Zuri, jazarle

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2024ko api. 21a, 08:00
LGTBIQ+ kolektiboaren ikurra.

Apirileko Karkara aldizkariko Moila bazterretik atalean idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Gaur goizean esnatu bezain pronto eguna amaitzeko desira sentitu dut. Goizeroko errituala da kafea hartzearekin batera, telebista piztu eta albistegiak ikustea. Zarauzko Hitza-n irakurritako berri batek zinez asaldatu nau. Zera zioen: "Eraso homofobo bat salatu dute asteburuan". Sare sozialetan sartu eta han jada bazuen oihartzuna. Oriotar bati eraso egin dio zarauztar batek. Zergatik? Homosexuala izateagatik. Existitzeagatik, alegia.

Elkarrizketa hasi dut nire buruarekin, galdera-erantzunak nire baitan. Horrelakoak geurean? Nola da posible? Baina, aldi berean, zenbaterainokoa da harridura? Hain sinesgaitza iruditzen al zait hau gertatu izana? Ez, noski ezetz. Eta hori horrela izana oso da larria.

Batek pentsa lezake eraso fisikoa egiteak hitzetatik harago doan pauso bat ematea dakarrela, aparteko balentria eskatzen diola erasotzaileari, baina errealitate bakar baten ertz ezberdinak baino ez dira: begiradak, komentarioak, irainak, bultzakadak, kolpeak… zuhaitz berberaren adarrak dira, intolerantziarenak.

Erasotzaileari ere galdera bat baino gehiago egingo nizkioke: zergatik pertsona bat eraso egin? Zerk molestatzen dizu? Zerk pentsarazten dizu homosexuala izateak erasoa merezi duela? Eta eraso hori egiteko legitimatuta zu zaudela? Nor zarela uste duzu?

Jende asko ikusi dut erasoa gaitzesten eta horrek arrangura arintzen laguntzen du. Biktima hitza erabiltzen dugu han eta hemen, baina biktima baino, biziraulea da gehiago. Joan bekio hemendik nire aitortza eta eskerra isilik ez geratzeagatik, ahotsa altxatzeagatik, ez baita batere erraza. Eta esan nahiko nuke ez dela justua, ez dela batere justua horrelako egoera bat pairatzea norbera izate soilagatik.

Gizartearen zati (handiegi) batek heteroaraua edo patriarkatua bezalako hitzak entzutean urrun, oso urrun sumatzen ditu. Bada, gertakari hau eta horrelakoak errealitate horretxen ondorio zuzen-zuzena dira. Hitz potoloak dirudite, bai, baina potoloagoa da haien eragina, gure eguneroko bizitza baldintzatzen baitute. Marikoiei buruzko txiste batek baino gehiago asaldatzen bazaitu lumadun pertsona batekin erlazionatzeak, istorio honen zein aldetan zaude? Zure buruari erantzun, ez niri.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!