Oribarzarko hondartza berreskuratzeko proiektuari hiru alegazio aurkeztuko dizkio Orioko Udalak

Andrea Zipitria 2023ko api. 20a, 09:35

Besteak beste, Udalak egingo dituen eskaerak izango dira: proiektuan aurreikusitako bi dikeak ez eraikitzea, autopista azpian oinezkoen pasabidea egiteko aukera aztertzea eta kofradia berrira Oriotik joateko errepidea berreskuratuko den hondartzaren atzetik pasatzea. Baita ere, Euskadiko Angulero Elkartearen eta Oribarzar inguruko bizilagunen eskaerak gehitu ditu Udalak Kosta Zuzendaritzari bidali dion alegazio-idatzian. 

Orioko Udalak bilera informatiboa deitu zuen apirilaren 3an, Kosta Zuzendaritzak Oribarzarko hondartza berreskuratzeko aurkeztutako proiektua herritarrei azaltzeko eta iritziak jasotzeko. Orain, bilera horretan adostutako hiru eskaerak helarazi dizkio Kosta Zuzendaritzari.

Hain zuzen ere hauek izango dira Kosta Zuzendaritzari aurkeztuko dizkion alegazioak:

  • Kofradia berrira Oriotik joateko errepidea berreskuratuko den hondartzaren atzetik pasatzea, Zarauztik barrena ez ibili behar izateko.
  • Bi dikeak ez eraikitzea. Orion dauden aurrekariak kontuan hartuta, bi dike berri eraikitzeak kezka sortzen du herrian eta udalean. Bi dike horiek ibaiaren nabigagarritasunean izan ditzaketen eraginak aztertu behar dira udalaren eta herritarren ustez eta gainera, hondartza berreskuratzeko lana ahalik eta modurik naturalean egiten dela ziurtatzea beharrezkoa dela iritzi diote.
  • Hondartzako gunean aparkalekurik egongo ez denez, aukera aztertzea autopista azpian oinezkoen pasabidea egiteko, Udalak landuta daukan proiektuaren arabera.

Udalak egindako hiru alegazioez gain, Euskadiko Angulero Elkartearen eta Oribarzar inguruko bizilagunen eskaerak ere gehitu ditu Udalak Kosta Zuzendaritzari bidali dion alegazio-idatzian.

 

Proiektua

Oribarzarko hondartza berreskuratzeko, Acadar ingeniaritza-enpresa arduratu da proiektua idazteaz. Hondartzaren azterketa egin du lehenik, eta azaltzen du bere garaian aterpetxearen atzeko alderaino iristen zela hondartza eta han duna naturalak ere bazirela. Txurruka aterpetxea eta haren aurreko errepide-zatia ez daukate kontzesiorik gaur egun eta haiek eraistea proposatzen du proiektuak, inguru guztia hondartza bihurtzeko.

Bestalde, proiektuan jasotzen dira baita ere autobide azpia pasatuta, biribilgune bat egitea, buelta emateko, eta aparkatzeko gunerik ez izatea hondartzan. Ondorioz, kofradia berrira joateko, Zarauzko kanpinetik datorren errepidea erabili beharko litzateke. Beheko aldean, Zarauztik datorren bideari segida emanez, norabide bakarreko errepide-zati bat eraikiko litzateke.

Horrez gain, bi dike eraikiko lirateke ibaian. Bata iparraldean, 18 metro luze eta 4 zabal, eta bestea hegoaldean, 60 metro luze eta 4 zabal. Dike horien bidez bermatu nahi dute hondartzak ez duela hondarrik galduko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!