Unanue dardoen mundialean

Karkara 2014ko urr. 24a, 08:22

Astelehenean Las Vegasen hartuko du lurra hegazkinak. Joseba Unanuek bidaiatuko du bertan, dardoetako munduko txapelketa jokatzera baitoa. Ilusioz gainezka dago, lortutakoagatik pozik baina lorpenen batekin itzultzeko ametsarekin.

Lau pertsonek osatzen dute taldea: Rafa Mellado, Jon Mernio, Pablo de la Fuente eta Joseba Unanue oriotarra. Lauak joango dira, bihar, Las Vegasera munduko txapelketa jokatzera. Pasa den urtean Alacanten irabazi genuen espainiar estatuko txapela, horregatik goaz aurten mundiala jokatzera, azaldu du Unanuek. Lauko taldean lehiatzeaz gain binaka eta bakana ere lehiatuko dira.


Urriaren 31an hasiko da txapelketa eta azaroaren 2ra arte luzatuko da. Oriotarra pozik dago munduko onenen artean lehiatuko delako. Mundialera sailkatzea lorpen handia da dagoeneko, baina beti izaten da gogoa zerbait handia egiteko, aitortu du.

2010ean ere mundialean lehiatzeko aukera izan zuen, Yokohaman, eta hiru zilarreko domina eskuratu zituen. Orduan sasoiko ikusten nintzen, baita orain ere, baina jokatzen ipini arte ez zara konturatzen noraino iritsi zaitezkeen, gaineratu du. Joan zen lehenengo mundialean 33. postua lortu zuen bakarkako modalitatean; bigarren aldiz joan zenean zazpigarren geratu zen bikoteka. Aurtengoan guztia ematera joango da, baina, batez ere, gozatzera.

Egunero ez dugu izaten mundial bat jokatzeko aukera. Azkena duela lau urte izan zen berarentzat eta gogoz dago Las Vegasera iritsi eta jokoan hasteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!