresio mehatsu bakarrak eginez. 4.- udalak <> hartuko dituela dio. zein dira neurri horiek? adierazpen askatasuna onartuko du? legeak onartzen dion moduan, bilkura itxiak egingo ditu? udaltzain gehiago jarriko dute horrenbeste maite duten atea zaintzen? ertzainak agian? berdin zait zein neurri hartzen duen, ni bertan izango naiz eta pankarta eta guzti, denonak diren eskubideak aldarrikatzen.

iñakirekin bat

mikel aranzabal — 2008/03/07 15:31
blogean parte hartzen dugun batzuk ere honetaz mintzatu izan gara. ezizenaren erregistroa beharrezkoa da.

Mikel Aranzabal-i

ni — 2008/03/07 15:47
"... igotzea lortu genuenean inor ez zen iraindua ez mehatxatua izan..." Mikel, etzaitez pasa!! iraindua bai, asko eta ozen gañea!!! Ondo dago zure azalpena ematea, baina ez esan inor iraindua izan ez zenik, mesedez!!!

"ni"ri

mikel aranzabal — 2008/03/07 17:04
norbait iraindua izan bazen, gure partekik behintzat, aipatu irainak eta esan nori zuzenduak ziren. nahiz eta alakteak <> bakarrik aipatu, bertan jende ugari zen bere aurka, baina guk, "adirazpen askatasuna" oihukatu enuen behin eta berriro, eta eugenio cotadorekin eztabaidatu. alkateari ez genion hitzik, ez irainik egin, bera, beste batekin eztabaidan ari baitzen. ez dakit zu bertan izan zinen, baina ni bai, eta nik ikusia konatzen dut gertatutako moduan, eta ez nire ikuspuntua.

"Komunikatu"-rik ez al da?

Oriyotarra — 2008/03/09 19:23
Gazte asambladak ez al du adierazpenik edota komunikaturik argitaratu behar ETA-ren azken hilketa salatzeko?

??

Eñaut Martí — 2008/03/09 20:37
Gure lana ez da politika, kultura baizik

oriyotarra

pana — 2008/03/09 20:44
eñautek esan bezala, gure lana ez da politika, kultura baizik, nahiz eta askok ez duten hori sinetsi nahi eta marioneta hutsak garela pentsatzen duten. gainera ez litzateke zuzena izango komunikatu bat argitaratzea etaren hilketari buruz, gure apolitikotasunaren eraginez gazte asanbladaren barruan iritzi desberdinak baitaude.

Apolitikoa?

ni — 2008/03/10 10:30
Gazte asanblada izatekotan inolako talde politikorekin identifikatzen ez den talde bat izango da. Gazte asanblada ez baita apolitikoa, edota PNVren ereduaren aurka egotea,beren politikaren aurka egitea, ez al da bestelako politika, bestelako bizi ereduaren,herri baten alde egitea?Lagunak,zuek ere eragin politikoa dezuten talde bat zarete,ez lotsatu,ez pentsatu hori txarra denik,jarraitu lanean, desbideratu gabe, ta kriminalizaziori aurre egiten.

bai, apolitikoa

mikel aranzabal — 2008/03/14 13:38
"ni"ri: esan duzun bezala, gazte asanblada inolako talde politikorekin identifikatzen ez den talde bat da. zergatik? talde modura apolitikoak garelako. gure ekintza eta kexa guztiak, alde sozial edo kulturaletik jorratzen ditugu, politikaren adarra ahal den neurrian baztertuz, nahiz eta, udalarekin gazteriaren etorkizunaren inguruan eztabaidatzean politika egin beharko dugun. noski herriko politikan eragina dugula, eta eskerrak. muntoko planean, adibidez, etxebizitza sektorean dagoen arazo (sozial) larria salatu dugu, bainan bakarrik ez dugu ezer lortuko. jendea kontzientziatzea da gure helburua, denon artean nahi dugun herria osatzeko, batzuek gu kriminalizatu nahi izanak gure helburua oztopatzen duen arren. mila esker zure elkartasuna adierazteagatik, une zailak baitira guretzat, bainan lasai, ekintza berriak antolatzen dihardugu eta, beti aurrera begira.

OKK POLITIKOA DA!

ABERTZALE SUTSUA — 2008/06/18 23:19
eskerrak apolitikoa den... politikoa balitz, jaurlaritzan izango genuke OKK kar kar kar... hala eta guztiz ere... GORA OKK ETA EAE!!! GORA EUSKADI ASKATUA!

JUNAI OKK-ÑEA!!!

ANTI ABERTZALE SUTSUA — 2008/06/18 23:26
...Ai ai ai abertzale sutsua...hire ironiak, mina eman ziak benetan...nori binkulatzeiguk ba hik?? Ze partidui? Explikaziyo bat mesedez

gaia ia brasa pixkat aidek ematen

pana — 2008/06/20 09:54
nola azaldu behar da, kolektibo moduan ez dugula ideologiarik, eta politika mailako eztabaidak (giro onean betiere) sarri izaten ditugula, pentsamendu desberdinetako jendea baitugu. ideologia bakarra dugu: gure helburuak lortzea: gaztetxea eta aisialdi eredu autogestionatu eta herrikoia

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

246
Karkara 246 PDFn irakurri nahi baduzu klikatu hemen.

Gainontzekoak irakurtzeko, berriz,
klikatu hemen.
Azken erantzunak
JUNAI OKK-ÑEA!!! ANTI ABERTZALE SUTSUA, 2008/06/18
OKK POLITIKOA DA! ABERTZALE SUTSUA, 2008/06/18
Talde eragileak Patxi, 2008/06/03
MEZU EZABATUAK OKK gazte asanblada, 2008/03/21