EAJk Oribarzarko hondartza berrantolatzeko proiekturako proposamena helarazi dio Espainiako Gobernuari

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 3a, 15:20

Oribarzar hondartza. (Orioko EH Bildu, PSE-EE eta Orain)

EAJk uste du Oribarzarko hondartza berrantolatzeko aukerarik egokiena dela, "egungo Txurruka aterpetxea inguratuz kaira sartzeko bide berri bat definitzen duena".

Gipuzkako EAJk ohar bidez jakinarazi du izapideak abiatu dituela Trantsizio Ekologikoko Ministerioarekin Oribarzarko hondartza berreskuratzeko proiektuan aurrera egiteko. "Horretarako, Estatuko Aurrekontu Orokorrek diru-partidak esleitzen dituzte, eta EAJk 8 milioi lortu ditu. Zehazki, Orioko talde jeltzalearekin batera egindako lanketari esker, Espainiako Gobernuari jakinarazi zaio naturgune hori berreskuratzeko aukerarik onena zein den".

EAJk gogorarazi du "7,9 milioi euro lortu zituela Kongresuan Oriorentzat". Hala, Oribarzarko hondartza zaharberritzeko dagokion partidaz gain, "Orioko aterpetxea eraisteko eta ingurua saneatzeko eta lehengoratzeko milioi bat euro" ematea erabaki zela argitu dute, eta 5 milioi euro Gipuzkoako Foru Aldundiak lurrak erosi eta aterpetxe berria eraiki dezan. "Azken batean, ia 8 milioi euro oriotarrek luzaroan eskatu duten proiektu baten hiru esku-hartze finantzatzeko. Proiektu hori Orioko EAJ antolakuntzak eta Euskal Taldeak Kongresuan elkarrekin egindako lanari esker lortu ahal izan da", nabarmendu du Gipuzkoako EAJk.

Aurrekontu-partida horiek esleituta, eta proiektuen definizioan aurrera egiteko asmoz, EAJk Trantsizio Ekologikoko Ministerioari jakinarazi dionez, "Oribarzarko hondartza berrantolatzeko aukerarik egokiena Oribarzarko hondartza zaharberritzeko proiekturako Ministerioaren dokumentazio ofizialean 1. Lurreko alternatiba da egokiena, hau da, egungo Txurruka aterpetxea inguratuz kaira sartzeko bide berri bat definitzen duena’". EAJk azaldu du Eusko Jaurlaritzak ere babesten duela aukera hori, aurkeztutako alegazioetan.

Hala, EAJk adierazi du konpromisoa hartzen duela "Espainiako Gobernuarekin hasitako elkarrizketa zuzena mantentzeko, proiektua oso gertutik jarraitzeko, eta herritarrei hori lortzeko ematen diren urratsen berri emateko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!