Urteurreneko hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia rikardo uzkudun 2014ko uzt. 8a, 14:02
Ekainaren 28an Karkararen 25.urteurrena ospatu genuen herriko plazan. Bazkal aurretik ekitaldi ofiziala egin genuen diruz laguntzen diguten alkateekin eta erakundeetako ordezkariekin. Labur joatea nahi genuen, baina, denek hitza hartzea merezi zutenez, uste baino luzeago atera zitzaigun (eskerrak langostinoak hotz jateko atera ziren mahaira!). Bueno, ba testinguru horretan, idazten ari zaizuen honetxek, bozketa arraro batean Karkara Taldea kultur elkartearen presidente izendatu zuten honetxek, hitz batzuk esateko konpromisoa hartua zuen... anjinek gogor jo zuten arte! Azkenean, nire eztarriko ezina ikusita, Lore zuzendariak hitz egin zuen gure izenean, labur eta egoki. Ba, ederretaz libratu zinaten! Orrialde beteko testua preparatuta neukan, hilabate lehenagotik (ke motibau! esango lukete nere ikasleek). Buatxabal, baaatxapa! Bueno, ba hona hemen testua.... taldearen oniritzia jaso det eta motibatu egin naiz berriz! Ezetz irakurri testu osoa langostino batzuk platerean zain dituzuela! Letra larriagoz eta negritaz dauden esaldiak, tonua igotzeko prestatuak neuzkan, en plan Telesforo Monzon! kar, kar, kar... on egin!

Egunon:

 

Karkarak 25 urte egin ditu. Aiako unibertsitateak 441 eta Orioko hiribilduak 635. Eta aiarrek eta oriotarrek zenbat? Zenbat ditu Altxerrik?

 

Utzidazue esaten, beraz, Karkara oso gaztea dela gure aldean. Zer dakigu, ordea, Karkara aurreko Orioz? Aiarrez?

Eta, hemendik aurrera, non topatuko dugu elkar oriotar eta aiarrek?

Karkara herri horien historia idazten ari da, biltzen eta erakusten.Eta Karkara herri horien historia euskaraz idazten ari da.

Orain dela 25 urte baziren batzuk euskaraz letzen ez zekitela esaten zutenak.

 

Baina aurrera egin dezagun, arraunlarien gisan atzera begira, baina baita aurrera begira ere, patroiak bezala. Gu aurrera begiratzen ari gara. Eta, zuek danok bezala, pantailari begira gehiago, paperari baino. Erdarez beteta dagoen pantaila euskaraz bete nahi dugu!

 

Dakizuen bezala, aurten webgunea berritu dugu. Egiari zor, Orioko Euskara Batzordeak diru laguntza gehituko ez baligu, ez ginen ur handi hauetan sartuko. Ezinbestekoa izan da Orioko Udalaren babesa. Diru asko balio du motor berriak!

 

Ezinbestekoa ere bada, nola ez, gainontzeko erakundeen laguntza: Aiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Nahitaezkoak zaizkigu iragarleena, eta urtero urtero diruz laguntzen digutenena. 300-dik gora lagun. Dirua behar baita wattioentzako ere.

 

Baina diruaz gain, zuen parte hartzea ere behar dugu, ezinbestekoa dugu, nahitaezkoa. Aiar eta oriotar, orain ez du balio letzeak soilik, gaur egun behatzari eragin behar zaio, eta parte hartu: Albisteen berri eman, partekatu, iruzkindu, zabaldu...

Ez duzue esango ba garai batean euskaraz letzen etzekitela esaten zuten haiek bezala, zuek behatzari eragiten ez dakizuenik , ala? Zuen parte hartzerik gabe, bentetan, Karkara kale itxi bat izango da.

 

Guk jarriko dugu leku bat, gure arbasoak Altxerriko kobetan nola, elkar topatzeko; jarriko dugu zubi bat, errioa pasa eta elkar ezagutzeko, eta jarriko dugu Karkara bat, herri honetan elkar ikusten ez diren kale nagusiak gurutzatzeko eta elkar ulertzeko.

 

Eta bukatzeko, ez nuke gauza bat esan gabe joan nahi. Karkarak 25 urte bete ditu borondatezko lan handia egon delako atzetik. Batzuk denboraldi bat, beste batzuk urte batzuk, eta beste batzuk 23. Karkarak, langileak joan langileak etorri, kalitateari eutsi dio atzetik, urtea joan eta urtea etorri, lankide, maisu-maistra administrari, bultzatzaile eta aholkulari onak izan dituelako. Mesedez, txalo handi bat eskatu nahi dizuet zuek ondo dakizuen horientzat!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!