Xabier Lizaso: "Pianoa izango da hari guztia lotuko duen instrumentua"

Karkara 2014ko urr. 30a, 08:15

Pianoa eta beste kontu batzuk emanaldia eskainiko du Xabier Lizaso piano-jole oriotarrak herrian bertan, Orioko Kultur Etxean, 22:30ean, ostiral honetan.

Pianoa jo eta kontu batzuk kontatuko dituzu...

Duela hogeita bi urte hasi nintzen formatu honekin, Kutxa fundazioarekin eskoletan musika sakontzea helburu zuen proiektu baten harira. Musikaren grina piztu nahi genuen gazteen artean. Hasieran LHko ikasleekin hasi ginen, 6 urtetik 12 urte bitartekoekin. Urte gutxira DBHkoekin ere egiten genituen saio horiek.

Adina aldatzean saioaren dinamika ere aldatu egin behar izan zenuen?

Saio desberdin bat egin behar izan nuen, bai. Urte batzuk igaro ondoren eta institutu ezberdinetan izanda, esperimentatzen joan nintzen eta erakargarria zen zerbait sortu nuen, pianoaren historia kontatzen zuen saioa. Ostiralean egingo dudana hortik dator.

Lortu zenuen ikasleen grina piztea?

Oreka bat lortu behar nuen, interesa sorrarazi behar nien. Lortu nuen ikasle gazteak adi egotea, baina gehien arritu ninduena irakasleen jarrera zen. Oso gustura egoten ziren saioetan. Hori ikusita, Madrilen, helduen eskoletan saioak egin nituen eta helduen artean ere ondo funtzionatzen duela ikusi nuen.

Zein egon zen saio horietan?

Jubilatuta dauden katedradunak, gaztetan ikasketak utzi zituzten langileak... denetarik zegoen.

Ostiralean saio hori errepikatuko duzu Orion?

Sakonagoa izango da ostiralean egingo dudana, baina ildo horretatik doa. Abiapuntua berbera da. Pianoa izango da hari guztia lotuko duen instrumentua, pianoak lotuko du dena. Pianoa sortu zen garaiko pieza batekin hasiko naiz, John Sebastianek konposatutako batekin. Berak pianoaren lehen urteekin lotura zuzena dauka.

Sorrera garai haietan bazeuden teklazko beste instrumentu batzuk. Pianoak horiek guztiak alboratu eta garrantzia hartu zuen. Zergatik? Galdera honi ere erantzungo diot ostiralean.

Beste piano-jole batzuk ere aipatuko dituzu...

Mozart eta Beethoven ere aipatuko ditut.

Narrazio moduko bat da ostiraleko saioa.

Bai, anekdotak kontatzen ditut eta piezak jotzen ditut. Biak uztartzen joango naiz, bien artean erraz jarraitzen den istorio polit bat osatuz.

Batzuetan pianoak berak dituen anekdotak izango dira kontatuko ditudanak eta beste batzuetan konpositoreen bizipenak kontatuko ditut.

Musikariaren testuingurua jakiteak bere musika entzuterakoan eragina dauka?

Jendeari asko gustatzen zaio istorioak entzutea, erne egoten da eta musika entzuterakoan beste era batera entzuten du. Hobeto ulertzen du girotu ezkero.

Mota guztietako piezak joko dituzu?

Hasieran joko ditudanak motzak izango dira, ikasleei jotzen nizkienak baitira. Gazteek ez dute ohitura hiru minutuko piezak baina luzeagoak entzuten. Bukaeran ia ordu erdiko pieza bat joko dut, Beethovenen sonata bat. Polita bezain zaila da.

Ordu erdi luze izan daiteke askorentzat.

Artistaren istorioak, anekdotak eta bizipenak kontatu ondoren eramangarria izango delakoan nago. Lehen aldia da horrelako pieza luza bat jotzen dudala, baina oso abesti polita da. Gainera, kontakizunetan esandakoarekin interesgarriagoa egingo zaie entzuleei, bere izaera islatzen baitu joko dudan obrak. Aurretik kontatutakoarekin pieza ulertuko dute eta arreta mantenduko dute.

Hori guztia Kultur Etxean.

Areto txikia da, baina garai hartan ere horrelako saletan egiten ziren kontzertuak. Nik uste dut pianoak ere giro hori behar duela: toki txikia, jende gutxi... Espazio handitan ere jo dut, baina txikietan polita geratzen delakoan nago.

Zu erosoago sentitzen zara areto txikietan?

Ezberdina da. Dena den, hitz egiten den kasuetarako horrelako aretoan oso politak geratzen dira. Beste intimitate bat ematen du, beste isiltasun bat. Aurpegiak ikusten dituzu, komunikatu egiten zara ikuslearekin, hartu-emana sortzen da... Gainera, jendeak eskertu egiten du pianotik gertu egotea.

Politagoa da, baina baita zailagoa ere. Eszenatoki handi batean errazagoa da, ikuslearekin duzun hartu-emana txikiagoa baita. Hemen dena ikusten eta entzuten duzu, kontzentrazioa galtzea errazagoa da, baina politagoa da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!