Asier Puertas: "Zoragarria izan zen arraunarekin horrenbeste jende gozatzen ikustea"

Karkara 2014ko uzt. 25a, 12:00

Arraunean gaztetatik dabilen arren, 2003an jantzi zuen lehendabizikoz elastiko berdea Asier Puertasek. Ordutik hamaika urte igaro dira, eta hamaika dira kontatzeko dituen kontuak

 

Arrauna odolean darama Asier Puertasek. 20 urte egin ditu traineruan hasi zenetik. Esan daiteke bere ikasgai handienak itsasoan jaso dituela, olatu artean. Arraunaren habitat naturala itsasoa dela dio berak; baina berea ere bada, hein handi batean. 

Estua da Orio eta Hondarribiak duzuen lehia. Liga zuen artean erabakiko al da?

Nik ez nuke Kaiku zeharo alboratuko. Estropada guztietan daude ezbeharrak, kale txarrak eta zulo handia egitera baldintzatzen zaituzten egoerak. Hortaz, edozer gerta liteke. Dena den, badirudi Orio eta biok izango garela ligako lehen postuarengatik borrokatuko dugunak.

Aurreko asteburuan, ordea, ez zuek eta ez Oriok; Orioko Kanpina bandera Urdaibaiek eraman zuen.

Estropada zaila izan zen, kondizio oso gogorretan izan zen eta. Ibaian, normalean, estropada gogorrenak izaten dira. Gainera, haizea handia egin zuen eta ez zen batere erosoa izan. Ahal zen moduan moldatu ginen.

Oriok lidertza eskuratu zuen. Asteburu honetan lidertza berreskuratzea duzue helburu?

Ahalik eta lan hoberena egitera joango gara, honela, gertu ibiliko baikara. Zorte pixka bat badugu, lidertza eskuratu dezaku, baina ez dugu objektibo hori ipintzen. Estropada ona egitera joango gara, pausoz pauso. Liga luzea da, eta oraindik erdibidean gaude, hortaz, dena erabakitzeke dago. Eta noski, irailera guztiok ondo iritsi nahi dugu.

Kontxa beti presente, ezta?

Beti buruan.

Zer du ba, Kontxak?

Medioek ematen dioten trataerari begiratuta ikusi daiteke aparteko estropada dela. Zaleentzat ere desberdina da, eta sortzen den giroa berdingabea da. Guretzat ere, arraunlariontzat, berezia da oso. Begi bat beti Kontxan jarria izaten dugu, izan denboraldi hasiera izan iraila. Historia asko duen bandera da, istorio asko biltzen dituena, eta guzti horrek berezia egiten du.

Oriotarra izanik pasa den asteburuko estropada ere berezia egingo zitzaizun, ezta?

Lagunak eta ezagunak ditut Orion, ni ere hemen bizi naiz; beraz, bai, berezia izan zen. Kiroltasunez hartzen dut, izan ere, urtean zehar askotan tokatzen zait Orion arraun egitea. Izan aulki mugikorrean, trainerilan edo traineruan.

Halaber, trainerua da gehien erakartzen duena eta beti izaten da berezia sortzen den giroa. Errioaren inguruan jende andana zegoen, animatzen. Momentu polita izan zen, eta zoragarria izan zen arraunarekin horrenbeste jende gozatzen ikustea.

Nola ikusi zenuen eta ikusten duzu Orioko taldea?

Oso sendo. Neguan oso ondo ikusi nuen, eta liga ere horrela hasi du, gogor. 

Beren indargunea zein dela esango zenuke?

Oso talde indartsua dauka, multzo ona. Arraunlari paregabeak dauzka.

Eta zuena?

Antzekotasun handiak ditugula esango nuke. Guk ere bloke ona daukagu. Dena den, berek potentzia handiagoa daukatela esango nuke. Halaber, talde arina daukagu eta traineruari etekina ateratzen diogu. Nahiko parekatuta gaudela uste dut.

Azkenekoz errioan egin zenuten arraun. Zer nahiago, itsasoa ala ibaia?

Itsasoa da arrunaren habitat naturala, hortaz, itsasoa. Estropada bereziagoa, politagoa da; nik nahiago du itsasoan.

Nahiz eta olatuak, mareak eta haize-boladak baldintzatu?

Horrek are politagoa egiten du estropada, bai arraunlariarentzat bai ikuslearentzat. Olatuak hartzeko trebezia, patroiaren lanaren garrantzia... hori guztia ere neurtzen da itsasoan. Ikusgarriagoa da.

Asteburu honetan itsasora bueltatuko zarete: larunbatean Getxon eta igandean Zierbenan.

Bi bandera dauzkagu jokoan, eta arestian esan bezala, gu ahalik eta lan txukunena egitera joango gara. Lanean gabiltza buru-belarri eta pausoz pauso joan nahi dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!