Unai Zubizarreta espainiako txapeldun eta Mikel Atxega hirugarren

Karkara 2014ko uzt. 4a, 09:54

Galizian izan dira, 16 urte azpiko Espainiako bodyboard txapelketan. Atxegak hirugarren postua eskuratu du eta Zubizarretak txapelketa irabazi du. Biak gustura daude lortutako emaitzarekin

Orioko hondartzan hasi ziren olatuekin jolasean lehendabizikoz. Eguzkiak jotzen zuenean, hasieran; eguraldia lagun ez zenean ere bai, ondoren. Aspaldiko ezagunak dira Mikel Atxega -Orio, 1999– eta Unai Zubizarreta –Orio, 1998–, baina olatu artean egin dira lagun on.

Lehengo urtean hasi ziren lehiaketetan parte hartzen Atxega eta Zubizarreta oriotarrak. Pasa den asteburuan Galizian izan ziren 16 urte azpiko Espainiako txapelketan. Uretan ez ezik podiumean ere ikusi dute elkar. Atxega 3. postuan geratu da eta Zubizarreta txapeldun.

      

       Mikel Atxega eta Unai Zubizarreta txapelketan zehar. Argazkia: Hector Bango

Biek uste baina emaitza hobea lortu dutela diote eta oso pozik daude lortutakoarekin. Atxegak kontatu digu manga guztiak aurreneko postuan pasa zituela, puntuazio politekin. Finalean, ordea, ez zuen lortu olatu onak hartzea eta hirugarren postuarekin geratu zen. Pena eman arren, txapelketan hasi baina lehen ez nuen horrelako emaitzarik espero. Espero nuena baina hobeto ibili naiz, gustura nago egindako txapelketarekin.

Zubizarreta ere oso pozik dago. Txapelketa irabazteak nire buruarengan konfiantza hartzeko balio izan dit. Hasiera baltean ez nengoen oso ziur, baina txapelketan aurrera joan ahala irabaztea posible zela ikusi dut. Txapelketa honetan lehiatzeko gogo handia zuela azaldu du Zubizarretak, bere helburua finaletara ailegatzea baitzen eta hor jarrita baitzuen fokua.

Atxegak eskerrak eman nahi izan dizkio Iban San Martini, bere entrenatzaileari. Zubizarretak ere ezin izan ditu aipatu gabe utzi antolakuntzakoak, lan handia egin baitute eta beraiek gustura sentitzea lortu baitute.

                        

                          Atxega eta Zubizarreta Orion. Argazkia: Urtzi Garmendia

 
Haurrak zirenean Orioko hondartzara joan eta surflariak ikustean uretara sartu eta olatu gainean ibiltzeko gogoa pizten zitzaien bi oriotar gazteei. Hasiera batean asko gozatzen zuten olatu gainean, hegan. Orain, neguko olatuetako tutuetan sartu eta hegaldi handiak egitean ere asko disfrutatzen dute.

Olatuekin jolasean ibiltzeak barrua askatzen laguntzeaz gain indarra ere ematen die Atxega eta Zubizarretari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!