Agirregomezkorta: "Orioko lehen trainerura iristean ez duzu pentsatu ere egiten beste inora joatea"

Karkara 2014ko uzt. 30a, 08:41

Igor Agirregomezkortak Euskal Herriko kosta ongi ezagutzen du, bertan palada asko egindakoa baita. Orain, Portugaleteko Jarrillera traineruan aritzen da arraunean. 

Oso gazte zela hasi zen arraunean Agirregomezkorta. Urte asko eman zituen Orion, eta bere ametsa egi bihurtu ahal izan zuen: lehen traineruan arraun egitea. Gerora hainbat taldetan ibili da, baina Orioko urteak ezin ditu ahanzturan utzi, bereziak izan baitziren oso. Orain kamiseta horiak defendatzen ditu berriro ere, baina ez Oriokoak, Portugaletekoak baizik.

Orion urte asko eman zenituen, eta 2007an Getariara joan zinen. Ordutik, hainbat taldetan izan zara eta berriz ere elastiko horia jantzi duzu.  Oriokoa ez ordea, Portugaletekoa.

12 urte nituela hasi nintzen arraunean, Orion. Urte kopuru hori, 12, egin nituen talde horretan. Horietako 4 lehen taldean bete nituen, eta urte batean kanpo geratu nintzenez, uztea erabaki nuen. Bi urte neramatzan arraunean ibili gabe Ibon Gaztañazpiren deia jaso nuenean. Santurtzira joateko eskatu zidan, eta abentura baten moduan hartu nuen. 

Ondo egon nintzen han, baliagarria izan zitzaidan Oriotik kanpo arraunaz disfrutatzeko aukera dagoela ikusteko. Ordutik urtez urte noa aurrera, momentua bizitzen dut, etorkizunean pentsatu gabe.

Lehengo urtean, arrauna uztear nengoela, Aizperrok deitu zidan. Portugalete etenik gabe goruntz zihoan, hobetzen. Nekin gogoratu izanak ilusioa egin zidan. Gainera, 2002a geroztik arraunean elkarrekin ibili gabeko lagunari ere deitu zioten, eta biak batera aritzeko aukerari heltzea erabaki nuen, berezia baita.

Orio horiz janzten da denboraldia hasten denean. Portugaleten nola bizi dute arrauna?

Ezagutu ditudan kasuek ez dute Oriorekin zerikusirik. Antzekotasun handiena San Pedrok dauka, han ere indarra du arraunak, baina Orion bezala inon ez. Hemen kaletik edozein adineko eta sexuko jendeak arraunaz galdetzen dizu, zorionak edo animoak ematen dizkizu. 

Portugaleten ez da nabarmentzen. Familiak eta taldean inguruan ibiltzen direnak soilik bizi dute arrauna; Orion, aldiz, ia guztiek bizi dute gertutik.

Koloreak ezberdin bizi dituzte, orduan.

Txikitatik nire ametsa Orioko trainerura ailegatzea zen. Lortzen duzunean ez duzu pentsatu ere egiten beste inora joatea, Orio berezia baita. Bizitzak ekarritako erabakia izan da.

Portugaletek denboraldi hasieran ohorezko txandan egotea zuen helburu, eta oraingoz, helburuak ez dira bete. Nola daramazue hori?

Denboraldia hasi baino lehen, ikusita taldean genuen tripulazioa, faboritoen artean jartzen ziguten. Nik ere, pertsonalki, aurreneko lauen artean ibiliko ginela uste nuen. Neguko testek ere goran egoteko gai ginela baieztatu zuten. Ondoren, denbora tarte bat egon ginen estropadarik egin gabe. Tarte horretan bolumen askoko lana egin dugu, eta berriz lehiatzen hastean, ez dugu gure maila eman. Gora-beherekin ibili gara eta konfiantza galdu dugu.

Gogorra da ezta?

Oso, baina gu taldearekin harro gaude. Itxaropen hori eduki eta horrenbeste kolpe hartu eta gero batasunean jarraitzea lortu dugu. Eragina dauka, bai, eta zaila da estropada txarra egin eta ordu beteko bidaia egin ostean, hurrengo egunean berriz ere entrenatzera joatea. Baina lortu dugu ondorengo estropada ilusioarekin eta konfiantzarekin joatea, gogotsu. Hori entrenatzaileak lortu du.

Bere papera ez da batere erraza izango.

Bera da gehien sufritzen duena, eta hala ere gai da gu animatzeko eta guri indarra emateko. Izugarrizko lana ari da egiten.

Joan-etorriak aipatu dituzu arestian. Ez al da neketsua egiten?

Gogorra da, batez ere fisikoki. Ez dugu atsedenik hartzen. Entrenamentuaren osteko luzaketak ondo egiteko astia ez daukagu, eta horrek eragina dauka. Horrez gain, etxera 23:00k aldera iristen gara, afaldu eta ohera joaten gara. 

Hori bai, Oriotik zazpi lagun joaten gara furgoneta batean, eta horrek asko errazten du. Familia txiki bat osatu dugu. Bakarrik joan beharko banu ez nuke imajinatu nahi nola egongo nintzateken.

Orain, zein dira zuen helburuak?

Ohorezko txandan egotea da gure xedea, lau aurrenekoetan. Gure pauso naturala hori izango litzateke, egin duen ibilbidearen jarraipena hori litzateke. Hiru puntura daukagu orain. Eskuratu ezkero jarriko ditugu helburu berriak, pausoz pauso joango gara.

Helburuen artean Kontxa ere izango duzue, ezta?

Beti. Aurreko urtean sartu ziren eta aurten ere sartu nahi dugu. Hori lortuko ez bagenu disgustu handia hartuko genuke. Badakigu gauzak ondo egin beharko ditugula, lehia oso estua izaten baita urtero.

Begiz jota duzue arraunlari guztiek Kontxa. Zergatik?

Batez ere historia daukadalako. Arraunari lotutako istorio guztiak Kontxarekin lotuta daude. Mediatikoki ere garrantzia handia ematen zaio, hortaz, ikusleak ere munta handia ematen dio.

Zeinek irabazi zuen lehengo urtean? Kontxa nork irabazi zuen erantzungo du, ziur. Beti irabazlea Kontxako bandera irabazi zuenarekin lotzen da. Arraunlarien kalitatea ere Kontxa kopuruen arabera neurtzen da. Gu ez gaude horrekin ados, urte guztian zehar lan asko egiten baita. Liga ari da indarra hartzen, baina oraindik ez dio Kontxari aurrea hartu.

Amaitzeko, Orio nola ikusten duzu?

Bi estropada ez hain on egin ditu, baina nik ez dut uste hau denik jarraituko duen linea. Fisikoki eta teknikoki izugarrizko taldea dauka. Eta nire ustez badu abantaila bat beste taldeekiko: patroia. Irakoitzekin arrauna egindakoa naiz eta gaitasun berezia dauka estropadako momentu txarretan arraunlarien arreta bereganatzeko eta berak nahi duen hori egiteko. 

Nik uste dut horregatik ez dugula ikusiko Orio estropada batean arrastaka, sengundo asko galtzen. Liga irabazteko patroiaren lana oso garrantzitsua da, eta Oriok gidari paregabea dauka. Hondarribia ere izugarrizko lana ari da egiten, oso lan ona. Indarrak banatuta ikusten ditut, %50 batentzat eta %50 bestearenatzat; baino patroiaren kontuarekin Orioren alde egiten dut.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!