Hemen zaude: Hasiera Blogak Orioko sozialistak
Dokumentu Akzioak

Orioko sozialistak

PSE-EE alderdiaren bloga

Agur sozialista

Orioko PSE-EEk bloga estreinatzen du mezu honekin

Agur sozialista,

Orri hau irekitzen dugu, Karkara aldizkariaren laguntzari esker, pentsamendu sozialista eraman ahal izateko herriko internautei, bai arituei eta bai hasiberriei. Orri hauetan aurkeztuko dizkizuegu Oriorako dauzkagun proiektuak eta, horretaz gain, saiatuko gara zuei jakinarazten zein den gure ikuspuntua euskal gizarteak eta espainiar gizarteak gaur egun dituzten arazoei buruz eta zein irtenbide proposatzen ditugun arazo horietarako.

Badakigu kritikatuak izan gaitezkeela; batzuek formak zainduz kritikatuko gaituzte eta beste batzuk, berriz, min ematen saiatuko dira edota iraindu egingo gaituzte. Arrisku hori geure gain hartuko dugu, badakigulako kritika guztiak, baita modurik desegokienean egindakoak ere, gure errealitate anitz eta iheskorrari buruzko ikuspegi bat dutela atzean eta gure errespetu osoa merezi duten sentimendu, ideia eta proiektuak dauzkatela oinarrian. Muga, sozialistontzat, pertsona guztien bizitza, duintasuna eta askatasuna errespetatzea da. Pertsona guztiena, jatorria, arraza, sexua edota beste edozein baldintza sozial edo pertsonal kontuan hartu gabe; horiek pertsonaren osagarriak baitira, norbait kalifikatzeko balio dezaketenak, baina pertsonaren funtsa osatzen ez dutenak.

Sozialistok hiritarrei buruz hitz egiten dugu, Greziako eta Erromako tradizio klasikoa jasoz; tradizio klasiko horretan gizakia eskubide eta betebeharren subjektua da eta ardurak dauzka errepublikaren kontuen bilakaeran; tradizio hori 1789ko iraultzaile frantsesen bidez eta XIX. mendeko idealista erromantikoen bidez iritsi zaigu. Sozialistok norbanakoa hobetzeko egiten dugu borroka, ez baitago gizartea hobetzerik ez badugu kontuan hartzen gizarte hori norbanakoz osatuta dagoela eta norbanako guztiak direla desberdinak, bakarrak eta baliozkoak, nor bere nahi eta arazoekin. Ideologia totalitarioek abstrakzioak erabiltzen dituzte, norbanakoa 'herria', 'kolektiboa' edo 'gizartea' bezalako kaiola semantikoetan ezkutatzen dutenak, eta pentsamendu sozialista modernoa oso urruti dago abstrakzio horietatik.

Azken urteetan Orio guztien ahotan ibili da; bai gauza positiboengatik eta bai gauza negatiboengatik. Sozialistak aspaldi gaude Orioko Udalean, nahiz eta ETA banda terroristako hiltzaileak saiatu ziren gu Udaletik kanpo uzten, Juan Priede zinegotzia hil zutenean. Udalean sozialistak gara kontra egiten duen ahots bakarra, urte luzez nahitaezko nazionalismoa nagusitu baita bertan. Baina sozialistak hiritar arduratsuak gara eta Udalaren erabakietan parte hartzen dugu, jarrera kritikoarekin, gure iritzia emanez, ideia berriak azalduz eta agerian jarriz Orio berena bakarrik balitz bezala jokatzen ohituta dauden talde politikoen erroreak eta gaitzak. Sozialistok, hala ere, ez ditugu trabak jartzen eta gure politika ez da suntsitzailea, horrek ez dakarrelako herritarrak politikarekin eta politikariekin nazkatzea baizik.

Orioko sozialistek gonbitea egiten diegu bertako herritarrei, parte har dezaten sortzen ari garen hirian; horretarako, harremanetan jartzea daukate Udalean ordezkatzen dituen zinegotziarekin, edo blog hauxe bera erabil dezakete, edo, hobe oraindik, auzo elkarteren batean egin dezakete beren ekarpena. Ordezkari politikoak ez gara beste inor baino hobeak edo jakintsuagoak eta ez gara, ezta ere, eskasagoak edo ezjakinagoak; kontua da guri dagokigula erabakiak hartzea eta gu geu bakarrik garela erabaki horien erantzuleak. Erabaki horien arabera juzgatzen gaituzte herritarrek, lau urtetik behin, gizarte demokratikoek eskura jarri dien arma indartsuarekin: hautestontziarekin. Garrantzizkoa da gure erabakiek herritarren ideia, proposamen eta nahiak islatzea. Ez dugu Orio bulegoetan egin behar, herritarren beharretatik aparte.

Orri hau prestatzen ari naizen bitartean, ETA banda terroristak berriro ekin dio, dakien modu bakarrean, Frantzian armarik gabe zihoazen bi guardia zibil gazte hilez. Badakit Euskadin jende asko dagoela benetako fobia diena Estatuko gorputz polizialei eta, bereziki, Guardia Zibilari. Ez naiz sartuko izan ditzaketen arrazoi zuzen ala okerrekoetan; baina inork ez du inori bizia kentzeko eskubiderik. Hilketaren salaketa egin behar da, kontuan izan gabe nor den hiltzailea eta nor hildakoa. Horregatik esan nahi diegu 'Euskal Herria' hitzekin ahoa betetzen duten horiei, biktima onen eta txarren arteko edota hilketa onen eta txarren arteko bereizketa egiten badugu, ez dugula inolako errespeturik merezi, ez herri gisa eta ez pertsona gisa; biktima guztiak dira onak eta hilketa guztiak dira txarrak. Gogorarazi nahi diet  Pirinioetara udan eta neguan joaten diren euskaldun guztiei guardia zibilak direla, baita ere, hango mendietan laguntzen digutenak, arazoak dauzkagunean erreskatatzen gaituztenak edota bizitza salbatzen digutenak, sekula galdetu gabe nongoak garen edota zein den gure ideologia. Seguru nago terroristek ez dutela xakean egiten; baina, hala ere, ez ditugu pertsonak partida odoltsu bateko peoi baliogabe bihurtu nahi, terroristek gure askatasunarekin eta gure bizitzekin jolastu nahi badute ere.

                        Orio, 2007ko abenduaren 4a

                        Jesús Rodríguez Pousa

Patxi Uranga 2008/01/17
AIAKO ETA ORIOKO BERRI,
AZKAR ETA ARIN


Karkara publizitatea Sumo


Karkara 240 PDFn irakurri nahi baduzu klikatu hemen.
Gainontzekoak irakurtzeko, berriz,
klikatu hemen.
Azken erantzunak
Oriyotarri Catalina, 2008/02/21
Catalina-ri Oriyotarra, 2008/02/20
AUPA BEÑAT hireki gatxaudek/n!!!!!! Iñaki ituraini bezala gainontzekoei ere!!, 2008/02/11
ez dago barkatzerik duintasuna, 2008/02/11
mertzenarioak dituk langile bat , 2008/02/11
Azken sarrerak