Orioko Curriculuma Sortzen elkartekoak Eusko Legebiltzarrean izan dira

Karkara 2014ko aza. 20a, 16:00

Gustura daude proiektuak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izandako harrerarekin

Orioko Curriculuma Sortzen Kultur Elkarteko Ruben Iglesias eta Xabier Gaiton Eusko Lebiltzarrean izan ziren atzo, azaroaren 19an, herrian lantzen ari diren hezkuntza proiektuaren berri ematen. Azaldu dutenez, alderdi guztietako batzordekideen harrera zuzena baino gehiago zen, adeitsua eta arretatsua.

Saioa 2013. urteko udaberrian prestaturiko aurkezpen-bideoa proiektatuz hasi zuten, proiektuaren nondik norakoen berri eman eta testuingurua azaltzeko. Jarraian, modu laburrean azken bi kurtsoetan egindako lanen berri emanez aritu ziren: Orio3ten 2.0 jardunaldiak, Ijitoen akordioaren sinadurak, udalaren babesa, datu-bilketa fasea, herriko eragileen lana, adituekin elkarlana... Hilabeteotan herriko ikastetxeak oinarrizko dokumentuen gainean egiten ari diren lanketa ere aipatu zuten.

Agerraldia amaitzeko, aldarrikapen batzuk egin zituzten:

  • Eusko Jaurlaritzak aintzat hartu eta babestu ditzala Orioko Curriculuma bezalako herri ekimenak, euren garapenean lagundu eta trabarik jarri gabe, Euskal Curriculumaren aplikazioan tokian-tokiko ekarpenak baitira.
  • Hezkuntza Sailak eskuartean duen Heziberri proiektua dela eta, eztabaida prozesua zabal dezala hezkuntza alorreko eragileez gain kultur eragile zein herritarrek proposamenak egin eta berau osatzen laguntzeko; horrela, atxikimendu eta zilegitasun handiagoa izango baitu. LOMCE-ren ordezko gisa planteatze hutsa ez da nahikoa arrazoi besterik gabe ezartzen hasteko.
  • LOMCE legeak eta Orioko Curriculuma proiektuak aurkako norabideak dituzte guztiz. Eusko Jaurlaritzari lege horri guztiz izkin egitea eskatzen diote.

Orioko Curriculumeko kideen agerraldia amaituta, alderdi bakoitzeko batzordekideek iruzkin, ekarpen eta galderak egin zizkieten eta aipatu dutenez,  oso gustura gelditu ginen ordezkari ezberdinen interbentzioekin. Alderdi politikoen ohiko ezberdintasunak tarteko, guztiek jo dute positibotzat Orioko izaera, tradizioa eta nortasuna definitu nahi dituen Curriculuma sortzeko egiten ari garen ariketa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!