Ondiz Lekubarri eta Lukene Lizaso: "Taldekide izateaz gain, pisukideak eta lagunak ere bagara".

Karkara 2014ko abu. 29a, 09:26

Lukene oriotarra da eta bigarren urtea du emakumezkoen traineruan arraunean. Ondiz santurtziarrak urte mordoa darama aulki mugikorrean eta finkoan. Taldean elkarrekin aritzen gain elkarrekin bizi dira.

Gipuzkako liga amaitu da. Nola ikusi duzue zuen burua bertan?

Lukene: Denboraldi hasieran gure helburua edo nahia Euskotren ligara sartzea zen. Ez genuen lortu, baina geroztik egin dugun hobekuntza oso handia izan da. Hasieran kosta egin zitzaigun han ez ginela asimilatzea, baina denbora aurrera joan den bezala geuk geroz konturatu ginen hobetzeko aukera handiak genituela. Eta aukera hori aprobetxatzen ari gara. Denboraldi honetako saria Kontxan sartzea izango zen.

Ondiz: Liga amaieran hobekuntza handia egin dugu, eta motibatuta eta konfiantzarekin gaude Kontxarako.

Nola ikusten duzue Kontxa, sailkatzeko moduan zaudete?

Lukene: Guk gurea egin behar dugu, hemen ez da ezer oparitzen. Aukerak baditugura uste dut. Askotan uste da Euskotren ligan daudenak egongo direla Kontxan, baina gu ez gaude urruti.

Ondiz: Hainbat estropadatan beraiekin jokatu dugu eta batzuei aurrea hartu diegu. Hor gaude. Lukenek esan duen bezala, denboraldia beherakada batekin hasi genuen, baina hortik aurrera behetik gora joan gara.

Urduri gaude, baina aukerak ditugulako gaude horrela. Kontxan sailkatzeko aukerarik ez bagenu ikusiko etsita egongo ginake.

Orduan, Gipuzkoako Traineru Ligak hobetzeko balio izan dizue.

Lukene: Bai, ligarik ez balego guk ez genuen konpetiziorik izango Kontxako estropadara arte. Honek Gipuzkoako traineruoi udan zehar jarraitzeko aukera ematen digu. Bestela, neguan egindako lan guztiarekin, Euskotren ligarako ez bagara sailkatzen zer egin behar dugu?

Ondiz: Sartzen ez garenontzat lehiakortasuna mantentzeko eta hobetzeko aukera da. Estropada bakoitza mundu bat da eta beti zerbait ikasten da.

Taldekoak izateaz gain, elkarrekin bizi zarete.

Lukene: Behar bat betetzeko irtenbidea izan zen: Ondiz kanpotik zetorren arraunera eta nik gela huts bat nuen etxean. Klubarekin hitz eginda, hemen geratzeko aukera suertatu zen. Orain taldekideez gain, pisukideak ere bagara; harreman ona dugu.

Ondiz: Bizitzeko beste modu bat da. Hemen bakoitzak bere koadrila du eta Lukenerekin etxean egonda errazago ezagutzen dut jendea bakarrik bizita baino.

Lukene: Horrez gain, denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta laguntasuna sortzen da taldean.

Harreman hori garrantzitsua da taldean?

Ondiz: Egunean lau edo bost ordu pasatzen ditugu elkarrekin. Beharrezkoa da harreman ona edukitzea.

Lukene: Denboraz gain, egoera zailetan egoten gara elkarrekin: nekatuta, urduri eta elkarri gehiago eskatzen. Taldean lan egiteko gaitasuna ezinbestekoa da.

Ondiz: Talde batean bat ez badago oso ondo besteek laguntzen diote goruntz egiten.

Emakumeen arraunarekiko dauden aurreiritziak pixkanaka desagertzen doazela uste duzue?

Ondiz: Askotan jendeak uste du ez dugula serio hartzen, baina ez da hala. Egunero borrokatzen dugu, amets bat baitugu, eta hurrengo ostegunean izango da ametsak betetzeko eguna.

Lukene: Orion gizonezkoak izan dira arraunean herria handi egin dutenak. Askotan horregatik mutilekin konparatzen gaituzte eta ez da konparatzeko modukoa. Emakumeen arraunak ez dauka gizonezkoenak duen indarrik oraindik. Hala ere herriaren babesa gero eta gehiago nabaritzen dugu, kaletik jendeak animatu egiten gaitu.

Laguntzeko prest dagoen jendea ere baduzue.

Lukene: Animoekin asko laguntzen da, baina horrez gain jendea dago dituzten baliabide gutxi horiek gurekin konpartitzen. Ezkutuan lan egin duen jende asko dago eta eskertu nahi diegu.

Ondiz: Traineruan ez goaz hamalau pertsona bakarrik, laguntza asko jaso dugu eta ikusten ez den lan asko egin du jendeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!