1936ko gerrari buruzko liburua aurkeztuko da ostegunean

Karkara 2014ko urr. 15a, 16:27

36ko gerrak Orion sortu zituen istorioak azaltzen dituen liburua idatzi du Iturainek eta aurkezpena bihar izango da, 19:00etan, Kultur Etxean

Elkarrizketa ireki bat izango dute bihar Imanol Manterolak eta Iñaki Iturainek. Manterolak 1936ko gerraren ubera Orion – Gerra bat barruan degula liburuaren inguruan galdetuko dio Ituraini eta, horrela, galdera-erantzun jokoarekin aurkeztuko dute liburua.

Bi izenburu horiek eman dizkio egileak bere lanari. Liburuan 36ko gerrak Orion sortu zituen istorioak azaltzen ditu, istorio horien bidez osatutako historia. Gerra hasi aurreko egoera politikoa agertzen du. Ondoren, gerrako istorioak. Hori guztia idazteko artxiboetan, interneten eta liburuetan bilatu du informazioa Iturainek, baina baita gerra bizitako familietan ere. Orioko herritarrek ahoz azaldutako istorioak ere tokia izan dute liburuan.

Adineko herritar asko izan dira Iñakirekin hitz egin dutenak, gerrako kontuak azaldu dizkiotenak. Haiek denak daude gonbidatuta liburuaren aurkezpen-ekitaldira. Eta gerra hura gure artean nola joan zen jakin nahi duten guztiak ere bai. Ekitaldia irekia da.

Aurkezpenarekin batera, liburua eskuragarri izango dute herritarrek, salgai –gero liburu-dendetan baino merkeago–. Hurrengo egunetik aurrera, herriko liburu-dendetan ere bai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!