Ikastetxeak curriculuma osatzen

Karkara 2014ko urr. 21a, 10:26

Orioko Curriculumeko txostenak ikastetxeetan dira irakasleen ekarpenak biltzeko eta behin behineko curriculum definitiboa osatzeko

Behin behineko Orioko Curriculuma aurkeztu zuten ekainean. Lehen fasea amaitutzat eman zuten dokumentazio lana adituekin alderatuta osatutako lehen zirriborroarekin. Behin behineko eredu hori guztion artean behin "betiko" bihurtzea da xedea. Erabilera ikastetxeen esku geratuko denez, datozen bi hilabeteetan herriko ikastetxeetako irakasleek ekarpenak egingo dizkiete dokumentuei.

Lehengo ikasturtean egindako lanari jarraiki, osatuta dituzten txostenak ikastetxeetara bidali zituzten lehengo astean irakasleen ekarpenak biltzeko. Taldekideek adierazi dutenez, lehengo ikasturtean, arlo ezberdinetako aditu oriotarrekin aritu ginen elkarlanean Orioko Curriculumak izan beharreko edukiak zedarritzen.

Orain, ikastetxeetako irakasleei heldu zaie dokumentuei ekarpenak egiteko txanda. Irakasleek egin beharreko ariketa praktiko hau oso garrantzitsua da proiektuarentzat, eurak baitira Orioko ikasgeletako errealitatea ezagutu eta curriculumak lur hartuko duen zorua ondoen ezagutzen duten norbanakoak.

Abendu erdialdera bitarteko tartea izango dute irakasleek dokumentuak lantzeko, gero urtarriletik aurrera prozesu parte-hartzailea jarri nahi baita martxan, ekainerako behin behineko curriculum definitiboa osatu ahal izateko behin behineko diogu, curriculum baten izaerak dinamikoa behar lukeela ulertzen baitugu.

Herritarren parte hartzea sustatzen ahalegindu dira orain arte antolatutako ekintza guztiekin, baina aurrerantzean herriak du hitza. Aurreikusten dutenaren arabera, prozesu parte-hartzailea curriculuma osatzen duten arloen inguruko mahainguru edo kafe-tertulia irekien bidez burutuko dute herritarrek txostenei azken ekarpenak egin eta zilegitasuna emateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!