Agirre eta Arriola: "Golpe gogorra izan zen, baina aurrera egin behar dugu"

Karkara 2014ko uzt. 18a, 13:32

Lehen paladak eman zituztenean burutik pasa ere ez zitzaien egin traineruan aritzea. Egun, Nadeth Agirre orioko arraun taldeko patroia da, traineruaren gidaritza ematen duena. Agirreren aginduak betetzen ditu Leire Arriolak, arraunean aritzen baita bera. 

Kontxako badian burumakur eta malkoak begietan zeuden Orioko neska arraunlariak. Trainerua heldu, arraunak eskuetan hartu, milaka sentimendu buruan bueltaka zituztela agurtu zuten Euskotren Liga. Astebeteren buruan indarrak batu, burua tente altxa eta lanean jarraitzeko gogoz daude; hori aitortu dute Nadeth Agirrek eta Leire Arriolak

Helburu bat hondoratu zitzaizuen pasa den asteburuan?

Nadeth Agirre: Gu itxaropentsu geuden. Galizitik bi talde zetozen, eta ezagutzen ez genituenez, beldurra ere ematen zigun. Larunbaten bi segunduko aldea atera ziguten, eta hor genitiuela ikusi genuen, gertu. Igandean aurrea hartu genezakela ikusi genuen, eta asmo horrekin uretaratu ginen. Itsasoa bare zegoen, eta estropada ona egin arren, ezin izan genituen mendean hartu.

Leire Arriola: Kanpoan ez ginen geratu segundu askoren aldearengatik, tartea txikia zen.

Galtzeko mila modu daude, eta mila jarrera galtzean. Zuek estropadan lan ona eginda geratu zineten kanpoan; eta amaitzean, arraun talde bat izateaz gain lagun talde bat zaretela adierazi zenuten.

Arriola: Nahiz eta gure artean lehiakortasuna egon, denak traineruan egon nahi dugulako, elkarri animatzeko ere asko elkartzen gara. Momentu txar hauetan, are gehiago. Ezin izan dugu Euskotrenen sartu baina orain gogo gehiokin hasi behar dugu elkarrekin lanean, batak besteari laguntzen eta aurretik ditugun estropadei zukua ateratzen.

Agirre: Urtetik urtera arraunlari gehiago gara taldean jarraitzen dugunak, eta horrek eragina dauka. Taldekideok harreman gehiago daukagu eta taldea osatuagoa dago.

Estropadan zehar, ordea, indartsu ikusten zitzaizuen. 

Agirre: Ondo joan ginen, estropada ona egin genuen. Orain positiboki pentsatzea besterik ez zaigu geratzen.

Denborak aitortzen du urtean egindako lana, lehengo urtetik hona asko hobetu duzue.

Arriola: Neguan egun bat izaten genuen jai, gainontzean, egunero entrenatzen genuen. Korrika, ergometroan, fosoan... 

Agirre: Ureta joateko trainerua osatzen ez genuenez, fosoan asko ikasi dugu. Batzuk kanpoan ikasten dutenez eta beste batzuk lanean daudenez, kosta egiten zaigu elkartzea. 

Urte guzti hauetako lanaren ondoren, herrian ere zuen lana baloratzen dela sentitzen duzue?

Agirre: Hasi ginanetik hona bai aldatu da herritarren jarrera; hasieran ez-ohikoa zenez, desberdina, ez ziguten apenas jaramonik egiten. Denborarekin gero eta babes gehiago ematen digute, baina oraindik asko dago egiteke alor honetan. Mutilei baliabide guztiak ematen zaizkie; neskek, ordea, baliabideak lortzearren borrokatu egin behar dugu. Uste dugu nesken kirolari gehiago eman behar zaiola, apostu handiagoa egin behar dela.

Arriola: Guzti honek baldintzatu egiten ditu emaitzak.

Ez-ohikoa zela diozue. Lehen ez zen nesken trainerua existitu ere egiten, nola hasi zen guztia?

Arriola: trainerilan eta ibiltzen ginen, baina traineruan ibiltzea ez zitzaigun burutik pasa ere egiten.

Agirre: behin jubeniletan trainerua osatzea zegoela entzun genuen. Indar gutxi zuen ideia zen, baina gu horri bueltak ematen hasi ginen. Gainera, inguruan traineruak ateratzen ari zirela ikusten genuen, eta horrek gogoa pizten dizu. Azkenean, lehenago arraunean ibilitakoekin elkartu eta trainerua osatu genuen. 

Ilusioz hasiko zineten, ezta?

Agirre: bai, noski.

Asteburuan gertatu zenarekin, ez zenuten ilusioa galduko, ezta?

Arriola: hasieran golpe gogorra izan zen, baina gure artean hitz egin dugu eta argi daukagu aurrera egin behar dugula. Gogotsu gaude, indarrak batu ditugu eta lana ondo egiteko gogo gehiago dauzkagu. Gipuzkoako Ligako estropadak ahalik eta ondoen egiten ahaleginduko gara, eta Kontxako sailkapen estropada ere ate joka daukagu...

Kontxa... lehengo urteko arantza kentzera joango zarete aurten?

Agirre: urtero gelditzen zaigu arantza hori sartuta. Urtero arrauna utziko dugula esaten dugu biak, baina nola ba utzi hori lortu gabe? 

Arriola: lortu arte saiatu eta saiatu egongo gara

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!