San Pedro jaiak

LGTBIQ+ kolektiboak botako du aurten sanpedrotako txupinazoa

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 23a, 15:09

'Kontuz, armairutik kanpo gabiltza' izango da aurtengo San Pedro festen leloa. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Kontuz, armairutik kanpo gabiltza izango da aurtengo festen leloa, eta Orioko Udalak txosnan banatuko dituen edalontzi berrerabilgarrietan ere agertuko da, "aurtengo festen izaera bistaratzeko".

Gaur goizean aurkeztu dute San Pedro jaietako egitaraua. Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak, Ahalduntze Eskolako arduradun Miriam Garciak, eta Orio Harro taldeko kide Jon Alkainek parte hartu dute agerraldian, eta festen nondik norakoak azaldu dituzte. Lehenik eta behin, Ibargurenek adierazi du "adin, nahi eta gustu guztientzako" egitaraua antolatu dutela, "aisialdi, kirol, musika, dantza eta gozamenerako jarduerekin". Nabarmendu du festek garaian garaiko beharretara egokitzeko gaitasuna dutela, eta "gizarteak dituen aldarri nagusiak" plazaratzeko modu bat ere badirela. "Horregatik, aurten txupinazo koloretsua egingo dugu, eta herriko LGTBIQ+ kolektiboak orain arte ezkutuan egindako aldarrikapenak bistaratzeko baliatuko dugu". Izan ere, ekainaren 28a Harrotasunaren Eguna da eta bat egingo du San Pedro festen txupinazoarekin. Orioko Harro taldeko kide Jon Alkainek adierazi duenez, "herriko LGTBIQ+ taldeak Orio Harro ekimena antolatu zuen iaz aurrenekoz, eta arrakastatsua izan zen. Hala ere, aurten herri guztira zabaldu nahi genuen aldarria eta Ahalduntze Eskolarekin bildu ginen, ekimenari indarra ematen laguntzeko". Hala, LGTBIQ+ kolektiboak herrian gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa egitea du helburu, eta nahi dute herritarrak eta eragileak egunerokoan bizi dituzten "lgtbiqfobia egoeren aurrean kontziente" izatea. "Denon artean egin behar diegu aurre, kolektiboa herrian irudikatua sentitu dadin». Kontuz, armairutik kanpo gabiltza izango da aurtengo leloa eta Orioko Udalak txosnan banatuko dituen edalontzi berrerabilgarrietan ere agertuko da, eta "aurtengo festen izaera bistaratzeko".

Anuska Esnalek, bere aldetik, festek irudikatuko duten herri ereduan jarri du fokua: «Oso harro gaude herritarrez. Azken aldian LGTBIQ+ kolektiboaren kartelak eta ostadarraren bandera kendu dituzte, eta herri bezala ozen esan nahi dugu horrelako jarreren aurka gaudela eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldarriarekin bat egingo dugu". Esnalek azaldu du 2019ko sanpedroetan keinu bat egin zitzaiola LGTBIQ+ kolektiboari eta, geroztik, Udalak aurrera egin duela herritarrak ahalduntzeko bidean. "Aurtengo festak horren erakusle izango dira".

Bestalde, Xabier Ibargurenek uztailaren 1ean egingo den Arrantzale Eguna ere nabarmendu du. "Herritar ugarik parte hartuko dute festan modu batera edo bestera, eta giro polita sortzen ari da horren inguruan. Hala, herritarrak balkoiak eta erakusleihoak girotzera animatu dituzte antolatzaileek, herrian arrantzale giroan bete-betean murgildu dadin".

SAN PEDRO JAIETAKO EGITARAUA

Ekainak 27, asteartea

  • Arratsaldez, 3X3 Futbol Txiki Txapelketa. Zaragueta Herri Eskolak antolatua, Mendibeltz futbol-zelaian.

Ekainak 28, asteazkena: San Pedro bezpera

  • 10:30-13:00. Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuak antolatua.
  • 18:30. Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 18:30. Burrunba elektrotxaranga, Herriko Plazatik hasita.
  • 20:00. Txupinazo koloretsua, LGTBIQ+ kolektiboaren eta Salatxo abesbatzaren eskutik,  Herriko Plazan.
  • 20:15. Txosnaren irekiera, DJ Aiakaterekin. Herriko Plazan.
  • 22:30. Euskoprincess eta DJ A-Rootsen kontzertuak, Herriko Plazan.

Ekainak 29, osteguna, San Pedro Eguna

  • 06:00. Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 11:00. Apar-festa, ikastolako DBHko eraikinaren jolas-eremuan.
  • 12:00. Herriko txarangaren irteera.
  • 12:00. Meza nagusia, Salatxo abesbatzarekin, elizan.
  • 12:45. Trikitixa Txapelketa, Herriko Plazan.
  • 17:00. Pilota partidak, Ospele kirol-klubak antolatua, pilotalekuan.
  • 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 19:00. Sokadantza txistulariekin, Herriko Plazan.
  • Jarraian, Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
  • 20:30-22:00. Txurrudiskoteka, 11-16 urte arteko gaztetxoentzat. Txurrumuskik antolatua, Gaztetxean.
  • 22:30-00:00. Iratzar erromeria-taldearen lehen saioa, Herriko Plazan.
  • 00:30-02:00. Iratzar erromeria-taldearen bigarren saioa, Herriko Plazan.

Ekainak 30, ostirala, San Pedro Bigarrena

  • 10:00–13:00. Umeentzako jolasak, ikastolako DBHko eraikinaren jolas-eremuan.
  •  12:00. Pintxo hotzen lehiaketa, Herri Ikastolak antolatua, Herriko Plazan.
  • 13:00. Alebin kategoriako estropadak, Orio Arraun Elkarteak antolatua.
  • 14:00. 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Antilla hotelean.
  • 16:30. Gaztetxoen Dardo Txapelketa, 14 urtetik beherakoentzat, Bikamiotan.
  • 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 18:30. Sanpedrotako 12. Binakako Gomazko Pala-Txapelketaren finala, Ospele kirol klubak antolatua, pilotalekuan.
  • 19:00. Helduen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
  • 19:30. Joselontxos txaranga, herrian barrena.
  • 22:30-02:00. Niña Coyote eta Chico Tornadoren eta Bad Sounden kontzertuak, Herriko Plazan.

Uztailak 1, larunbata, Arrantzale Eguna

  • 11:00. Dantzari,kantari eta erraldoien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 12:00. Sardina-jana kalean, elkarte gastronomikoek prestatuta.
  • 13:00. Ikuskizuna: Arrantzale eta saregileei ongietorria, sardinerak, batelerak, Salatxo abesbatza, kaxarranka…
  • 14:30. Arrantzale festako bazkaria, Mutiko Alaiak musikariekin. Herriko Plazan.
  • 18:00. Erromeria: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar, Herriko Plazan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!