Munduko Txapeldunak izatea da oriotarren helburua

Karkara 2014ko uzt. 21a, 08:04

Ander Zabalak eta Imanol Garmendiak 23 urte azpiko munduko txapelketan hartuko dute parte. Asteazken honetan hasi eta igandean amaituko da, eta oriotarrek urrezko domina lepotik dutela bukatu nahi dute

Italiarako bidea hartu dute Ander Zabalak eta Imanol Garmendia oriotarrek. 23 urte azpiko Munduko Txapelketa jokatuko da egunotan, eta pisu arinen lemazain gabeko lauko kategorian hartuko dute parte.

Berekin batera Italian izango dira Alvaro Romero eta Jaime de Haz; bata Nautico de Sevilla taldekoa, eta bestea, Nautico de Vigo taldekoa. Lauek osatzen dute taldea: bi euskaldunek, andaluziar batek eta galiziar batek. Lau buru eta helburu bakarra: irabaztea. Dominetan sartzea emaitza ona izango litzateke, baina gure xedea irabaztea da, aitortu du Garmendiak.

Urte osoan zehar taldea lantzen ibili dira, eta lehengo urtean lortutako laugarren postua hobetu nahi dute. Bi segundurengatik geratu ginen laugarren postuan. Aurten, lan asko egin dugu eta sentsazio hobeagoarekin goaz Italiara, azaldu digu oriotarrak.

Asteazkenean hasi eta igandean bukatuko da 23 urte azpiko Munduko Txapelketa. Azken egunean finalak jokatuko dira eta oriotarren helburua horra iritsi eta irabaztea da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!