Malen Gurrutxagak saria jaso du Eskolarteko Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Errikotxia 2023ko api. 4a, 09:19
Malen Gurrutxaga saria jasotzen. (Errikotxia)

Martxoaren 23an ospatu zen Usurbilen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketa

Ikastolen Elkarteak urtero antolatzen duen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketa ostegunean ospatu zen Usurbilgo Oiardo Kiroldegian. Gipuzkoa mailan egiten den ekitaldi hau urtero ospatzen da eta eskualdez eskualde egiten diren saioetan ehunka ikaslek parte hartzen dute.

Urola Kostako ikasleek Usurbilen zuten hitzordua eta hamabost izan ziren Orio eta Aiatik bertaratu ziren gaztetxoak. Ikasle bakoitzak, bertan emandako gaia abiapuntutzat harturik, bina bertso prestatu behar izan zituen. Ekitaldiaren amaieran epaileek maila bakoitzeko irabazleak izendatu zituzten eta haien artean Orioko Herri Ikastolako Malen Gurrutxaga suertatu zen garaile.

Ekitaldian parte hartu zuten bertsolari denek gozatu zuten esperientziaz eta datorren urtean berriz parte hartzeko asmoz itzuli ziren trenez herrira.

 

Hona hemen Malen Gurrutxagaren saritutako lana:

Gaia: Jende aurrean agertzea gustatzen zait.

Txikitatik izan naiz
oso lotsatia,
jasan ezina baitzen
platoko argia,
jendea ne(r)i begira
ze beldurgarria,
baina hamar urtekin
in nun antzerkia,
eta hori izan zen
lorpen oso handia.

 

Platotikan platora
nik jarraitu nuen,
eszenatoki guztik
txaloekin lertzen,
nire bertso saioak
joan ziren betetzen,
ederki pasatzen dut
algarak entzuten,
bertsolaria izan
nahi dut egun baten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!