Mintzalagun programan izena emateko aukera irekia dago oraindik

Karkara 2014ko urr. 22a, 09:51

18 talde osatu dira dagoeneko Urola Kostan, eta horietatik 2 Orion

Hizkuntza bat ikasteko eta ez galtzeko modurik onena hitz egitea dela beti esan ohi da. Horregatik, ikasturte berria martxan jartzearekin batera, abiatu da Mintzalagun Programa. Euskaldunberri eta euskaldunzaharrak astean behin elkartzen dira, euskaraz hitz egiteko, hizkuntza praktikatzeko.

65 pertsonak eman dute izena oraingoz, 14 euskaldunzaharrek eta 49 euskaldunberrik, eta 18 talde osatu dira. Zarautzen 11 talde daude, Getarian 2, Orion 2 eta Zumaian 3. Hala ere, pertsona gehiago behar dituzte taldeak osatzeko, batez ere euskaldunzaharrak. Getaria eta Zumaiako talde bana euskaldunzaharrik gabe baitaude.

Azaroaren 6an ikasturtearen hasiera ekitaldia egingo dute mintzalagun guztiak elkartzeko. Mikel Markez kantariaren saio batekin irekiko dute ikasturtea aurtengoan.

Orion bi talde

Bi talde osatu dira Orion mintzalagun praktikak egiteko. Astelehenetan elkartuko da bat, 16:30ean, eta hiru pertsonak parte hartuko dute bertan. Lau lagunekoa da beste taldea, eta asteazkenetan elkartuko dira 17:00etan. Goizetan elkartzeko taldeak ere osatu nahi dituzte, beraz, norbaitek izena eman nahi badu aukera du oraindik.

Mintzalagun programan interesa duenak telefono honetara deitu edo helbide hauetara jo dezake argibideak jasotzeko eta izena emateko:

Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
Telefonoz: 943 130 175
Emailez: urolakosta@aek.org

Orioko Euskara Zerbitzua
Telefonoz: 943 830 346-8
Emailez: euskara@oriokoudala.com

www.mintzalagun.blogspot.com

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!