Junior mutilek lehen garaipena poltsikora

Erabiltzailearen aurpegia ZAST-Orio 2014ko urr. 29a, 08:02

Joan den igandean, urriaren 26an, Orioko saskibaloi taldeko junior mutilek Arrasateko Mondragon Unibertsitatekoen aurka neurtu zituzten indarrak. Zorionez, markagailuak Oriotarren alde bukatu zuen, 29 eta 38.

Hasiera-hasieratik partida oso lehiakorra izan zen; izan ere, partidan zehar, talde batek aurre hartzen bazuen ere, oso tarte txikia ateratzea lortzen zuen. Oriotarren aulkia Arrasatekoenarekin alderatuta laburra izan arren, Iker Gurrutxagari, burua hotz mantenduz, egoki atera zitzaion partida, jokalarien arteko errotazioak ongi moldatu baitzituen.

Oriotarrek lehen zatia puntu bat atzetik amaitu zuten. Baina hurrengo zatian, aurreko bi laurdenetan egindako akatsak zuzenduz, partida aurrera modu egokian eramatea lortu zuten mutilek. Batez ere, azken laurdenean egindako defentsa gogorrari eta saski azpiko lanari esker, tarte garrantzitsua lortu zuten aurkarien hutsartea behartuz. Dena dela, jaurtiketa libreetan zein 6,25m-ko marratik ez ziren fin ibili oriotarrak.

Baina ez zuten bururik galdu. Defentsa baitzen giltza nagusietako bat. Amaieran, 9 puntuko aldearekin poltsikoratu zuten denboraldiko lehen garaipena, aurreko partida, denboraldiko lehendabizikoa, Ordiziaren aurka galdu eta gero.

Iker Gurrutxaga eta bere mutilak pozik geratu ziren egindako lanarekin. Baina orain hurrengo neurketari begira jarri behar dute, izan ere aurkari oso gogorra hartuko dute etxean. Talde historiko baten aurka, hain zuzen ere, Azpeitiko Iraurgi taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Azaroaren 8an, arratsaldeko 16:00etan, Karela kiroldegian izango da norgehiagoka. Zaila izango da, baina ezinezkoa ez. Ea nola joaten zaien!

Mondragon Unibertsitatea (9+5+8+7) 29:Agirre (4), Zeziaga (1), Cortes (5), Calleja (8), Ibarra (5) –hasierako bostekoa–, Urrutia (2), Aginalde (4), Irazola.

Orio ZAST (7+5+14+12) 38: Borda (5), Ibarbia (2), Argibe (5), Ubegun (5), Aramburu (19) –hasierako bostekoa–, Alkain, Orbañanos (2), Urdangarin, Unanue.

 

Mikel Orbañanos Iribar

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!