"Herriaren izaerari balioa" emanez garatuko dute etorkizuneko Orio

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ots. 21a, 09:22

Sotoak berreskuratuko ditu udalak, ekipamenduetarako. (Aiora Larrañaga)

Datozen hamabost urteetan herrian egingo dituzten esku hartzeak azaldu dituzte, Orioko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aurkezpen ekitaldian.

Kultur Etxeko aretoa leporaino bete zen pasa den ostegunean Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurkezpenean. Izan ere, etorkizunean herrian egingo diren hirigintza esku hartze nagusiak ezagutzeko gogoz ziren herritarrak. Anuska Esnal alkateak eta Ainara Munduate Hirigintza zinegotziak eman zituzten azalpenak, baina bertan izan ziren Hirigintza batzordeko PSE-EEko Ana Priede eta Orain taldeko Jose Angel Iparragirre ere.

Datozen hamabost urteetan herrian egingo diren hirigintza esku hartzeak azaldu zituzten, baina aurretik, udalak eraiki nahi duen herri eredua definitu zuen alkateak: "Herriaren izaerari balioa ematen dion herri bizia nahi dugu, bizi kalitatea eta zerbitzuak eskaintzen dituena. Gazteekin arduratsua dena, zaintza eredu berriak kontuan hartzen dituena eta belaunaldien arteko harremanak errazten dituena. Oinezkoak erdigunean jarrita, auzoen arteko lotura indartzen duena".

Datozen urteetan sortuko diren espazio berriak zertarako erabiliko diren zehazteko dagoen arren, Esnalek argitu zuen parte hartze prozesuak antolatuko dituztela gune bakoitza diseinatzeko orduan. Hala ere, dagoeneko Udalak identifikatu ditu behar batzuk: adinekoen egoitza berria, euskaltegi handiagoa, erabilera anitzeko aretoa, herriko sortzaileentzako espazioak (erakusketak, tailerrak, ikastaroak… antolatzeko), coworking espazioa, gaztelekuaren kokapena aldatzea, frontoi berria…

Hona hemen datozen hamabost urteetan herrian egingo dituzten esku hartzeak.

Kofradia berria

Kofradia berria eraikitzeko proiektua martxan da, eta eraikin berriak kofradiaren bulegoez gain, interpretazio zentroa, turismo bulegoa eta erabilera anitzeko aretoa izango ditu.

Dike eremua

Dike eremuan etxebizitza libreak eta babestuak eraikiko dituzte. Horrez gain, 400 metro koadroko lursaila erreserbatuko dute ekipamenduetarako. Ibaiaren aldean, mila metro koadroko espazio bat eraikiko dute, kristalezko paretaduna, erabilera askotarako, eta etxebizitzen beheko solairuetan lokalak egongo dira, tokiko merkataritza sustatzeko. Ibaiaz gozatzeko espazio berde zabal bat ere sortuko dute.

Sotoak

Sotoetan egitekoak ziren etxebizitzak Gureak fabrika zenaren eremuan egingo dituzte, eta herriak sotoak berreskuratuko ditu ekipamenduetarako erabiltzeko. Udalari garrantzitsua iruditzen zaio sotoak berreskuratzea, "herriaren arrantzale izaeraren adierazle" direlako.

Gureak fabrika

Gureak fabrika dagoen eremuan etxebizitzak egingo dituzte, eta %40 izaera sozialekoak izango dira. Udalak eraikin horretan lokal batzuen jabetza izango du, eta horiek Mutiozabal ontziolaren jarduera osatzeko erabiliko dituzte.

Arozena fabrika

Dike eremuarekin lotura izango du. Gaztetxeari lotuta dagoen zatia eraberritu egingo dute, eta beheko solairua udal ekipamenduetarako erabiliko dute. Beste aldean, berriz, etxebizitzak egingo dituzte, eta horietatik %12 izaera sozialekoak izango direla iragarri du udalak.

Erribera kalea

Erribera kalea luzatu egingo da eta Bikamiotako biribilgunearekin lotuko dute. Modu horretan, herritik ateratzeko irteera berri bat sortu nahi dute, eta udalak uste du horrek arnasa emango diola herriari, erdiguneko zirkulazioa "arinduko" duelako. Gainera, kalea luzatzearekin batera, 3.000 metro koadroko lursaila lortuko da ekipamenduetarako.

Abaromendi

Zaragueta eskolako sarreran eta frontoian egin diren lanei esker, jolas eremu berria zabalduko dute. Horrez gain, ekipamendu berriak sortzeko lursail libreak daudela jakinarazi du udalak.

Hilerria

Udalak hilerri inguruko lursaila erosiko du, aparkalekuak egiteko. Horrek, gainera, zeremonia zibilak egiteko aretoa eraikitzeko aukera emango du.  

Mugikortasuna

Herriko Plaza oinezkoentzat egokitzeko proiektua bukatzeko, pasarela bat jarriko dute Bizkarraneko etxearen parean, moilako paseoarekin lotzeko. Lanak datozen hilabeteetan egingo dituztela aurreikusi dute.
Herriko bidegorri sarea osatzea da udalaren erronka. Agintaldi honetan Bikamiotako biribilgunetik autobide azpirainoko zatia egin dute, eta hurrengo erronka N-634 errepideko zubian oinezkoak eta bizikletak pasatzeko pasarela bat egitea dela azaldu dute.

Parke estalia

Hainbat aukera aztertu ondoren, parke estalia Munton egitea erabaki dute, alokairuko etxebizitza babestuen eremuan.

Saihesbidearen eskaera

Orioko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra aurkeztu ondoren, herritarrek beren zalantzak plazaratzeko aukera izan zuten, eta saihesbidearen proiektuaz galdetu zuten. Alkateak azaldu zuenez, saihesbidea jasota dago plan orokorrean. «Baina behin baino gehiagotan eskaera egitera joan garenean, erantzuten digute ez dela beren lehentasun mapan sartzen, eta esaten duguna baino auto kopuru txikiagoa pasatzen dela Aita Lertxundi kaletik», esan zuen. Horregatik, udalak erabaki du kale horretan kontadoreak jartzea, zenbat ibilgailu pasatzen diren eta kutsadura akustikoa zenbatekoa den jakiteko. Datuak dituztenean, berriz ere gaia aztertuko dute.

Aparkaleku eskasia zegoela ere aipatu zuen herritar batek. Alkateak azaldu zuenez, gaur gaurkoz lau mila kotxe inguru daude herrian, eta "oso zaila" da Udalarentzat horri erantzuna ematea. "Azken urteetan hainbat egokitzapen egin dira herrian aparkaleku-sistemari lotuta: motoentzako eta ibilgailu luzeentzako aparkalekuak egokitu dira, bertakoentzako eta autokarabanentzako eremuak sortu, eta TAO sistema berria martxan jarri da. Datozen urteetan, bestalde, aukera izango da Dike eremuan aparkaleku publikoak egiteko eta horrek arnasa emango dio herriari", azaldu zuen alkateak.

Beste, herritar batek, berriz, ekitaldiak antolatzeko areto handiago baten beharra zegoela adierazi zuen galderen txandan. Anuska Esnalek erantzun zuen kofradia berrian areto handi bat eraikitzea zela asmoa, jakin badakitelako kultur etxeko aretoa txikia geratzen dela zenbait ekitaldietarako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!