Iñaki Errasti: “Azken asteburura arte ez da garbi egongo liga nork irabaziko duen.”

Karkara 2014ko abu. 22a, 15:49

Zazpi urte daramatza Orio Arraun Elkartean Iñaki Errasti usurbildarrak. San Miguel ligaz eta Kontxako estropadaz aritu gara berarekin hizketan.

Azken estropada, Zarauzko ikurriña, ikusgarria izan zen. Nola bizi zenuen momentu hura?

Estropada oso gogorra izan zen hasieratik. Gu ondo atera ginen eta lehen ziabogan aurretik ginen baina estropada guztian oso parean ibili ginen Kaiku, Hondarribia eta gu. Ni baborretik nengoen eta ez nituen ikusten, baina inguruan behin eta berriz entzuten nuen hori. Ez nekien lehen edo hirugarren gindoazen, eta estropada amaitu ondoren ere ez genekien hasieran.

Estropada oso gogorra izan zen, baina ikuslearentzako oso polita. Gainera maila oso handiko lau talde daude ligan, nik uste dut ez dela horrelakorik gertatu inoiz. Beti bat edo bi indartsu egon izan dira eta aurten lau dira puntan daudenak. Beste taldeek ia ez dute aukerarik banderaren bat eramateko, aurreko astean adibidez bostgarren trainerua minutu eta erdira geratu zen.

Aukera bikaina izan zen hondarribiarengana gerturatzeko. Nola ikusten duzu liga aurrerantzean?

Garbi dago hondarribia eta gure arteko lehia izango dela. Sei estropada falta dira eta ezin dugu akatsik egin. Puntu bateko abantaila bat ere egongo ez balitz bezala da eta gu indarrarekin gatoz. Azken bi astebukaerak onak izan dira eta animatuta gaude. Momentu onean gaude eta animatuta, baina garbi dago azken aste bukaerara arte ez dela erabakiko liga.

Hondarribia ere denboraldi bikaina egiten ari da, merituak egin dituztelako daude lehen postuan. Liga amaiera zaila izango da bai beraientzat eta baita geuretzat ere.

Beste bi taldeek Kontxako estropadan jarri dute begia orain?

Kaiku eta Urdaibai kontxara begira jarriko dira hemendik aurrera. Banderaren lehia hor dago baina ez dute liga irabazteko aukerarik eta alde batera utzi dute hori, lasaitasun gehiago dute aldaketak eta probak egiteko. Geuk ez daukagu marjina, bi fronteak ditugu irekita eta ezin dugu liga albo batera utzi. Guretzako, geratzen diren estropada guztiak final bat bezala izango dira.

Denboraldia oso ongi hasi zenuten eta herrian asko entzun da “aurten liga” esaldia. Presiorik nabaritu al duzue zentzu horretan?

Negu ona egin genuen eta denboraldia oso ongi hasi genuen. Horrek “faborito” izatea ekarri zuen, espektatiba asko sortu ziren. Horrek presioa eragin dezake. Baina geu ere gogo handiz ari gara arraunean eta estropadaz estropada goaz, presio horrek ez digu hainbeste eragiten.

Zorteak zein punturaino baldintzatu dezake estropada?

Askotan egokitutako kalea edo txanda erabakiorra izan daiteke estropadan. Portugaleten, adibidez, ibaian kaleen artean desberdintasun asko dago marearen arabera. Beste estropadatan ere ikusi da hori, Galizian edo Hondarribian ere, giroaren arabera, desberdintasuna egondaiteke.

Kontxari begira, nola ikusten zarete?

Orio Kontxa irabazteko aukerarekin ikusten dut, baina baita beste hiru ontziak ere. Nik uste dut lauen artean egongo dela irabazlea. Eta, oraingoan ere, suerte txarrik ez izatea garrantzitsua da. Aurreko urtean ikusi genuen hiru eta laugarren kaleak errazagoak zirela beste biak baino. Baina ez da bakarrik kalearen kontua, nork bere lana egin behar du eta momentu onean iritsi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!