Urriak 13ko plenoa

Pasa den astelehenean, urriak 13, plenoa izan genuen Aiako udaletxean, eta batzar aretoan Alkateak erakutsitako jarreraz arduratuta jarraitzen dugu Aiako EH Bildun.

Hasteko, esan, iada abuztuko plenoan Aia-ko EH BILDUtik mozio bat aurkeztu genuela Aia Fracking gabeko eremu izendatzeko asmoarekin ,baina, alkateak ez zuen pleno hartako gai ordenean sartu, dirudienez aurkeztu genuen mozioa “ez zuelako ikusi”. Berak hitz eman zigun hurrengo plenoan eztabaidatuko zela. Baina asteleheneko plenoa baino ordu batzuk lehenago jakinarazi zigun mozio hau eta pleno honetarako beste bi ez sartzea erabaki zuela. Azken batean, denbora pasatzen utzi eta gaia ezkutuan mantendu.Udal gobernuak Aiarron interesak defendatzeko ardura izan beharko luke eta garrantzitsua da Fracking-aren inguruan ze posizionamendu duen argitzea. Herritarroi udalaren jarrera argitzea zor diegu. Gaia ezkutatzeak arazoa ez du desageraraziko!

Bestalde, Elkanoko frontoiaren obren lizitazioa eta lurren desjabetzea zegoen gai ordenean. EAJ-ren udal gobernuaren gauzak egiteko moduaren beste adibide bat, lurren jabeek jarri duten salaketa, eta hau plenoan azaldu nahi zuen arkitektuari hitza moztu izana. Badirudi hainbeste urteetan auzotarrekin proiektua landu eta denekin adostasunera iristeko gauza ez dela izan. Hala ere, EAJ-k salaketari kasurik ez egin eta obrekin hasteko asmoa erakutsi du, are gehiago, plan hau urgentziazko proiektu gisa izendatu du. Eta zer gertatuko da frontoia eraiki eta salaketa horren epaia proiektuaren aurkakoa bada? Nor egingo da erantzule, nork jasango ditu ondorioak? Bermerik gabe Aiarron dirua erabiltzea al da bidea? Lehenago ere udalak beste auzietan bere kontrako epaia jaso izan du.

Beste behin, proiektu honekiko gure desadostasuna erakutsi genuen dakarren kostuagatik eta ez zaigulako iruditzen lehentasunezko proiektua izan behar lukeenik . Ala ere, EH BILDU Aia-ko kideok argi daukagu arduragabekeria hutsa dela EAJ-ko udal gobernuak daraman prozedura.

Aipagarria iruditzen zaigu baita EAJ-ren udal gobernuak proiektu beraren aurrekontua bi zatitan banatzeko erabakia hartu izana. Alde batetik frontoia eta elkartea,(771.914,09 euro) eta bestetik frontoiaren sabaia. Zergatik banatu bi zatitan? Obren esleipena zuzenean Alkateak berak negoziatzeko eskumena izateko , hain zuzen ere. Berez, legeak ez dio ematen negoziatzeko eskumenik proiektu osoaren aurrekontuaren zenbatekoa handiegia delako. Baina, proiektuaren aurrekontua bi zatitan banatu izanak eta ondorioz zati bakoitzak zenbateko baxuagoa, ba... Negoziatzeko ahalmena eskuratzen du alkateak!!!

Gardentasunik bilatzen ez duen mugimenduekin darrai EAJ-ren Udal gobernuak.

Aiako EH BILDU