Domigok eta Alonsok jantzi zuten txapela

Karkara 2014ko uzt. 23a, 09:57

Orioko emakumezkoen padel finala jokatu zen igandean. 3-6 eta 6-7 emaitzarekin Domingo eta Alonso izan ziren irabazleak

Amaitu da emakumezkoen Ranking I Padel txapelketa. Igandean amaitu zen, Domingo eta Alonso bikotearen garaipenarekin. Norgehiagoka estua izan zen, bizia, partidak aldaketa asko jasan baitzituen.

Domingo eta Alonso eta Illarramendi eta Uranga bikoteak zeuden parez pare. Partida onak jokatuta eta finalaurreko paregabeak eginda iritsi ziren finalera. Jende dezente bildu zen pistaren inguruan eta terrazan; ikusmina sortu zuen finalak.

Hasi zen Ranking I Padel txapelketako azken partida 11:00etan. Pixkanaka-pixkanaka Domingo eta Alonso aurrea hartzen joan ziren; aurkariek ezin zuten bikotea gelditu, tantoak bata bestearen atzetik egiten ari ziren. 2-5 emaitza lortzera iritsi ziren. Ondoren, Uranga eta Illarramendik jokua lausotzea lortu zuten 3-5 emaitzarekin.

Bigarren seta aldapatsu hasi zen Uranga eta Illarramendirentzat, 1-4 emaitza lortu baitzuten, berehala, aurkariek. Emaitza horretatik aurrera, partiduak 180ºko aldaketa izan zuen. Uranga eta Illarramendi partiduaren kontrola hartzen hasi ziren. Partida berdintzea lortu zuten, eta tie break-era joan behar izan zuten partida erabakitzeko.

Berdinketa hautsi zutenak Domingo eta Alonso izan ziren. Lehen hiru tantoak berek eraman zituzten, eta beren buruengan konfiantza berreskuratu zuten. 3-6 eta 6-7 emaitzarekin amaitu zen partida Domingo eta Alonsoren alde. Berek jantzi zuten txapela Orioko emakumezkoen lehen ranking txapelketan.

Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkio parte hartzaile guztiei, eta bereziki zoriondu nahi izan ditu Domingo eta Alonso txapeldunak. Irailean berriz elkar ikusteko gonbita egin die guztiei, formatu berritu batekin hasiko baita padela.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!