Imanol Garmendia: "Ikaragarria izaten ari da etxera buelta"

Karkara 2014ko uzt. 30a, 08:27

Imanol Garmendia eta Ander Zabala Orio Arraun Elkarteko arraunlariak dira, eta igandea geroztik 23 urte azpiko munduko txapeldunak. Euskal Herrira iritsi berritan herritarrekin ospatuko dute garaipena

Urrezko domina lepotik zintzilik dutela etorri dira Italiatik Euskal Herrira Imanol Garmendia oriotarra eta Ander Zabala. Munduko Txapelketa irabazi berri dute Varesen 23 urte azpiko pisu arinen kategorian, lemazain gabeko laukoan. Helburu horrekin joan ziren, txapeldunak izendatzeko xedearekin, eta ametsa beteta itzuli dira.

Pozik gutxi esatea izango da, ezta?

Ikaragarria da. Abenduan helburu hau ipini genuen, eta lan asko egin behar izan dugu lortzeko; baina lortu dugu. Lehiaketa bukatzean izugarrizko poza hartu genuen, oso polita izan zen.

Lanaren zati handi bat Sevillan egin duzue, ezta?

Abenduan hasi ginen lanean, bakarka edo binaka. Laukotea maiatzetik aurrera egon da preparatzen, buru-belarri. Eta laukotearen prestakuntza espezifikoa Sevillan egin dugu. Egunean bitan entrenatzen genuen: goizean eta arratsaldean.

Bi hilabetetan laukote sendoa eratzea ez da erraza izango.

Ander eta biok ginen kanpotarrak. Alvaro bertakoa da, Sevillakoa; eta Jaime galiziarra izan arren Sevillan bizi da. Gu ginen kanpotarrak, gu baikera lekualdatu garenak. Baina nahiko ondo moldatu gara eta taldean gustura ibili gara. 
 

Italian ere erraz egokitu zineten...

Kanporaketa nahiko erraz irabazi genuen, bai. Horrek konfiantza handia eman zigun finalerako. Finalean estropada gogorra planteatu genuen aurkarientzat, eta fruituak eman zituen. Azkenengo 500 metroetan txapeldunak ginela ikusten genuen.

500 metroren faltan munduko txapeldunak zaretela jakitean ze pasatzen da burutik?

Bukatzea besterik ez genuen buruan. Ezer arrarorik ez gertatzea eta ahalik eta azkarren bukatzea.

Orain, garaipenaz gozatzea besterik ez zaizue geratzen.

Deskantsatu eta dekonektatu. Hori da orain egingo duguna. Federazioak guretzat duen planaren zain gauden bitartean garaipenaz gozatuko dugu.

Herritarrekin ospatuko duzue gaur bertan. 

Gustatzen zaigu gure lana aitortzea, baina bai familien eta lagunen errezibimendua da hoberena. Dena den, ikaragarria izaten ari da etxera buelta. Eta gaur herritarrekin ospatuko dugu.
 

Atzo lehendakariak eta gaur herriak

Errezibimendua egin zieten atzo euskal arraunlariei. Urkulu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren bertan, ongietorria ematen. Orioko Udalaren eta Arraunketa Elkartearen txanda gaur izango da; errezibimendua antolatu dute arratsaldeko 19:00etan, herritarren omena jaso dezaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!