Aia/Orio
Ezaugarri oso diferenteko bi herri izanik, KARKARAn elkarrekin azaltzen dira aspalditik Orio eta Aia, eta eskua emanda batek bestearen berri du; hizkuntza beraren doinu, hitz, forma propioak batenak bestearentzat ezezagun izatetik, bientzat etxekoak egiterako bidea egin dugu. Auzoko eta zerbait gehiago ere bagara aiarrak eta oriotarrak.
Zabal eta handia, hedaduraz Gipuzkoako zazpigarren herria dugu Aia (www.aiako.com) eta dituen 1.800 eskas biztanlek bailara aldapatsuetan banatzen dira baserrietan, auzoetan eta hirigunean. Itsasora begiratuz goi-goitik, Orio (www.oriora.com) du han beheran, Oriak besarkatu eta itsasoaren ondoan hartzen duela estu eta gozo. Aia baino azalera dezente txikiago du Oriok, baina 4.500 biztanle ditu. Aldapa omen da Aiaren esanahia, Oriok ez du inoiz (h)Oria urruti.

Berez daude elkarrekin bi herriok, eta bien arteko muga bera ere urte askotan zehazteko zaila izan da: marea beteko urak non, Orioren eta Aiaren arteko muga han. Baina hori horrela jartzea seguru oriotarren asmakizuna izan zela, Orio baita bietatik ura eta itsasoarekin harreman estuena duena, eta mareek ekarritako errioaren hustutzean eta puztutzean hartzen dute arnas oriotarrek, uraren gora eta beherak agintzen du haien bizitzaren erritmoa. Arrantzale herria izan da, baina aldaketa handia egin du, eta kezkaren eta esperantzaren bien bitartean bizi da.
Aiarrek, ordea, uraren gorabeherei begiratu baino nahiago dute haizearen usaina aditu: neguko ipar haize hotz zuria edo hegoko lehor horia ala mendebal urdin-berdea, umel eta hezea, den jakiteko; horiek gobernatzen baitituzte soroak eta aziendak. Aia ere aldatzen ari da eta aldaketaren nondik norakoari so dago.
Erraza da oriotar nahiz aiar mendian ikustea, batzuk zein besteak hondartzan; gustuko dutelako naturarekin lotura zuzena izan eta sentitzea, eta hortik datorkie duten kezka nagusi bat: natura zaindu eta guztien gozamenerako natural mantentzea lortzea. Pagoetako parke naturalean (www.aiapagoeta.com) asko dakite ardura horretaz, urte askotako lanak emandako jakinduriarekin.
Nortasunean eta izaeran eragina izango zuten aurreko ezaugarri horiek guztiek, baina oriotarrok eta aiarrok badugu gogoa bat egina agertzen zaigun gaia: euskara, eta hori dela eta, aspaldi ikasi dugu elkarrekin lan egiten. KARKARA da horren adierazle eta oriotarrok mira izaten ikasi dugun bitartean, olatu bitsaren gazia ezagutu dute aiarrok; joan-etorriko bidaia egiten dugu hamabostero eta batzuk besteen kezka eta poza ezagutu.
Bidea motzago izango da, eta azkarrago egingo dugu hemendik aurrera.
Ana G. de Txabarri, Karkararen zuzendaria