Ibon Arruti: "Guk irabazteko entrenatzen dugu, banderaren gosez"

Karkara 2014ko uzt. 11a, 11:16

Ibon Arruti futbolean ibiltzen zen gaztetan, baina begi bat beti arraunean zuen jarria. Arantza kentzeko probatzera joan eta arraun taldeko harrobian hasi zen arraunean eta paladaz palada lehen taldera iritsi da

Bostgarren urtea egingo du Ibon Arrutik Orioko Arraun Taldean; TKEn, ordea, bigarrena. 2013an San Miguel ligako hiru bandera astindu zituen. Aurten, bi dantzatu ditu jada eta asteburu honetan beste hainbeste lortzeko gogoz dago.

Zorionak Ibon. Ligako lehen estropada eta ligako lehen bandera.

Bartzelonako egun hori ondo prestatu genuen. Nahiz eta eguraldi txarra izan eta egoera zailak izan, taldeak ondo gainditu zituen zailtasun guztiak eta uste baina hobeto amaitu genuen.

Kantauri itsasoan izan ordez mediterraneoan egin zenuten arraun. Zelan sentitu zineten Bartzelonako uretan?

Lehengo urtean joan ginanean harek errioa ematen zuen, ez zegoen olaturik. Aurten haize handia zegoen eta olatuak ere oso zakarrak ziren. Asko zaildu zuen horrek estropada. Gu ondo egokitu ginen baina beste talde batzuk asko sufritu zuten.

Estropada baina gozoagoa garaipena izango zen, ziur. Liga hasteko modu ezinhobea, ezta?

Dudik ez. Bartzelonatik buelta luzea egiten da iganden gauean, ordu horietan. Banderaren gozotasunarekin askoz eramangarriagoa egin zen bidaia.

Etxera iritsi eta plaza jendez lepo. Izugarria izan zen, ezta?

Autobusarekin sartzen hasi eta jende asko zegoela ikustea, eta guztiek kamiseta horia soinean zutela ikustea... izugarria izan zen.

Guri beste aldean egotea egokitzen zaigu. Azalduiguzu zer den Aliroia arraunlari batentzat.

Zaila da azaltzea. Guk irabazteko entrenatzen dugu, banderaren gosez. Gero, bandera horrek ematen dizkigun poztasunak ondorengo egunetan handiak izaten dira. Orioko plaza azaldu eta umek, gaztek, zaharrak, helduak, gurasoak... guztiak ikustea emozioz gainezka, gu bezala, ikaragarria da. Estropada amaitu eta zazpi ordura jendea kamiseta horiarekin ikustea izugarria da, hitzik ez dago hori azaltzeko.

Eta oriotar batentzat are bereziagoa izango da, ezta?

Koadrilako bi-hiru gaude taldean, denak lagunak gara eta guztion artean familia bat osatzen dugu. Ongi-etorria egiten digutenean Orio herria familia handi bat bihurtzen da. Egun hortan denak oriotarrak dira eta denak daude zurekin. Guztia oso polita da. Galdutakoan izaten dira komeriak...

Arraunlari batentzat Orio omen da habirik amestuena. Zure ametsa ere Orion ibiltzea zen?

Ni lehen futbolean ibiltzen nintzen. Futbolean jolasten nuenean ere beti belarri eta begi bat arraunean nituen: Zer egin dute estropadan? Nire lagunak nola dabiltza? Oriori aparteko maitasuna nion eta arrauna probatzeko gogoa ez zitzaidan sekula falta. Azkenean probatu nuen eta ametsa bete nuen.

Behin amets hori betea... denboraldi honetan zein da zure ametsa?

Kontxako bandera. Lehengo urtean bi, hiru segundorengatik ez genuen lortu. Aurten lanak egingo ditugu besteei lana oso zaila jartzen.

Bigarren asteburuan ere garaipena eskuratu zenuten. Bide honetik zoazte...

Oso bide honetik. Oso zentratuta dago taldea, hankak lurrean ditu. Entrenatzailearen lema Nahiz eta irabazi, galdu bagenu bezala entrenatu behar dugu da, orduan, horrek egunero-egunero gogor entrenatzen jarraitzea behartzen gaitu.

Jendea itxaropentsu dago.  Zuek ere bai?

Noski. Azkenean guk ere ikusten dugu oso talde ona dugula, eta aldaketak eginagatik azkar ibiltzen garela. Ilusioa badaukagu, baina, aldi berean, beldur txiki bat ere bai. Dena alde daukagu eta ez badugu lortzen, ez dugu gure erruagatik izatea nahi.

Jasotzen al duzue jendearen itxaropen-sentimendu hori? Animoak, berotasuna, babesa...

Momentu honetan denak oriotarrak dira eta denak daude txaluparekin. Gauzak ondo joaten direnean babesa erraz jasotzen da. Txartzen direnean izaten dira zailtasunak. Baina, oraingoz, ezin dugu kexatu.

Beste talde batzuei ilundu egin zaie denboraldia. Puntu asko galduta hasi du denboraldia Urdaibaiek. Arraunean horrelakoak gertatzeak tristetu egiten zaitu?

Niri, pertsonalki, bai. Urdaibaiek 95 puntu gutxiagorekin hasi du liga isuna dela eta. Guk urte hasieran guztiak egoera berdinean nahi genituen. Denak 0tik hasi, eta irabazten duenak eduki dezala hoberenari irabazi dionaren poztasuna. Eta ez, denboraldia amaitu eta denak hastea kontuak ateratzen eta zure lorpenari balioa kentzen.

Aldi berean, tristetu egiten dit talde on bat eukitzeak, gauza politak egiteko aukera izateak eta honela zikintzea.

Asteburu honi begira, bi bandera daude jokoan: bata Pedreñan eta bestea Donostian. Biak astintzeko gogoz?

Dudarik ez. Lehengo urtean Pedreñan ligako lehen garaipena eskuratu genuen, hortaz, bandera horri badiogula nolabaiteko gogo berezia. Donostiakoak, berriz, lehengo urteko Kontxako tanda izango dela dirudi. Jende oriotar asko espero da, eguraldia ere lagun izango da... beraz, gogotsu.

 

Elkarrizketa audioan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!