Moilan oinezkoentzako pasarela bat egitea aurreikusten da uztailerako

Erredakzioa 2023ko ots. 28a, 09:30

Bizkarreneko etxearen parean sortuko dute pasarela. Dagoeneko martxan jarri du Orioko Udalak lizitazioa, lanak adjudikatzeko helburuarekin. Asmoa da, adjudikazioa Aste Santu aurretik egitea, eta obrak uztailaren hasierarako amaitzea espero da. 120.000 euroko kostua izango du proiektuak. 

Moilan oinezkoentzako pasarela bat egingo du Udalak. Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak joan den astean jakinarazi zion Orioko Udalari lan hori egiteko behar zuen kontzesioa ematen diola. Hala, martxan jarri du udalak lizitazioa, lanak adjudikatzeko helburuarekin. Asmoa da, adjudikazioa Aste Santu aurretik egitea, gero lanak berehala abiatu ahal izateko. Aurreikuspenen arabera, lanek, bi edo hori hilabete iraungo dute; beraz, uztailaren hasierarako bukatuta egotea espero da. Pasarelaren proiektuaren kostua 120.000 euro ingurukoa izango da.

2019tik lanean

Udalak Herriko Plaza oinezkoen eremu bihurtzeko lanak egin zituen 2019an eta, hasiera batean, moila zabaltzeko proposamena egin zuen Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, behin plazako lanak bukatutakoan. Moila zabaltzeko proiektua egina zuen zuzendaritzak, baina, azkenean, atzera egin zuen, obrak arriskua sortzen zuelako Bizkarreneko etxearen egoera dela eta. Behin hasierako planteamendu hura baztertuta, Udalak eskatu zion Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari moilako zati hori prestatzea pasarela bat egiteko. Pasarela hori moilari itsatsita joango litzateke, hegalkin moduan, eta, horren bidez, oinezkoen ibilbide segurua bermatuko litzateke. Zuzendaritzak ontzat eman zuen Udalaren proposamena eta moila indartzeko lanak egin zituen 2022ko urritik abendura bitartean, ingurua prest uzteko pasarelarako. Horrez gain, Udalak, moila inguruan edozein esku-hartze egiteko, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak emandako kontzesioa behar du, eta, aspaldian eskatu bazuen ere, joan den astean jaso du.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!