Finala

Erabiltzailearen aurpegia Onetsine Arrizabalaga 2014ko uzt. 13a, 22:46
Iritsi da eguna, Munduko Futbol Txapelketako finala halajaina. Ez naiz ni bereziki futbolzalea, baina Irlandan bizitako lau urte pasatxoetan izan nuen aukera selekzio berdearen aldeko partiduak gozatzeko. Éireko jarraitzaileen animoa, momenturik gogorrenetan ere, benetan miresgarria iruditzen zait, "Come on you boys in green" eta antzeko kantuak kantatzen. Orain Alemanian bizi naiz ordea, eta duela bi urte lagun espainiarrak zoriondu nituen Europear titulua irabaztean, alemaniarrak finalerdietan geratu zirelarik. Aurten, ordea, azkar isildu dira azken txapeldunen oihuak, eta aldiz gure anfitrioiak ari dira finala jokatzen hau idazten ari naizen bitartean.

 

Hemen bizi diren lagunek kontatzen dute 2006. urtea izan zela alemaniar herritarrak euren koloreak harro astintzen hasi zirena. Ordurarte pisu handia zuen oraindik euren erruduntasun sentimenduak ezartzen ziena, baina orain etxe, auto nahiz bizikletak beltz, gorri eta urre kolorez jantzita dituzte, batez ere txapelketa handiak gerturatzean.

Aurten, duela bi urterekin alderatuta, taberna gehiagok atera dituzte pantailak kalera, terrazetara. Aireportuan egokitu zitzaidan Alemania-Estatu Batuak partidua, eta oporraldien hasiera izanik, eguzkitan egotea nahiago izan nuen pantailari begira egon baino. Hala ere, aireportura sartzean, ezin partiduari bizkarra eman, txoko guztietan jarri zituzten telebista pantailak, telebista haiek ekoiztu zituztenek iragarri zituzten bai, euren produktuak!

Opor motxak izan ziren hala ere, Karkararen 25. urteurrena tartean, etxera bisita azkarra egin nuen eta buelta berriz lanera. Eta Alemaniak aurrera txapelketan. Hain futbolzaleak ez diren lankideak ere erosi zituzten etxea apaintzeko banderak, eta baita ereserkiaren hitzak ikasi ere! Partidu asko arratsaldean, 6ak aldera izan direnez, konferentzia areto nagusia prestatu dute gure ikerketa zentruan eta alemaniako partiduak bertan ikusteko aukera izan du nahi duenak. Final erdia, ordea, gaueko 10etan, hurrengo eguna lan eguna izanik eta euria goian behean zenez, jende gehienak etxetik ikustea erabaki zuen. Hori bai, afaria etxera ekartzeko eskatuz, horrela, ezagutzen ditut bakarren batzuk afaldu gabe geratu zirenak, eskaria ez baitzitzaien iritsi!

Irlandako jarraitzaileekin alderatuta, askoz isilagoak dira hemengoak, edo nire inguruan tokatu zaizkidanak behintzat. Horretan ere zuzenak, finalera 7-1 emaitzarekin pasa eta azken bi golak ia ez ziren ospatu ere egin (nire bizilagunek behintzat). Gainera, irabazi ostean autoan bozina-joka igarotzen dira kaleetan zehar eta egun hartan ez nuen soinu asko entzun. Hiri erdi-erdian bizi diren lagunek lo egiteko arazoak izan bazituzten ere, orokorrean nahiko lasai ospatu zuten finalerako txartela lortzea.

Gaur, berriz, izango al dugu lo hartzeko arazorik? Eskerrak ez naizen hirigune erdian bizi, bada azpitik igarotzen duen tunela, eta Real Madrilgo zaleak Cibelesen nola, hara biltzen dira ospakizunetarako ehundaka jarraitzaile. Duela gutxi igo dira Darmstadteko “Liliak” kategoriaz eta orduan bildutako asko gaur hara gerturatzeko prest egongo da baita ere.

Hau idazten ari naizenez, etxetik ikusten ari naiz gaurkoan, etxetik kanpo ikusi ahal izateko mahaia alokatu (€€€) edo partidua baino 5 ordu lehenago mugitu behar baitzen lekua hartu ahal izateko. Zerbeza litroak salduko dituzte gaur garagardotegiek, baina ez finalerdietan bezain beste, golen euforiak egarria sustazen duela baitirudi. Akaso penak arintzeko gaua luze joango da... Hamar minutu geratzen dira partidua bukatzeko eta 0-0 jarraitzen dute... Agian gaur lasai lo egin dezakegu! :D

Baina oheratzerako azken galdera, laister ikusiko al dugu gure selekzioa, berdea, euskalduna ofizialki txapelketetan parte hartzen? Hala espero dut, orduan bai ez nukeela partidurik galduko!!!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!